Artxibatu egin dute Algortako bi feministaren kontrako salaketa

Ertzainek desobedientzia delitua leporatu zieten, haien lana oztopatzeagatik; feministek, ordea, hasieratik esan dute protokoloa bete zutela eta biktima bati lagundu ziotela, inoren lana oztopatu gabe.

Algorta - Mugimendu feministaren salaketa
Mugimendu feministaren agerraldia, salaketaren kontra, Algortan, iazko abuztuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2023ko abenduaren 22a
17:45
Entzun

Eraso bat jasan zuen emakume bati emandako laguntza epaitegietara iritsi zen. Biktimari lagundu zioten bi emakume deklaratzera deitu zituzten. Orain, Algortako (Getxo, Bizkaia) mugimendu feministak jakinarazi du epaileak artxibatu egin duela ertzainek taldeko bi kideren kontra jarritako salaketa.

2022ko abuztuan, Portu Zaharreko jaietan, mugimendu feministako bi kidek eraso bat jasan zuen neska bat artatu zuten. Ziztada bat zela jakin zutenean, larrialdietako 112 zenbakira deitu zuten, gurasoekin harremanetan jarri ziren, eta Ertzaintzarekin «beharrezko prozedura guztia» kudeatu zuten. «Hori guztia kudeatuta zegoenean, kaleko jantziriko eta identifikatu gabeko beste polizia batzuk sartu ziren neskarentzat sortu genuen harrera eta espazio erosoan, eta tentsioa sortu», adierazi zuten mugimendu feministako ordezkariek.

Haiek eraman zuten neska anbulantziara: «Guk adostuta geneukan gure kide batek eramango zuela, erosoagoa izango zelakoan eta, bereziki, erasoa jasan zuen neska berriro ez biktimizatzeko». Neska anbulantzian zegoenean, bi kideak gerturatu ziren, neska ondo zegoela jakiteko eta dena lotuta zegoela konfirmatzeko. «Orduan hurbildu zitzaizkien ertzainak identifikazio eske».

Identifikatu bakarrik ez: desobedientzia delitua egotzi zieten, «Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik». Getxoko epaitegian deklaratu zuten iazko azaroan. Abuztuko gertakarien ostean, mugimendu feministak prentsaurrekoa antolatu zuen. Ukatu egin zuten Ertzaintzari oztopoak jarri izana, eta argi utzi zuten irmo erantzungo ziotela mugimendu feminista jopuntuan jartzeko estrategia politiko orori.

Ertzaintzaren Esan sindikatuak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu zion «zerbait» egin zezala egun hartan laguntzera joan ziren feministen aurka. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak erantzun zuen «larria» dela ziztada kasuetarako ondu duten protokoloa ez betetzea, arriskuan jar zitekeelako biktimaren osasuna, eta «desobedientzia delitua» aipatu zuen. Feministek, ordea, hasieratik esan dute «gezurrez betetako kontaketa batean» oinarritu dela prozesu judiziala.

Algortako mugimendu feministak prozesua hasi zenetik salatu du mugimendua kriminalizatzeko saio bat izan dela. «Ez dute lortuko», berretsi dute epailearen erabakia jakin eta gero. Elkartasuna eta babesa jaso dute prozesuak iraun duen bitartean. Agerraldi bat egingo dute hurrengo asteazkenean, gertatukoa azaltzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.