Artxibatu egin dute 'Pertur auzia'

Andreu epaileak emaitzarik gabe amaitu du ETAko kidearen desagertzearen gaineko ikerketa

Erredakzioa
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETAko buruzagiaren desagertzeari buruz Espainiako Auzitegi Nazionalak irekitako ikerketa emaitzarik gabe amaitu da. Fernando Andreu epaileak artxibatu egin du behin-behinean, orain arteko ikerketek ez dutelako desagertzearen egileen gaineko daturik eman.

Andreuk, beraz, Perturren senideek martxoan egindako eskaria eta fiskaltzarena onartu ditu, eta datu berriren bat agertu bitartean artxibatu egin du ikerketa.

ETApm-ko kidea 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azkeneko aldiz, Pausuan (Lapurdi). Auzitegi Nazionalak, baina, 2008ra arte ez zuen ikerketarik abiatu desagertzea argitzeko. Perturren gurasoek jarritako kereila baten ondorioz hasi zen orduan Fernando Andreu epailea Pertur auzia ikertzen.

Hiru hipotesi zeuden mahai gainean. Bide politikoen alde zegoelako ETAko Komando Bereziek hil izana da hipotesietako bat. Epaileak ikerketa bide hori egokia zelakoan zegoen, Francisco Mujika Garmendia Pakito eta Migel Anjel Apalategi Apala etakideekin ikusi baitzuten azkenekoz bizirik Pertur.

Baina Pertur desagertu eta egun gutxira, garai hartako Espainiako segurtasun indarrekin eta zerbitzu sekretuekin harremana zuten eskuin muturreko bi taldek, BVEk eta Triple A-k, ETAko buruzagia bahitu eta hil egin zutela aldarrikatu zuten. Hori da bigarren hipotesia.

Azkenik, hirugarren ikerketa bide bat ere ireki zen, italiar neofaxista talde bat izan zitekeelakoa. Izan ere, Italian bizi osorako kartzelara zigortutako neofaxista batek aitortu zuen garai hartan «espainiar bat» hil zutela «Frantziako hegoaldean», Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz. Hipotesi horrekin, Angel Amigo zinemagileak bi dokumental filmatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.