Udal eta foru hauteskundeak

Artolazabalek hitzeman du alokairu sozialeko bi mila etxebizitza eraikiko dituela Gasteizen

Zabalganan eta Salburuan egingo dituzte etxeak. Amurrion adinekoen eguneko zentro berria egin nahi duela iragarri du Txerra Molinuevo EAJren alkategaiak.

Jose Antonio Suso EAJren ABBeko presidentea, gaur, Zabalganan. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko maiatzaren 17a
16:28
Entzun

Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko bide orri bat ondu du Gasteizko EAJk datorren legealdirako. Lau oinarri ditu: alokairu soziala sustatzea, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana bultzatzea, etxeak birgaitzea eta «larrialdietarako» etxebizitzak eraikitzea. Hauteskunde programak xehatuak ditu neurri horiek denak, eta gaur goizean, Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiak horien berri eman die komunikabideei, Zabalgana auzoan. Zerrenda osatzen duten hainbat hautagaik eta Jose Antonio Suso EAJren Araba Buru Batzarreko presidenteak lagunduta eman ditu azalpenak.

Hiriak «barrurantz hazi» behar duela uste du Artolazabalek, dentsitatearen galerari eta lurzoruaren «neurriz kanpoko» kontsumoari aurre eginez, auzoak elkarren artean «josiz» eta hiri «kohesionatuagoa eta iraunkorragoa» eraikiz. Azaldu du hiri eredu hori garatzeko konpromisoa duela EAJk, eta euren helburua dela auzoei «bizitza» handiagoa ematea eta baliabideen kudeaketa «arrazionalagoa» eta hiri espazioaren «kalitate handiagoa» sustatzea. Herritarren, eragile ekonomiko eta sozialen, eta sektore profesionalen kezkak entzunda ondu dute jeltzaleek etxebizitzaren inguruko programa, Artolazabalek azpimarratu duenez.

Batetik, alokairu sozialeko 2.000 etxe merkaturatuko dituztela hitzeman du. Zabalgana eta Salburua auzoetan eraikiko dituzte, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. «Lurzorua doan eskuragarri jarriko dugu, eta Gasteizko bizilagunei lehentasuna emango diegu».

Era berean, Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena garatzeko konpromisoa hartu du. Hitzarmen horri esker, jakinarazi du alokairuko babes ofizialeko 543 etxe eraikitzen hasi direla, udalak Jaurlaritzari emandako lurzoruekin beste 417 eraiki ahal izango direla, eta erabilerarik ez duten 62 etxe berrituko dituztela.

Horrez gain, iragarri du etxeak birgaitzeko programak martxan jarriko dituela 21 Zabalgunea elkartearen bidez, eta, horrela, auzoak «biziberritzen» lagunduko duela; besteak beste, Zaramaga auzoa. Gazteei begira, berriz, etxe kolaboratiboak sustatuko ditu, «aldi baterako etxebizitza eskuragarria izateko aukera emateko». Etxebizitzak birgaitzeko laguntza programak garatzeko konpromisoa ere hartu du: «Programa horiek zorrotz kudeatzen jarraituko dugu familiei etxebizitzak birgaitzeko laguntza emateko».

Amurrion, zentro berria
Beste esparru batean jarri du arreta Amurrioko EAJren alkategai Txerra Molinuevok. Goizean egin duen ekitaldian azaldu du mendekotasuna duten adinekoen arta hobetzea dela bere lehentasuna, eta Landazuriko eguneko zentroa eta etxe komunitarioa errealitate bihurtzeko konpromisoa duela xede hori lortzeko bidean. Gaur egun, funtzio hori betetzen dute Villa Fe eraikinak eta San Mames etxeak, baina alkategaiaren helburua da horietan eskaintzen den zerbitzua Landazurin bateratzea, adinekoen erreferentzia gunea izan dadin: «Adinekoen kolektiboa oso zabala da Amurrion, eta gure betebeharra da kalitatezko laguntza baliabideak eskaintzea, gustura eta ongi zainduta senti daitezen».

Proiektua hainbat fasetan egin nahi du EAJk: eguneko zentroa egingo dute aurrena, eta, gero, etxebizitza komunitarioa. Molinuevok azaldutakoaren arabera, solairu bakarreko eraikin berri bat eraikiko dute 25 erabiltzailerentzat, eta mugikortasun urrikoei egokitutako hainbat zerbitzu izango ditu, tartean jantokia, baratzeak eta lorategia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.