Artxibatu egin dute Fermin Muguruzaren mural baten harira Valentziako sei irakasleren aurka jarritako salaketa

Talde kontserbadore eta ultrakatoliko batek «terrorismoa goratzea» egotzi zion ikastetxe bateko zuzendaritza taldeari. Epaileak ez du delitu zantzurik ikusi.

Fermin Muguruzaren aldeko murala. VILAWEB
Muguruzaren aldeko murala, Bellreguardeko institutuko horma batean. VILAWEB
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 2a
15:50
Entzun

Valentziako epaitegi batek (Herrialde Katalanak) behin-behinean artxibatu du Fermin Muguruzaren aldeko mural bat jartzeagatik Bellreguard herriko institutu bateko zuzendaritza taldearen aurka jarritako salaketa. Muguruzak berak aurreratu zuen salaketa artxibatu egin dutela herenegungo ETB1eko Hamaika Entzuteko eztabaida saioan, baina gaur arte ez dute ezagutarazi epailearen autoa.

Doktrinamenduaren Kontrako Hezitzaileen Elkartea izeneko talde kontserbadore eta ultrakatoliko batek jarri zuen salaketa Joan Fuster ikastetxeko sei irakasleren aurka, «terrorismoa goratzea» egotzita. Salaketa horren harira, institutuko zuzendaritza taldea osatzen duten sei irakasleek martxoaren 26an deklaratu zuten guardiako epaitegian, baina epaileak ez du terrorismoa goratzeko delitu zantzurik topatu. Epailearen ebazpenak dio Fermin Muguruza ez dutela inoiz zigortu terrorismo delituengatik edo terrorismoa goratzeagatik, eta ikastetxearen horma batean margotutako muralean ez dela ageri «ETArekin edo terrorismoarekin lotutako edukirik edo irudirik». Horiek hala, epaileak ez du arrazoirik ikusi irakasleen aurkako auzibidea irekita uzteko, eta hura ixtea erabaki du.

Valentziako A Punt telebista katearen arabera, ikastetxean pozik hartu dute ebazpen judiziala, eta Doktrinamenduaren Kontrako Hezitzaileen Elkartearen aurkako salaketa aurkeztea aztertzen ari dira, «fede txarrez» jokatu zuela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.