Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren kontrako auzian, ikerketa luzatzea erabaki du Donostiako bosgarren instrukzio epaitegiak. Urriaren 3an zen amaitzekoa ikerketarako aldia; urtebeteko epea beteko zuen egun horretan, baina Guardia Zibilak —polizia judizial lanetan ari da— ez du atestatua amaitu oraindik. Horrenbestez, ikerketarako tartea beste sei hilabetez luzatu du Silvia Villanueva epaileak. Datorren urteko apirilaren 4rako amaitu beharko luke instrukzioa.
Guardia Zibilaren Ingurumen Babeserako Zerbitzua ikertzen ari da bi gertaeren atzean zer erantzukizun penal egon daitezkeen. Batetik, Zubietako erraustegia hartzen duen Gipuzkoako Ingurumen Gunetik 5.500 tona inguru lixibiatu Artaxoako konpostatze gunera (Nafarroa) modu irregularrean bidaltzeagatik egon daitezkeenak; bestetik, lixibiatu horiek kode oker batekin izendatu eta hondakinen benetako izaera ezkutatzeagatik egon daitezkeenak. Fiskaltzak uste du arduradunak ingurumen delituen erantzule direla. GuraSOS plataformak eman zion gertaera horien berri fiskaltzari, eta hark salaketa jarri zuen iazko abuztuan.
Asensio diputatua da auzian ikertuetako bat da, Nagore Peñalva Bengoa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendari teknikoarekin eta erakunde bereko beste bi arduradunekin batera. Instrukzio fasea amaitutakoan, epaileak argitu beharko du erantzukizunik egozten dien ala ez.
Iazko urritik ikertzen
Oraingoz, ordea, atzeratuta doa ikerketa. Instrukzio faseak urtebeteko epea du berez, nahiz eta luzapenak egin daitezkeen epaileak horren beharra justifikatzen badu. Kasu honetan, Guardia Zibilak iazko urrian hasi zuen ikerketaren zain dago oraindik epailea, eta aurreratu du txosten hori jaso ostean emango dituela hurrengo pausoak. Beraz, ordura arte, ez ditu deklaratzera deituko ikertuak.
GuraSOSek Nafarroako Ingurumen zuzendari Ana Brataña ere deklaratzera deitzeko eskatu dio epaileari, Nafarroako Gobernuaren jarrera azaldu dezan. Nafarroako Gobernuak itxi egin du Artaxoako konpostatze gunea, Zubietatik eta beste toki batzuetatik bidalitako lixibiatuak modu irregularrean hartzeagatik, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zigor espediente bat ireki diezaiola Gipuzkoako Ingurumen Gunea kudeatzen duen konpainiari, Ekondakin enpresari. Jaurlaritzak, ordea, uko egin dio halako neurririk hartzeari, Ekondakinek arau hausterik ez duela egin argudiatuta.