GuraSOSek orain arte epaitegietan izan duen ibilbideari erreparatuta erantzun dio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatu eta GHKren presidente Jose Ignacio Asensiok epaitegiek hura ikertzen ari direlako albisteari. «GuraSOSek berrogei salaketa baino gehiago egin ditu GHK edota errauskailuaren aurka, eta guztiak galdu ditu. Orain ere gauza bera gertatuko dela seguru nago».
Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak esan du «lasai» dagoela, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia haren kudeaketa ikertzen ari den arren. GHK-ko presidente gisa izan ditzakeen ardurak ditu oinarrian ikerketak, Zubietako errauskailuan hondakin arriskutsuak sortu diren susmoa dagoelako, eta haiek beharbada ezkutatu egin direlako.
Asensiok esan du GHKren kudeaketa «eredugarria» dela, eta Zubieta «beste lurralde batzuek» nahiko luketela. «Ingurumenaren aurkako delituagatik egiteagatik eta agiriak faltsutzeagatik» ikertzen ari da justizia, GuraSOSek jakinarazi duenez, baina Asensiok ziurtatu du ez duela horren jakinarazpenik jaso, «ez epaitegiaren aldetik, ez fiskaltzaren aldetik».
«Dakigun gauza bakarra da hedabideetan kaleratu dena, eta uste dut kudeatzen ari den informazio bakarra dela GuraSOSek gizarteratu duen oharra», esan du Iraunkortasun diputatuak. Hori dela eta, uko egin dio albiste jakinaren gaineko «balorazioak» egiteari, baina helarazi du «lehenbailehen» jakin nahiko lukeela epaitegia zer ikerketa egiten ari den, «benetakoak badira».
EH Bilduren aurka
Izenez egin ez badu ere, EH Bilduri ere erreparatu dio Asensiok, leporatu baitio plataformak oposizioa egiteko baliatzea. Hala, haren izenik esan gabe, koalizioari eskatu dio «GuraSOS moduko plataformak ez erabiltzeko oposizio politikoa egiteko». Betiere EH Bilduri zuzendurik, Gipuzkoako PSE-EEko buruak hau erantsi du: «Politikan ez du denak balio». Oposizio politikoa «dagokion lekuan» egiteko eskatu du ikertua izaten ari den diputatuak.