Asensioren hitzak txarretsi ditu Nafarroako Gobernuak: «Gipuzkoatik igorritako hondakinak ezin ziren Artaxoan tratatu»

Aierdi kontseilariak argitu du berak ez duela esan Zubietako lixibiatuak «ekotoxikoak» zirenik. Salatu du Artaxoako enpresan «lohiak soilik» jasotzen ahal zirela, baina likidoak jaso zituztela: «Kontratuak dioena eta benetan jaso zena ez datoz bat».

Jose Mari Aierdi
Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 25a
13:21
Entzun

Nafarroako Gobernuaren haserrea eragin dute Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren hitzek. Zubietako erraustegitik Artaxoako ongarri planta batera igorritako hondakinen auzian, Asensiok agerraldia egin zuen atzo, eta gezurra esatea egotzi zion Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiri: «Erabateko faltsukeriatzat» jo zuen Zubietatik lixibiatu «ekotoxikorik» bidali izana, eta zalantzan jarri zuen Nafarroako Gobernuak Artaxoako plantan eginiko ikuskaritza. Asensiori erantzuna eman dio gaur Aierdik. Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren hitzak «txarretsi» ditu, eta argitu du berak inoiz ez duela esan hondakin horiek toxikoak zirenik: «Gipuzkoatik jasotako hondakinak ez ditugu ekotoxiko gisara kalifikatu; besterik gabe, esan duguna da Artaxoako plantak ingurumen baimena duela soil-soilik konposta tratatzeko, eta ez beste ezer». Hortxe dago auziaren gakoetako bat: Artaxoan jasotako hondakinen benetako izaera zehaztea.

Zubietako hondakinak LER 190812 kodearekin iritsi ziren Nafarroara. Horiek, kodifikazio taularen arabera, «hondakin uren tratamendu biologikotik eratorritako lohiak» dira. Solidoak, alegia. Horiek tratatzeko baimena du Artaxoako planta kudeatzen duen enpresak, Ecofert Sansoainek. Nafarroako Gobernuak salatu du, baina, Artaxoara iritsitakoak ez direla lohiak, lixibiatuak baizik: «Gipuzkoatik iristen ziren hondakinak likidoak ziren, eta Artaxoako plantan ezin da halakorik jaso», esan du Aierdik. Are: Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresak eta Artaxoako plantak 2022ko abuztuan sinatutako kontratuan «lohiak» aipatzen ziren soilik: «Kontratuak dioena eta Artaxoan jasotako hondakinak ez datoz bat», esan du Aierdik.

Hain zuzen, iazko urrian, GuraSOS elkarteak jakinarazi zuen Asensio diputatua eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko beste arduradun batzuk ikerketapean direla Donostiako epaitegi batean, fiskaltzak eginiko salaketa baten ostean. Fiskaltzaren arabera, «Zubietako balorizazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak» sortu ziren 2022an, eta, hori «ezkutatzeko», hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen.

Toxikotasunik ez analisietan

Artaxoako lixibiatuen analisietan, oraingoz, ez dute toxikotasun zantzurik atzeman. Gaurko agerraldian, Aierdi kontseilariak nabarmendu du «enpresen ingurumen baimenak kontrolatzeaz» arduratzen dela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, eta hori egin dutela orain arte: «Lixibiatuen analisia egin dugu salmonella, E. coli bakterioa eta metal astunak atzemateko, eta negatiboak izan dira; horrek lasaitasuna eman digu». Hala ere, toxikotasunaren eztabaidaz harago, Aierdik esan du Nafarroako Gobernuari dagokiola zaintzea «zer hondakin motarekin egiten den konposta» herrialdean, eta inondik inora ezin direla likidoak erabili: «Artaxoako plantan ezinen litzateke jaso ezta Insaluseko ur edangarria ere; hortaz, enpresak ez luke jaso behar Zubietatik igorritako ezein hondakin likido».

Hori dela eta, planta behin-behinean ixteko agindua eman du Txibiteren gobernuak, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio. Aierdi kontseilariak aurreko agerraldi batean azaldu zuenez, 2023. urte hasieran enpresa ikuskatu zuten, dei anonimo bat jaso ostean. Orduan, ikusi zuten hondakinen putzuak gainezka egin zuela eta likidoa inguruko antapara batera isurtzen ari zela. Orduko hartan, 20.001 euroko isuna jarri zioten enpresari. Gerora, gobernuak atzeman zuen baimendu gabeko lixibiatuak garraiatu zituztela, eta hondakinen tratamenduan gabeziak zituztela. Azken arazo horregatik, 40.000 euroko isuna ezarri zieten, eta jarduera geratzeko agindu. Halere, Aierdiren esanetan, enpresak Zubietako lixibiatuak jasotzen jarraitu zuen: «Gure departamentuko teknikariak harremanetan izan dira bai Eusko Jaurlaritzako ingurumen alorreko arduradunekin, bai Zubietako plantakoekin, eta abenduaren 18an, gisa honetako hondakinak igortzeari utzi zion Gipuzkoak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.