Jakintzaren mundukoa izan zen Arturo Campion Jaimebon (Iruñea, 1854-Donostia, 1937), baina betiere helburu politiko argi batekin lan egin zuen: Euskal Herriaren eskubide historiko eta nazionalak babestea, Madrildik iristen zitzaizkion eraso zentralizatzaileetatik. Politikaren eremuan ere aritu zen, eta hainbat kargu izan zituen: zinegotzi, diputatu eta senatari. Errepublikanismo federalarekin aurrena, integrismoarekin ondoren eta euskal nazionalismoarekin gero, alderdien egituretatik kanpo ibili zen Campion, pentsalari eta sortzaile izan baitzen oroz gain.
Antonio Canovasi, German Gamazori eta Jose Antonio Primo de Riverari egin zien aurre, hamarkadaz hamarkadako lan jarraituan. Euskal Herrian horren sustraitua zegoen tradizio karlista gogor kritikatu zuen, hari leporatzen baitzion 1872tik 1876ra arte herria hondoratuta utzi zuen gerra piztu izana. «Antikarlista izanik, [gerraren] irabazletzat eduki zezakeen bere burua, baina, euskal liberal gisa, zentralismo espainiar canovistak zigortua ikusi zuen bere burua», laburbildu du Emilio Majuelo historialariak La idea de historia en Campión liburuan. Urteen poderioz, eta prozesu historiko natural batean, euskal nazionalismora hurbildu zen, eta 1918an Bizkaiko senatari hautatu zuten, EAJrekin (Euzko JEL-Batza).
1876tik 1930eko hamarkadara arte aritu zen lanean. Saiakera historiko mardulak idatzi zituen (Los orígenes del Pueblo Euskaldun. Celtas, Iberos y Euskaros, El Genio de Nabarra edo Nabarra en su vida histórica), literatura lanak euskaraz eta gaztelaniaz (Okendoren eriotza, La Bella Easo, Orreaga, El bardo de Itzaltzu, El último tamborilero de Erraondo...) eta hizkuntzalaritza lan aitzindariak ere (Gramática de los cuatro dialectos de la lengua euskara).
Aitona italiarra zuen, eta aitak Parisen egin zituen egonaldi luzeak, eta etxetik jaso zuen tradizio politiko liberala. Euskara etxeko hizkuntza izan ez bazuen ere, gaztetan ikasi zuen, eta, hura erabiltzeko erraztasunik ez eduki arren, hizkuntzaren teorizatzaile eta aztertzaile aparta izan zen. «Hemen ez da aski esatea, egin egin behar da. Horregatik hasi nintzen euskara ikasten, eta ahalegin pertsonal handia egin behar izan nuen, zeren orduan [1877an] oso baliabide gutxi baitzeuden horretarako, eta gorriak ikusi nituen», idatzi zuen.
Hizkuntzalari
Euskararekiko atxikimendu eta maitasuna heriotzaraino eraman zituen Campionek. Garaiko euskarologo europar askorekin izan zuen truke eta harreman zuzena, besteak beste, Luis Lucien Bonaparterekin, Hugo Schuchardtekin eta Julien Vinsonekin. Wilhem Von Humboldt hilda zegoen aspalditik, baina Campion haren obraren jarraitzaile sutsua izan zen, bereziki euskararen eta Euskal Herriaren inguruan egin zituen ikerketen bidetik.
Euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko aditua ez ezik, hizkuntzari berari buruzkoa izan zen, eta lan handia egin zuen alor horretan Resurreccion Maria Azkue eta Julio Urkijorekin, besteak beste. Euskara batua sortu baino zazpi hamarkada lehenago esana zuten Azkuek eta Campionek euskarak ere behar zuela bere estandar idatzia. Zeregin horretarako gipuzkera proposatu zuen Campionek. Aranistekin tirabira handiak eduki zituzten XX. mendearen hasierako urte haietan. Esate baterako, 1901ean Hendaian egin zuten Euskal Kongresuan euskararen arau ortografikoak batzeko bideak aztertu zituzten, baina joeren arteko ezberdintasunak handiegiak ziren artean jarrerak adosteko. Aranari «garbizalekeria» leporatzen zion Campionek, eta existitzen ez zen errealitate bat asmatzeko joera: «Aranak hizkuntzalaritzaren berezko metodoa albo batera utzi du, hau da, ezagunetik ezezagunera jotzeko metodoa, eta hitzak euren jatorriagatik azaltzea. Kontrakoa egin du: hipotesitik errealitatera joan, eta jatorria asmatu hitza azaltzeko».
