Asensiok babes zabalarekin eutsi dio Gipuzkoako PSE-EEren lidergoari

Anduezak xede du 2027ko hauteskundeen ostean Donostiako Udala berreskuratzea. PSEk zerga berrikuspenerako akordioa defendatu du, «sozialisten zigiluarekin» egin delako.

Asensio eta Andueza, atzo, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
Asensio eta Andueza, atzo, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
2025eko martxoaren 31
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako ahaldun nagusiorde Jose Ignacio Asensiok agintaldia berritu du lurralde horretako sozialisten buru gisa. Hautagai bakarra izanik, arazorik gabe eutsi dio: alderdiaren X. Kongresuan parte hartu duten 150 ordezkarien %98,5en babesa izan du. Gipuzkoako sozialistek gora egin nahi dute datozen urteetan, eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak helburu gisa jarri du 2027ko udal hauteskundeetan Donostiako alkatetza eskuratzea: «Etorkizunera anbizioz begiratu behar da».

Asensiok «hizki larriz idatzitako politika» defendatu zuen atzo Donostian, eta esan norabide horretan ari dela lanean PSE-EE: «Gure alderdiak ezkerrera begiratzen du; aurrerakoia, justiziaren, berdintasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten du». Eta hala, «ezker erabilgarritzat» jo zuen alderdia.

Jarrera horri esker, PSE indartsu dago Gipuzkoan, Anduezaren ustez, nahiz eta lurralde hori «soziologikoki konplexua» izan; konplexua, indar abertzaleek duten babes zabalagatik. Argudiatu zuen Irungo, Eibarko, Lasarte-Oriako, Zumarragako eta Larraulgo udalen buru dela, eta Gipuzkoako Foru Aldundian eta beste zenbait udaletan ere gobernuan dela. «Ez da kasualitatea. Izateko eta, batez ere, egiteko modu baten ondorio da», esan zuen, eta gehitu datozen urteetan gora egitea dutela xede.

Asensiok eta Anduezak zerga berrikuspenerako EAJrekin eta Ahal Dugu-rekin egindako akordioaren defentsa ere egin zuten. Lehenak adierazi zuen «zerbitzu publikoen kalitatea» bermatzeko baliagarria dela, eta ezkerrekoa: «Argi utzi diogu EAJri zerga erreforma ezkerretik egingo zela, sozialisten zigiluarekin». Hala, EH Bilduri leporatu zion eztabaida horretan «interes alderdikoien» mesedetan jokatzea: «Ezetz esan dio ongizate estatua hobetzeari. Gaizki atera zaie estrategia, eta PPrekin bakarrik gelditu dira».

PP eta EH Bildu ez ezik, Anduezaren esanetan, ELA eta Confebask ere zerga berrikuspenaren kontra azaldu dira. Haren esanetan, ez dielako muturrei erreparatzen: «Ezta batzuen eta besteen interesei ere, herri honen gehiengo sozialari begirako erreforma bat baita».

Asensio izendatuta, PSE-EEk amaitu du buruzagitzak berritzeko prozesua. Anduezaren izendapena izan zen lehena, otsailean. Ondoren, berriz, lurraldeetako idazkari nagusiak aukeratzeko txanda iritsi zen. Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak hartu du Bizkaiko sozialisten lema, eta Javier Hurtado sailburuak, arabarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.