Frantziako Asanblearako bozak

Asanblearako bozak, hamar gakotan

Igandean egingo da lehen itzulia. BERRIAk goizetik iluntzera emango du hauteskunde egunaren berri, eta emaitzak zenbatu ahala jasoko ditu gauean.

2022ko ekainaren 8a
13:05
Entzun

Heldu den ekainaren 12an eta 19an egingo dira Frantziako Asanblearako hauteskundeak Ipar Euskal Herrian. Hiru hautesbarruti daude Iparraldean, eta lehen itzulian 32 diputatugai egongo dira: 4. hautesbarrutian, bederatzi hautagai izanen dira —tartean Biarnokoak ere—; 5. hautesbarrutian, 11; eta, seigarrenean, berriz, hamabi. Orotara, 577 diputatu daude Frantziako Asanblean. Senatuarekin batera, botere legegilea osatzen du, eta Frantziako Gobernuaren kontrola egitea dagokio.

Lehen itzulian diputatu izateko, bi baldintza bete behar dituzte hautagaiek: botoen erdiak baino gehiago lortzea eta boto kopuruak erroldaren laurden bat gainditzea. Hautesbarruti bakoitzean inork ez baditu betetzen baldintza horiek, bigarren itzulian aukeratuko dituzte diputatuak. Bigarren itzulia ekainaren 19an izango da.

Bigarren itzulian, ordea, ez dira hautagai guztiak izango. Lehen itzulian erroldaren %12,5 baino gehiago lortu duten hautagaitza guztiak egongo dira bigarrengoan. Bakarrak lortzen badu hori, boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia ere pasatuko da bigarren itzulira. %12,5eko langa ez badu inork gainditzen, zuzenean boto gehien lortu duten bi hautagaiak pasatuko dira bigarren itzulira.

Bigarren itzulian boto gehien lortzen duen hautagaiak lortuko du diputatu eserlekua.

Frantzian, hiru bloke

Emmanuel Macronek irabazi dituen aurtengo presidentetzarako bozen ondotik, hiru bloke nagusi agertu dira: eskuin liberala, eskuin muturra eta ezkerra. Euskal Herrian EH Baiko abertzaleak ere aurkeztuko dira. Presidentetzarako hauteskundeen hirugarren itzuli gisara aurkeztu ohi dituzte maiz asanblearako bozak. Gehiengoa lortu eta Jean Luc Melenchon lehen ministro izendatzeko erronka eman dio bere buruari Frantziako ezkerrak, NUPES koalizioan aurkezturik.

Sistema presidentzialista du Frantziako Estatuak. Presidenteak izendatzen du gobernuko lehen ministroa, baina ohikoa da asanblearen konfiantza botoa eskatzea. Frantziako Asanblean gailentzen den kolore politikoak eragin zuzena du gobernuaren osaketan. Frantziako V. Errepublikaren historian hiru aldiz gertatu da presidentearen oposizioa gailentzea legebiltzarrerako bozetan: orduan, oposizioko burua izendatu izan dute lehen ministro. Kohabitazioa deitzen zaio horri. François Mitterrand presidente zela (PS), bi aldiz gertatu zen: 1986-1988 aldian, Jacques Chirac izan zen lehen ministroa (RPR), eta 1993-1995 aldian, Edouard Balladur (RPR). 1997-2002 aldian, Jacques Chirac izan zen presidentea (RPR), eta Lionel Jospin lehen ministroa (PS).

2002an hauteskunde erreforma egin zuten, eta asanblearako bozak, zazpi urtean behin izan ordez, bost urtean behin egiten hasi ziren, presidentetzarako hauteskundeen erritmoa segituz. Ordutik, presidentetza irabazi duen alderdiak eraman du asanbleako gehiengoa aldi guziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.