Euskarari bizkar emanda bizi ziren elite politiko eta burgesak txarretsi zituen behin baino gehiagotan Campionek, Katalunian ez bezala, Euskal Herrian hizkuntza nazionala alboratua zutela ikusita. Bere lanaren ordaina izan zen, besteak beste, aspalditik aldarrikatzen zuen euskararen hizkuntza akademiaren sorrera, 1919an eratu baitzen Euskaltzaindia. Euskaltzain osoa izan zen Campion akademiaren lehen urte haietan.
Nafarroako Euskara Elkartearen eta haren Euskara aldizkariaren sortzaile izan zen. Euren helburua zen, foruen galeraren ondorengo gizartearen kontzientzia nazionala berpiztea. Horretarako, ekintza komun bat eta batasuna bultzatu nahi zituzten jarduera kulturalaren, historiaren irakaskuntzaren eta jatorrizko hizkuntzaren berreskuratzearen bidetik. Alderdi Fueristan parte hartu zuten, «batasun eusko-nafarraren defentsan, eta foruen heriotzaren arduradun izan ziren eremu estataleko alderdiak alde batera utzita». Horrekin batera, 1876 aurreko erregimenaren «federazio eusko-nafarra» aldarrikatu zuten. Hau da, Sabino Aranak EAJ sortu baino lehenago, euskaroek eta Arturo Campionek aldarrikatzen zuten nazionalismoa. Campion ez zen independentista, baina haren ametsa Euskal Herriaren eta Espainiako herrien arteko konfederazio bat zen. «Niretzat, Espainia estatua da; aberria hemen dago», idatzi zuen. Ildo horretan ere, harreman estua eduki zuen garai hartako Lliga de Catalunyako partaideekin ere: «Beti babestu nuen ideia hau, Iturralde Suit adiskideari hartuta: katalanak eta euskaldunak ados jarri behar garela».
Egiteko garrantzitsua eduki zuen Campionek gamazadaren garaian ere. 1893an Praxedes Mateo Sagasta Espainiako presidentearen agintaldian, German Gamazo Ogasun ministro liberala zerga araubide forala deuseztatzen saiatu zen, eta Hego Euskal Herrian kontrako erantzun handia izan zen, bereziki Nafarroan. Gertakari haien harira, hala adierazi zion Campionek Gorteetan egindako saio batean Gamazo ministroari, hitzaldi sonatu batean: «Hemen gaude diputatu nafarrak, gure arrazaren ohiko zeregina betetzen, antzinean bezala gaur egun ere, erresistitu aditzarekin adierazten dena egiten. Historiaren atal berri honek erakusten digu baskoiek euren lurraldea, etxea, ohiturak, hizkuntza, sinesmenak babesten dituztela zelta, erromatar, franko eta arabiarren aurrean...».
Humanista
Euskal Herrian unibertsitate publiko baten falta gero eta nabarmenagoa zen; XX. mendean sartu ondoren, are eta nabarmenago. Oso azkar ari ziren garatzen zientziak eta ikergaiak Europan, eta unibertsitatearen babesik gabe gero eta zailagoa zen historiak zekarren erritmoari eustea. Campionek ahalegin handia egin zuen alor horretan ere. Izan ere, katolikoa zen, sinestun handia; baina, hala ere, haren lan metodoa zientifikoa zen errotik. Karmelo Etxegarai historialariak hala definitu zuen: «Poligrafo handien arrazakoa da idazle nafar ilustrea. Filologoa, kritikoa, literario eta musikaria, nobelagilea, historialari entzutetsua, Arturo Campion Euskal Herria gehien ohoratzen duten idazleetako bat da».
