Artxandako zahar etxean greba eskubidea urratzeagatik, Caser enpresa zigortu du Bilboko Lan Arloko 6. Auzitegiak. Salaketa ELA sindikatuak egin zuen, hango grebalariek gaixoaldi, lizentzia eta baimenen ordezkapenak egin behar zituztelako, zahar etxeko zuzendaritzak hala erabakita. Auzitegiak arrazoia eman dio ELAri.
Sindikatuak salatu duenez, Caser enpresaren asmoa greba ezkutatzea eta bere eragina gutxitzea izan da.«Grebaren eragina leundu nahi dute, langile eta erabiltzaileak itoz». Artxandako Caser egoitza Bizkaiko zahar etxerik handienetakoa da, eta, han, grebaren jarraipena erabatekoa da. 220 egun bete dituzte borrokan Bizkaiko zaintzaileek.
Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren «arduragabekeria» nabarmendu dute grebalariek. Artxandako zahar etxearen kasuan, diputazioak oheen %75 finantzatzen ditu. «Caserreko zuzendaritzak epaiketan aitortu du aldundiak esandakoa betetzen ari zirela». ELAren arabera, aldundiaren agindua da gutxieneko zerbitzuak %80koak izatea, eta, kasu batzuetan, %99ra igotzea.
Publikoki esku hartu gabe jarraitzen du, halere, Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sanchez Roblesek. Haren ustez, lan gatazka horrek alde bi ditu, «sindikatuak eta enpresak», eta biei «beren erantzukizuna onartzeko» eskatu zien atzo, batzar nagusietan. Hain justu, Bizkaiko zahar etxe publiko eta itunduetako langileen baldintzak berdintzea eskatu zuen EH Bilduk, baina proposamenak ez zuen aurrera egin: Ahal Dugu-k alde bozkatu zuen; EAJ, PSE eta PP kontra agertu ziren.
Artxandako zahar etxean greba eskubidea urratu dela ebatzi dute
Caser enpresa zigortu dute, grebalariek lizentzia, gaixoaldi eta baimenen ordezkapenak egin behar zituztelako. 220 egun bete dituzte greban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu