Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa batean ondorioztatu dutenez, 2035. urterako Artikoko itsasoko izotza urtu egingo da. Aurkeztutako txostenak oinarritzat hartu du Lurraren azken aro beroan zer gertatu zen —duela 130.000-116.000 urte inguru— eta etorkizunean zer gerta daitekeen. Izan ere, Louise Sime British Antarctic Survey erakundeko modelatzaile eta ikertzaileak adierazi duenez, Lurraren azken aro beroan zer gertatu zen ulertuz gero, zientzialariei askoz errazagoa zaie ulertzea etorkizunean zer gertatuko den.
Groenlandiako izotza urtzen, artxiboko irudi batean. Eric Rignot / EFE
Ikertzaileek jakinarazi dutenez, Lurraren garairik beroenean eguzkiaren eraginez ur putzuak eratu ziren Artikoko izotzaren gainazalean. Putzu horietan eguzkiaren erradiazioa pilatzen zen, eta horrek izotzaren urtze prozesua azkartu zuen.
Izotzaren gainazal zuriak eguzki izpiak islatzen ditu, baina, hura urtzean, izpiak ezin dira islatu, eta itsasoko urak xurgatu egiten ditu. Ondorioz, ura berotu egiten da, eta ur horrek izotz gehiago urtzen du. Etorkizunean berriro ere hori gertatzen bada, Artikoko itsasoko izotza datozen hamarkadetan urtu egingo dela kalkulatu dute ikertzaileek.
Hartz zuri bat, izotz zati baten gainean, harrapakina jaten. Comm Photo / EFE
Izotza urtzea kaltegarria izan daiteke planetako iparraldeko faunarentzat; izan ere, izotzak ekosistema polarretako hainbat bizimodu mantentzen ditu. Esate baterako, ikerketa baten arabera, klima aldaketaren eraginez izotza urtuz doanez, hartz zuriak 2.100. urterako gal daitezke.