Javier Franco San Sebastian. AZTIko ikertzailea

«Artikoan eta Pazifikoko uharte urrunenetan ere agertzen dira plastikoak»

Plastikoa da itsas zabor ugariena. Horrek dakarren kalteari aurre egiteko, Francok uste du plastiko gutxiago kontsumitzen saiatu behar dela; baina onartu du zaila dela, sistemak ez baitu laguntzen.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Itsas Jardunaldiak egiten ari dira egunotan Bilboko Ekoetxean. Javier Franco San Sebastian izan da hizlarietako bat (Bilbo, 1966); Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen Kudeaketa arloko teknikaria da AZTIn, eta astelehenean itsasoan plastikoek duten eraginari buruz jardun zuen.

Plastikoak, itsasoen kudeaketarako erronka globala izenburua jarri diozu hitzaldiari. Zergatik «globala»?

Hasteko, plastikoak mundu osoan ekoizten direlako. Bestalde,itsasora neurri berean sartzen ez badira ere —zona batzuetan beste batzuetan baino askoz plastiko gehiago itsasoratzen da—, behin itsasora iritsita, toki guztietan agertzen dira. Artikoan eta Pazifikoko uharterik urrunenetan ere agertzen dira plastikoak; itsaslasterrek garraiatzen dituzte. Munduko erronka handiekin hori gertatu ohi da: jatorria konkretua da, baina geroko arazoa, orokortua.

Zein da arazoa, produktu askok eta askok dauzkatela plastikozko osagaiak?

Bai, hala da. Ohiko materiala da, eta erabilera hain zabalduta dago, gaur egun bizimodua oso arrotza litzaiguke plastikorik gabe. Berez, materiala ez da txarra; arazoa da ez garela gai plastikoen erabilera zikloa ondo ixteko.

Itsas zabor ugariena da plastikoa?

Bai, itsasoko hondakinen %75 plastikoak dira. Itsas sistemaren konpartimentuetan gehien dagoen zabor mota da; itsas organismoetan ere bai. Izan ere, organismoek ez dituzte sabeleratzen hain erraz beste zabor mota batzuk. Plastikoak, aldiz, askotan agertzen dira, eta mota askotakoak.

Zelan iristen dira itsasora?

Itsasoratzen den plastikoaren %80k lehorrean du jatorria. Iturriak izan daitezke ondo tratatu gabeko ur zikinak, isuri zuzenak ibaietan edo itsasadarretan, industria... Gezurra badirudi ere, oraindik ere, zenbait pertsonak zakarra botatzen dute hondartzara edo kostaldera doazenean.

Eta zer gertatzen da plastikoa itsasora iritsitakoan?

Hortik aurrera, hainbat prozesu fisiko, kimiko eta biologiko direla medio, plastikoaren itxura, ezaugarriak eta jokabidea aldatzen hasten dira. Plastiko handiak zatituz doaz, eguzki argiak degradatze efektu oso indartsua dauka, eta prozesu biologikoak ere gertatzen dira. Adibidez, partikula bat itsasoratzen denean —plastikoa izan edo ez—, organismoak hori kolonizatzen hasten dira. Horrek, halaber, eragiten du materiala degradatzea eta haren ezaugarriak aldatzea, edo dentsitate handiagoa hartzea eta hondoratzea. Beraz, prozesu horien eraginez, materialaren jokabidea aldatzen da. Gainera, itsaslasterren ondorioz, plastikoak itsasoan zabaldu eta lekualdatu egiten dira.

Plastikoen tamainaren arabera aldatzen dira fenomeno horiek?

Garrantzia dauka tamainak; izan ere, neurriaren arabera, tamaina desberdinetako organismoei eragiten diete. Neurrien artean nolabaiteko koherentzia dago. Nanoplastikoak dira plastiko txikienak eta organismo oso txikiei eragiten diete, batez ere, kimika ikuspegitik. Neurria handitu ahala, plastiko edo zabor handiek organismo gero eta handiagoei eragiten diete, eta eragin fisikoak gailentzen zaizkie eragin kimikoei. Gero eta txikiagoak izan, organismo txikiagoei eragingo diete, eta ondorioak kimikoak izango dira. Aldiz, gero eta handiagoak izan, organismo handiagoei eragiten diete, eta ondorioak fisikoak dira.

Arazoa globala da. Konponbideak ere globala behar du?

Arazoari aurre egiteko, nire iritziz, hainbat modu eta neurri daude. Adibidez, toki batzuetan industriak erantzun egin du, presio sozialari esker. Beste batzuetan, tokiko gobernuek eta administrazioek ezarri dituzte neurriak. Ez da erabaki behar goitik behera edo behetik gora esku hartzen den, bi eratan egin daiteke. Industriek, administrazioek zein gizarteak esku har dezakete. Tokiko kanpainak ere garrantzitsuak dira: adibidez, kostan zaborra biltzekoak. Zakarra kentzeaz gain, kontzientzia harrarazten dute. Egunerokoan, plastiko gutxiago kontsumitzen saia gaitezke, baina zaila da: sistemak ez digu batere laguntzen. Adibidez, fruta dendetan poltsa asko hartu behar dira, eta, gainera, plastikozko eskularruak jantzi behar dira!

Badago plastikoaren ordezko aukerarik?

Ez dut gai hori menderatzen, baina filmetan paper poltsak erabiltzen dituzte supermerkatuetan. Plastikoa baino hobea dela uste dut. Bestela, badaude material biodegradagarriak; hor daude, adibidez, fekula poltsak, gai organikoetarako erabiltzen diren horietakoak. Baina poltsez gain, bestelako formatu askotan dago plastikoa. Adibidez, plastikozko ur botilak erabiltzen diren tokietan, iturriko ura pitxerrean jar dezakete. Askotan, uste dugu botila edukiontzi horira botatzearekin nahikoa dela, baina hobe litzateke plastiko kontsumoa urritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.