Mario Lopez Lointek Gernikako (Bizkaia) entrenatzaile ohiak eta zuzendaritzako kide ohi batek salaketa jarria zuten Busturialdeko lau herritarren kontra; sare sozialetan jazarri izana leporatu zieten. Herritar horietako bi Onintza Enbeita bertsolaria eta Asier Musatadi musikaria dira; beste biek nahiago izan dute anonimo segitu. Atzo goizean deklaratu zuten laurek, Gernikako epaitegian, baina, gaur Enbeitak X sare sozialean jakinarazi duenez, epaileak artxibatu egin du kasua.
Mezuan bertan, Enbeitak eskertu egin du herritarren «elkartasuna». Eta erantsi du: «Ez ahaztu gure salaketara nondik heldu garen: hemen biktima bat dago eta ez gara gu. Guk beti sinistu(ko) dizugu!».
Urtarrilean argitaratutako txio batzuengatik salatu zituzten herritarrak. Enbeitaren arabera, «funts» handirik gabeko salaketa zen. Atzo, epaitegitik ateratzean, Enbeitak eta Musatadik BERRIAri onartu zioten epaiketa «ondo» joan zela. Epaileak jakin nahi izan zuen salatutako lagunak «antolatutako jazarpen baten parte» izan ote ziren. «Guk epaileari azaldu diogu ez dugula zuzenean inoren izen-abizenik aipatu», azaldu zuen Enbeitak. Haatik, mezu horietan «klubaren jarrera» salatu nahi izan zuten.
Iazko abenduan, argitara atera zen Mario Lopez Lointek Gernikako (Bizkaia) entrenatzaile izan zena ikertzen ari zirela, sexu abusuak egitea leporatuta. Haren aurkako salaketa 2022ko ekainean jarri zuten, eta egotzi zioten 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu erasoak egitea hiru urtez.