Europako garaiko pentsalari handien obra gertutik jarraitu zuen. Egile alemanen jarraitzaile izan zen: Johan Gottfried Herder, Johan Wofgang Von Goethe eta Wilhem Von Humboldt. Frantziako garaiko filosofo eta intelektualak ere ondo ezagutu zituen, baita Victor Hugo eta Emile Zola sozialistak ere, nahiz eta haren ideologia kontserbadorea izan. Harreman handia eduki zuen Emilia Pardo Bazan idazle galiziarrarekin eta garai hartako Euskal Herriko idazle handiekin ere, Miguel Unamuno eta Pio Barojarekin, besteak beste. Arrazaren goraipamena sarritan egin bazuen ere, urruti zegoen darwinismo sozialaren tesietatik, eta gogor gaitzetsi zuen inperio handien jokabidea, esate baterako, Alemaniak Belgika inbaditu izana 1914ko gerra handiaren hastapenean. Alegia, ez zen supremazista bat, eta humanismo kristauaren eremuan mugitu zen hil arte. Miguel Javier Urmeneta politikariak hala definitu zuen: «Euskaldun bat baino gehiago, aleman bat dirudi, intelektualki zientziaren sakonenean murgiltzeko gai eta, aldi berean, sentimental bat nafarren bihotzean harramazka egiteko gai».
Pizkundearen lekuko
Campionek lan itzela egin zuen, eta foruen galerak jota utzi zuen belaunaldi baten parte gisa, berpizte nazional eta kultural garrantzitsu baten lekuko zuzena izan zen. Harekin aritu ziren Euskara aldizkarian Hermilio Oloritz, Juan Iturralde Suit, Julio Altadill eta beste batzuk. Ondoren, Euskara elkartearen ibilbidea amaituta, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordean jardun zen haiekin batera, betiko helburua gogoan. Pizkunde garaian ere aritu zenTelesforo Aranzadi antropologoarekin eta beste askorekin, eta garai hartan zabaldu zituzten han eta hemen Euskal Lore Jokoak kultur ekitaldiak. Bizkaian Sabino eta Luis Aranak ere bultzada bat eman zioten herriak bizi zuen astinaldi politikoari XIX. mendearen hondarrean. Herriaren atal guztiak aktibatu zituzten batzuek eta besteek, eta egoera horren ondorioz sortu zuten Eusko Ikaskuntza 1918an eta Euskaltzaindia 1919an.
Hain zuzen ere, Arturo Campion izan zen Eusko Ikaskuntzako ohorezko presidentea. Lehen belaunaldi horrek jarritako hazi horri esker loratu ziren bigarren belaunaldiko izen esanguratsuak, Lauaxeta, Aitzol, Lizardi, Elorza, Irujo... Altxamendu faxistak eta Francoren diktadurak geratu zuten Euskal Herriaren nazio bultzada berria.
Hain justu ere, altxamenduak ekarri zuen Campionen bizitzaren inguruko pasarterik eztabaidagarrienetako bat. Izan ere, Campionen sinaduraz argitaratu zuen Diario de Navarrak gutun bat faxisten kolpeari babesa azalduz. Ordurako Campion ez zen gai bere kasa ezer idazteko. 82 urte zituen, eta itsu zen hamar urte lehenagotik. Historialari askok sinesgarritasuna kendu diote agiri horri, eta, sinatzekotan ere, presiopean edo bere borondatea urratuta sinatuko zuelakoan dira. Burua argi zuen bitartean idatzitako obra guztia dago balizko pasarte hori gezurtatzeko.
Nafarroako Urrezko Domina. Soslaia
Arturo Campion Argi izpi bat, foruen itzalaldian
Bigarren karlistaldiaren osteko foruen galerak eragindako astindu kolektiboaren abaroan sortutako belaunaldi emankorraren figurarik garrantzitsuenetako bat izan zen Arturo Campion. Galdutako eskubide historikoen defentsan, 'Euskal-erriaren alde' leloa iparrorratz hartuta, bost hamarkadako lan mardul bat utzi zion Euskal Herriari, jorratu zituen atal ugaritan: literatura, historia, antropologia, hizkuntzalaritza, artikulugintza, oratoria eta politika, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu