Epaiketarik gabe amaitu da larrugintzaren industria ikertu zuten ekintzaileen aurka 2011. urtean hasi zen auzia. 2007an eta 2010ean Galiziako hainbat etxaldetan bisoiak askatzea egotzi zieten. Coruñako (Galizia) Probintzia Auzitegiak, ordea, kasu hori artxibatu egin du. Nabarmendu du ekintzaileak eta bisoien askatzea lotzen dituen datu bakar bat ere ez dela. 25 pertsona zeuden inputatuta; tartean, Euskal Herriko animalien aldeko lau ekintzaile. Bilbon atxilotu zituen Guardia Zibilak, 2011. urteko ekainaren 22an. Lau urte igaro eta gero, auzirik ez dela ebatzi dute epaileek.
Jose Antonio Vazquez Tain epaileak agindu zuen Animalien Berdintasuna eta Equanimal taldeetako ekintzaileen aurkako Trocolaoperazioa. Duela lau urteko ekainaren 22an, hamabi pertsona atxilotu zituzten, eta, gero, bertze hamahiru inputatu. Hasieran atxilotutako hamabi horietako hiru espetxera bidali zituen epaileak, gainera. Tartean zen Eneko Perez bilbotarra. Hemeretzi egun egon zen Galiziako kartzela batean.
«Azpijokoa»
Perezek eta atxilotutako bertze ekintzaileek poliziaren eta epaileen «azpijokoa» salatu zuten hasieratik. Animalien Berdintasuna eta Equanimal taldeetako kideek hainbat ikerketaren bidez salatu zuten larrugintzaren industria eta hari lotutako animalien esplotazioa. Etxaldeetako irudiak grabatu, eta zabaldu egin zituzten. «Larrugintzaren industriak bultzatutako errepresioa jasan dugu; animalien aldeko mugimendua kriminalizatzen saiatu dira», nabarmendu du Animalien Berdintasuna taldeko kide Javier Morenok, Coruñako Probintzia Auzitegiaren erabakiaren berri izan eta gero. Auzian inputatua egon diren ekintzaileetako bat da.
Animalien Berdintasuna eta Equanimal taldeek bat egin zuten haien aurkako operazioa martxan jarri eta gero. Hasieratik «irregulartasunak» izan direla salatu du Morenok. Instrukzioa bere gain hartu zuen Vazquez Tain epailearen jarrera salatu du, zehazki: «Gu atxilotu eta berehala erran zuen errudun ginela, errugabetasun printzipioa argi eta garbi urratuz».
Deigarria izan zen, halaber, epaile horrek inputatuei «ekoterrorismoa» egotzi izana, esparru juridikoan existitzen ez den kategoria baita hori. Atxilotutako kideek mugimendua kriminalizatzeko saiotzat jo zuten hitz hori erabili izana. Euskal Herrian, gainera, Guardia Zibilaren GAR taldeko kideek egin zituzten atxiloketak. «Irudi jakin bat zabaldu nahi izan zuten», erran zuen orduan Eneko Perezek.
Vazquez Tainek instrukzioa utzi zuen epaitegiz aldatu zutenean; Margarita Guillenek hartu zuen orduan auziaren ardura, eta fiskalak egindako eskaerarekin bat egin zuen: kasua artxibatzea erabaki zuen. Larrugintzaren industriako ordezkariek, ordea, helegitea aurkeztu zuten erabaki horren kontra. Coruñako Probintzia Auzitegiak atzera bota du orain helegite hori, eta legezkotzat jo du Animalien Berdintasuna eta Equanimal taldeek animalien defentsan egindako lana. «Jarduera kritikoak dira,ez, ordea, delituak».
«Epaileen oraingo erabakiak zilegitasuna eman dio animalien alde egiten dugun ikerketa lanari», nabarmendu du Equanimal taldeko Olaia Freiriak. Europako bertze hainbat herritan ere animalien aldeko mugimendua kriminalizatzeko saioak izan direla erran, eta testuinguru horretan kokatu du haien aurkako auzia.
Artxibatu eta gero, Morenok azaldu du larrugintzaren industriako ordezkarien aukera bakarra Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea litzatekeela. «Hagitz zaila dute, hala ere, haien helegitea onartzea».
Artxibatu egin dute larrugintza ikertu zuten ekintzaileen aurkako auzia
Denera, 25 pertsona zeuden inputatuta; tartean, Euskal Herriko lau ekintzaile.Atxilotuek haien aurkako azpijokoa salatu zuten hasieratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu