Unai Parot euskal presoaren eskubideen alde zein hura omentzearen aurka egindako ekitaldiek jarraipena izan zuten herenegun Elgoibarren (Gipuzkoa). Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean antolaturiko Memoria Ibilbidea aurkeztu zuten goizean, eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Paroti buruzko adierazpenak egiteko baliatu zuen plaza. Gudari hitza «balioesteaz» aritu zen sailburua, adierazi baitzuen «zikinduta» dagoela: «Ozen eta argi hitz egin nahi dut. Henri Parot ez da sekula gudari bat izan. Henri Parot hiltzaile bat da». Ohartarazi zuen ez daudela «bizi osorako kartzela zigorraren alde, ez Henri Parot bezalako ETAko hiltzaile odoltsuenentzat, ez beste krimen gaitzesgarri batzuk egin dituztenentzat», baina adierazi zuen «aste konplikatua» izan dela joan dena.
Adierazpenok haserrea sortu zuten ekitaldira hurbildutakoen artean. Barren.eus atariak jaso duenez, txistuka hasi ziren herritar batzuk, eta ekitalditik alde egin zuten bertze batzuek. Elgoibar 1936 memoria elkarteak salatu zuen EAJk ekitaldia «alderdi interesen alde» erabili zuela: «Gu ez ginen EAJren mitin politiko batera gonbidatuak izan, eta gudari eta milizianoak alderdi interesetan erabiltzea oso larria eta maila baxukoa iruditzen zaigu. Zerikusirik gabeko gauzak nahasi eta giroa gaiztotu dute ekitaldian. Lotsagarria iruditu zaigu».
Elkarteak salatu du Elgoibarko Udalak haiekin zuen «konfiantza markoa hautsi» duela: «Borondate osoa daukagu elkarlana sustatzeko memoriaren berreskurapenaren defentsan, baina horrelako ekitaldi bat alderdi interesekin erabiltzeko gu ez gaude prest». Taldeak gaitzetsi du, halaber, ETBn ez dutela Memoria Ibilbidea «aipatu ere egin».
Gipuzkoako lehena
Atzo Elgoibarren aurkeztu zutena Gipuzkoan zabaldu duten lehen Memoriaren Ibilbidea da. 36ko gerrarekin lotutako leku garrantzitsuak zeharkatzen ditu, eta helburu nagusia biktimak omentzea da. Gogora institutuak, 2018tik, halako hogei inguru jarri ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Elgoibarko ibilbidea Altzola auzoan hasi eta Kalamuako tontorrean amaitzen da, eta bidean hainbat panel eta baliza jarri dituzte. Ibilbide horretako hainbat punturen aurkikuntzan zerikusia du 2007an sortutako Elgoibar 1936 taldeak. Tartean, ospetsuena 2012koa izan zen: Ahaztuen Oroimenak taldearekin batera eta Aranzadiren laguntzarekin, lau gudariren gorpuzkiak atera zituzten.
Artolazabal: «Parot ez da sekula gudari bat izan; hiltzaile odoltsu bat da»
Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Elgoibarren erraniko hitzek haserrea sortu dute memoria elkarteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu