Asensiok sinesgarritasuna ukatu die Toxicowatchek Zubietako errauste plantari buruz egindako ohartarazpenei

Gipuzkoako diputatuaren iritziz, ez du zentzurik Toxicowatchen eta Biogipuzkoaren azterketak alderatzeak. «Bata zientzia institutu serio bat da, eta bestea, auskalo», adierazi du.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatua, artxiboko irudi batean.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatua, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 11
13:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Zubietako errauste plantak (Gipuzkoa) ingurumenean eta osasunean eragin ditzakeen kalteak neurtze aldera, azpiegituraren inguruko eremuan zenbait elementu kutsatzaileren neurketak egin ditu Toxicowatch gobernuz kanpoko erakundeak azken urteetan. 2019an hasi zen lan horretan, errauste planta martxan jarri aurretik. Azken txostenak «datu kezkagarriak» jasotzen ditu, erakundeko ikerketa buru Abel Arkenboutek aste honetan BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean azaldu duenez. Bada, datu horiei sinesgarritasuna ukatu die gaur Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak. Haren esanetan, Toxicowatchen emaitzak ezin dira alderatu Biogipuzkoa osasun ikerketa zentroak jasotakoekin. «Bata zientzia institutu serio bat da, eta bestea, auskalo. Ez du inolako zentzurik konparatzeak».

Toxicoawatchek bezala, Biogipuzkoak ere neurketak egin ditu azken urteetan, erraustegiak osasunean zer eragin izan ditzakeen aztertzeko. Iaz, 2020 eta 2024 arteko azterketa epidemiologikoaren emaitzak aurkeztu zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta ondorioztatu zuen ez zela «epe laburreko eraginik» atzeman Zubietako errauste plantatik hurbilen bizi diren herritarren artean.

Bi aste beranduago aurkeztu zituen Toxicowatchek bere ondorioak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan bertan. Bost urteko azterketatik ondorioztatu zuen zenbait substantzia kutsatzaile nabarmen ugaritu direla. Esaterako, ohartarazi zuten arrautza laginetan dioxina eta PCB bifenilo polikloratu kantitateen «igoera oso nabarmenak» izan zirela.

Hilabete honetan, Zubietako errauskailuari buruzko azken txostena argitaratu du Toxicowatchek, eta dioxinen eta PCBen hazkunde joera berretsi du. Arkenbouten esanetan, «emaitzak alarma abisu bat dira». Ikertzaileak elkarlanerako mahai bat sortzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erraustegiaren funtzionamendua hobetzeko eta kutsatzaileen emisioak gutxitzeko.

Elkarlanerako keinurik ez

Aldundiak ez du azaldu Toxicowatchekin elkarlanean hasteko borondaterik. Alderantziz, zalantzan jarri du elkarteak aurkeztu dituen emaitzen sinesgarritasuna. Asensiok agerraldia egin du gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030eko Plan Orokorraren jarraipen txostena aurkezteko. Agerraldian, Toxicowatchen azken azterketaren ondorioei buruzko iritzia eskatu dio EH Bilduko batzarkide Jon Altolagirrek. Asensiok erantzun dio ezin direla alderatu gobernuz kanpoko erakundearen eta Biogipuzkoaren lanak. «Ez konparatu Biogipuzkoa Toxicowatchekin, mesedez. Ez du zerikusirik. Errespetu guztiz esango dut: Biogipuzkoak egiten duen lana bada zientifikoa, eta baditu berme guztiak. Gardentasun guztiz egiten da. Ez konparatu».

Diputatuak gaineratu du Biogipuzkoak urtero egiten duela erraustegiaren eragin posibleei buruzko txosten bat, eta datorren urtean ere aurkeztuko dituela emaitzak. «Aztertuko dugu zehatz-mehatz zer esaten duen. Hori bigilantzia aktiboa da».

Altolagirrek baztertu egin du Biogipuzkoaren eta Toxicowatchen arteko «aurkako dinamika batean» sartzea. Haren ustez, bi erakundeen iazko agerraldiak «oso argigarriak izan ziren», eta aldundiari eskatu dio, «kudeatzaile moduan», erraustegiaren inguruko «datu guztiak mahai gainean» izateko, «izan batarenak ala bestearenak».

Kontrol zorrotzagoa

Biogipuzkoaren txostenaren ondorioei buruz galdetuta, Arkenboutek nabarmendu du substantzia kutsatzaileak ugaritu egin direla osasun institutuak herritarrei hartu dizkien odol eta gernu laginetan, eta horixe bera aurkitu duela Toxicowatchek. «Dioxinen eta PCBen kantitatea gora egiten ari da errauskailuaren inguruko eremuan, baita jendearen odol eta gernu laginetan ere. Beraz, zergatik ez da ezer egiten osasuna babesteko? Dioxinak eta PCBak minbizia eragiten dute. Kontrol zorrotzagoa behar da».

Arkenboutek jarrera aldaketa bat eskatu dio aldundiari. «Herbehereetako osasun zerbitzuak ere esaten zuen errauskailuaren inguruan ez zegoela osasunerako arriskurik. Baina elkarrekin lanean hasi eta gero, ados jarri ginen, eta herritarrak babesteko jarrera hartu zuen. Dena ondo dagoela esan diezaiokegu geure buruari, baina zerbait gertatzen ari da Gipuzkoan».

Toxicowatchek iaz hartu zituen laginetako batean, Hernanin bildutako arrautza batean, erakundeak azken hamahiru urteetan Europan topatu duen dioxina kontzentraziorik handiena neurtu du. Azaldu du ez daudela ziur dioxina gorakada errauskailuaren ondorioz gertatu ote den; «izan ere, beste industria batzuk ere badira inguruan». Hori dela eta, azterketa gehiago behar direla uste du. «Erakunde publikoekin elkarlanean aritzea espero dugu. Lanerako mahai bat sortzea espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.