Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, aske da Asier Borrero euskal presoa, hamasei urteko espetxe zigorra beteta. Espainiako Gobernuak euskal herriratutako azken presoetako bat izan zen Borrero. 2023an hirugarren gradua jaso zuen, eta azken urtea etxean preso egin du.
Borrero 2009ko uztailean atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Gerora, Poissyko espetxean egon zen (950 kilometrora, Frantzia), 2018ko apiriletik aurrera Mont-de-Marsanen (215 kilometrora, Okzitania). 2019ko otsailean, berriz, Espainiaratu eta Soto del Realen espetxeratu zuten, behin-behinean (370 kilometrora, Espainia). Bi hilabete geroago, Dueñasera lekualdatu zuten (255 kilometrora, Espainia), eta 2021ean, Duesora. Urte hartako abenduan, sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Borrerorena izan zen Espainiako Espetxe Erakundeek iragarritako azken euskal herriratzeetako bat. 2023ko otsailean iragarri zuten berria, eta presoa apirilean lekualdatu zuten Basaurira. Hain zuzen, urte hartako uztailean eman zioten hirugarren gradua, eta urte erdi geroago zigorra etxean betetzearen alde egin zuen espetxeko tratamendu batzordeak: kontrol telematikoa ezarri zioten.