Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumen Fiskaltzak eskatuta egiten ari da ikerketa Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia. Ordezkaritza batek bisita egingo du erraustegian

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatua. A.CANELLADA / FOKU.
inaki petxarroman
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiaren kudeaketak eragindako auzi sokak ez du etenik. GuraSOSek jakinarazi duenez, orain Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitu bat egin duelakoan. Horrez gain, dokumentuak faltsutu ote dituen ere erabaki beharko du epaitegiak. Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

Eginbideak ireki eta gero, epaitegian aurkeztu du salaketa fiskaltzak, aurrez GuraSOSek ekainean emandako dokumentazio bat aztertu ostean. Horren arabera, «Zubietako hondakinen balorizazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak» sortu ziren 2022an, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du halakorik baimentzen. Jarduera hori «ezkutatzeko», eta ingurumena zaintzeko programaren memorian ager ez zedin, hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen, «modu kontzientean» eman ere.

Hondakin horien parte bat Artaxoara (Nafarroa) bideratu zuen GHK-k, han Encofert Sansoain SM enpresaren instalazioetan kudeatu zezaten. Enpresa hori, baina, nekazaritzako ongarrietarako konpost lanetan aritzen da, eta ez dauka baimenik hondakin arriskutsuak jasotzeko, fiskaltzak salatu duenez. Haren ustez, ingurumenaren aurkako delitu bat izan daiteke, «zigor kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua». Dokumentuen faltsutze delitua ere egon daiteke egitate horietan, fiskaltzaren iritziz.

Polizia ikerketa

Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara zabaltzeko aukera ere ireki du fiskaltzaren salaketak. Izan ere, hari jakinarazi behar zaizkio hondakinen lekualdatze guztiak, eta haien kudeaketari eta garraioari buruzko gorabehera guztiak. Haren ustez, baina, goizegi da ondorioztatzeko sailburuordetzaren aldetik kriminalitate zantzuak daudela. Hori argitzeko, polizia ikerketa bat behar da, haren iritziz. «Susmoak badaude, eta horiek argitzeko polizia ikerketa behar da».

Azkenaldian zeresan handia eman dute erraustegiak eta haren kudeaketak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, Zubietako erraustegiaren instalazioetan bisita egingo dute gaur, ustezko irregulartasun horien denen inguruan gehiago jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.