Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiak dioenez, ez dio herrarik Santiago Cerverari. Haren ustez, PPko diputatu ohiak arlo politikoan egiten zituen Nafarroako Kutxaren aurkako kritikak. Asiainek onartu zuen «harrituta» geratu zela Cervera atxilotu zutenean, eta atzo argi utzi nahi izan zuen ez zuela haren aurka ezer pertsonalik. Aitzitik, bestelako jarrera erakutsi zuen, ez baitzuen dudarik agertu Cerveraren hipotesiaz: «Gezurrezko tranparen tesia konplot sinestezin bat da», erantzun zuen, «Cervera errudun delako zantzu garrantzitsuak daude».
Cervera auziko epaiketaren bigarren egunean, Asiain izan zen protagonista. Oporretan zela, 2012ko abenduaren 5ean irakurri zuen xantaiaren mezua, eta berehala jarri zuen salaketa. Mezuaren edukiak eta idazkerak harritu zuen. Asiainek deklaratu du eleberri beltzak gogoko dituela, eta atzean «profesional bat» zegoela sumatu zuela, besteak beste, 500 eurokoei izendapen handiko billete deitzen zielako. Haren esanetan, mehatxuak «ondoeza» eragin zion: «Zorigaitzekoa da esatea CANeko presidente moduan etxe kaleratzeekin dirua barra-barra irabazten nuela». Haren esanetan, kalte egin zion horrek, «gezurra izan arren» errugabe zela defenditzera behartu zuelako.
Asiainen esanetan, 2004an Nafarroako Kutxako kontseilari izendatu zutenetik CANentzat zerbitzu juridikoak eskaintzeari utzi zion, estatutuek debekatzen zutelako. Haatik, bai onartu zuen eskari zorroa Diego Asiain Valdelomar semeak hartu zuela, baina ez du uste hori interes gatazka denik. «Interes gatazka da norberaren edo ingurukoen onurarako erabakiak hartzea, baina kanpoko zerbitzuak kontratatzeko erabakia ez zuen administrazio kontseiluak hartzen, zuzendaritzak baizik». Zerbitzuok bere abokatu bulegoaren izenean egon arren, zerbitzuak abokatuek fakturatzen dituztela zehaztu zuen, kasu horretan bere semeak.
Nafarroako Kutxarentzat «hamar edo hamabi abokatuk» lan egiten zuela baieztatu zuen Asiainek. Horietako bat zen semea. Diego Asiain Valdelomarrek bere deklarazioan baieztatu zuen CANentzat urtero «ehunka prozedura exekutibo» egin zituela. Ez zuen jakin kopururik zehazten, urtero prozedura kopuru desberdina zela iritzita, baina «berrehun inguru» aipatu zuen une batean.
Arsenio Fernandez Mesa Guardia Zibilaren zuzendariak bideokonferentziaz deklaratu zuen. Cerverari tranpa Guardia Zibilak jarri zion galdetzean, «inondik ere ez» esan zuen irmo. Esan zuenez, atxiloketaren berri izatean «ezuste galanta» hartu zuten hark eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Fernandez Mesak «shock egoeran eta nahastuta» nabaritu zuen Cervera egun hartan. PPko diputatuak esan zion «alderdi sozialistak jarritako tranpa batean erori» zela, eta hark aholkatu zion «bazterrak ez nahasteko». Gaineratu zion une hartan auziak «itxura txarra» zuela Cerverarentzat. Tranparen tesiaz galdetu zioten: «Ez dut arrazoirik inoren inguruan zalantza egiteko».
Juan Carlos Vera PPko egungo koordinazio buruak dimisioa emateko aholkatu zion, 2012ko abenduaren 10ean, komunikabideek atxiloketaren berri eman zutenean: «Zuregatik, familiagatik eta alderdiarengatik».
Monica Ridruejo emazte ohiaren deklarazioa hotza izan zen. Auziko bi aldeetako batekin ahaidetasunik bazuen galdetuta, «bat ere ez» erantzun zuen. Haren esanetan, atxilotu eta biharamunean izan zuen horren berri. Goiz hartan, gosarian sukaldean ea guardia zibilek atxilotu zuten galdetu zion senarrari, eta baieztatu egin zion. Labur hitz egin ostean, Kongresura joan zen Cervera, eta handik «eguerdian» deitu zion Ridruejori, dimisioa emango zuela esateko. Cerveraren egoera ekonomikoaz ere galdetu zioten: «Ezkontzean ondasunak banatu genituen, eta ez nuen xehetasunen berririk. Ez nuen bilatu».
Bitxikerien atalerako geratu zen Ignacio Sanchez Taboada Espainiako Atzerri Ministroko funtzionarioaren deklarazioa. Akusazioak deitu zuen ustez Cerverak CANi buruzko mezu bat igorri ziolako, baina Sanchez Taboadak ez zuen ezagutzen Cervera. Bideokonferentziaz Cerveraren aurpegia ikusteko eskatu zuen: «Ez dut jaun hori ezagutzen». Mezuari buruz ez zuen ezer gogoan, 2012ko abenduan egunero «40 bat mezu» jasotzen zituelako eta Bolivian zegoelako kontsul gisa.
Gaur CANeko zuzendari ohi Enrique Goñik eta PPko Eloy Villanuevak hitz egingo dute. Defentsak Villanuevaren deklarazioa atzera bota nahi izan du, baina akusazioak ez zuen onartu.
Asiain: «Cerveraren gezurrezko tranparen tesia konplot sinestezin bat da»
Bere semeak CANentzat zerbitzua eskaintzen zuela baieztatu du, baina interes gatazka zela ukatu du «zuzendaritzak erabakitzen zuelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu