Aseguru pribatua papergabeentzat

Migratzaile irregularrei «hitzarmen» bat eskainiko die Espainiako Gobernuak: osasun arretaren truke 710 euro pagatzeaJaioterrira itzultzeko eskatu die PPko eledun Rafael Hernandok paperik gabeko etorkinei

jon olano
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak kobratu egingo die paperik gabeko etorkinei osasun zerbitzu publikoa erabiltzearen truke. Gobernuak ez du zenbatekorik zehaztu, baina, El País egunkariak atzo argitaratu zuenaren arabera, 710 euro ordaindu beharko dute urtean osasun zerbitzu publikoa erabili nahi duten etorkin papergabeek: 59,20 euro hilean. 65 urtetik gorako etorkinek, berriz, 155,40 euro pagatu beharko dute hilean; orotara, 1.864 euro urtean.

Espainiako Osasun Ministerioak baieztatu egin zuen atzo «hitzarmenak» egingo dituela osasun sistema publikoaren «asegurudunak edo onuradunak» ez diren pertsonekin. Hain justu, iragan larunbatean argitaratu zen Espainiako Aldizkari Ofizialean asmo hori, baina informazio apur bat gehiago eman zuen atzo. Hitzarmen horiek borondatezkoak izango dira, gizatalde zehatz batzuentzat: inoiz lanik egin ez duten edo urtean 100.000 eurotik gora irabazten duten espainiar herritartasuna dutenentzat, Espainiako osasun zerbitzua erabili nahi duten europarrentzat eta «Espainian dauden bitartean» osasun zerbitzua erabili nahi duten etorkinentzat.

Paperik gabeko etorkinei ere erreferentzia egin die ministerioak: egoera «erregularizatzeko beharra» nabarmendu die. Madrilek azterketarako agiri bat bidali die erkidegoei, horiek zuzenketak proposa ditzaten. Irailetik aurrera jarriko dira indarrean gobernuak osasun zerbitzuan ezarritako neurriak. Halere, baldintza gehiago ezarriko die gobernuak paperik gabeko etorkinei osasun zerbitzu publikoa pagatuta ere erabili ahal izateko; urtebete egon beharko dute erroldatuta. Gainera, aseguru poliza tankerako horrek ez ditu kontuan hartzen sendagaiak ezta irailetik aurrera erabiltzaileek ordaindu beharko duten osasun garraioa —anbulantziak larrialdi kasuetan baino ez dira doan izango—.

Paperik gabeko etorkinen artean talde batzuk salbuetsiko ditu Mariano Raxoiren gobernuak osasun zerbitzu publikoa ordaintzetik. Umedun dauden emakumeek, errefuxiatu politikoek, sexu esplotazioaren biktimek eta adingabeek doan izango dute arreta, baina botiken%40 ordaindu beharko dute.

Immigrazioaren «paradisua»

Etorkin irregularrez bestela jardun du Espainiako Kongresuko PPko bozeramaileorde Rafael Hernandok. Espainiak «legez kanpoko immigrazioaren paradisua» izateari utzi behar diola adierazi du, eta jaioterrira itzultzeko eskatu die etorkin papergabeei. «Legez kanpoko etorkinek egin behar dutena da Espainian legez sartu, eta hori orokorrean egiten dudan hausnarketa da», esan du. Hernandoren ustez, Espainiak utzi egin behar dio, orain arte bezala, «legez kanpoko immigrazioaren agertoki nagusi» izateari.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du herritar guztiei bermatuko diela osasun arreta: «Arauak asegurudun izaeraren aitortza zentralizatzen du; erkidegoak administrazio leihatila soilak bihurtzen ditu». Espainiako Gobernuaren proposamenari aurre egingo diola iragarri du. PSNk, berriz, elkarrizketa eskatu du Nafarroako osasun zerbitzuen eredua adosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.