Artikoa salbatu ala klimak ito

Greenpeaceren ustez, Donostiako Kontxa eta beste hondartza batzuk XXI. mendean desager daitezke Artikoa urtzen baldin badaGoi Artikoa babestu ahal izateko santutegi izendatzeko eskatu du talde ekologistak

Donostiako Kontxa hondartza ingurua, gaur egun; eta alboko irudian, 2100ean nola geldi daitekeen, Greenpeace talde ekologistaren arabera. GREENPEACE.
urtzi urkizu
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Artikoa uste baino azkarrago ari da berotzen. Planetaren gainontzeko lekuak baino bi aldiz bizkorrago berotu da hogei urte hauetan. Urtzen ari da. Eta horrek ez du eragina Artikoan bakarrik, planeta osoan baizik. Euskal Herrian ere bai, Greenpeace talde ekologistak txosten batean ohartarazi duenez. Adibideen artean, Donostiako Kontxa jarri du. Argazki batean gaur egungo egoera ikusten da, bare. Bestea mende honen amaieran ikus litekeena, Artikoaren urtzea gelditzen ez bada. Bigarren irudi horretan Alderdi Eder ingurua eta Kontxako pasealekua urpean ageri dira.

Artikoaren urtzeak eta klima aldaketak ekar ditzaketen ondorioak ez dira nolanahikoak. XXI. mendean Euskal Herrian tenperaturak nabarmen igo daitezke. Ur edangarriaren eskasiak nekazaritzan ondorioak ekarriko lituzke; energia eskaria handituko litzateke; mendietako suteak ugarituko lirateke, eta haiek itzaltzea zailagoa litzateke; itsasoaren maila igo, eta olatu erraldoiak iritsiko lirateke kostaldera; ekaitz handiak eta ziklogenesiak ugarituko lirateke; itsasoak azidotuko lirateke; eta berotegi efektuko gasak ugarituko.

Greenpeacek jakinarazi duenez, aditu askok diote datozen urteetan Artikoa udako egun batzuetan izotzik gabe gera daitekeela. «Fenomeno horrek kliman eragina izango luke. Planetaren tenperatura igotzeak Errusian eta Groenlandian hainbat milurtekotan finkatutako izotza urtzea ekarriko luke. Ondorioz, itsasoaren maila nabarmen igoko litzateke, eta berotegi efektuko gasak askatu», ohartarazi du talde ekologistak.

Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, Euskal Herrian mende honetan bost eta zortzi gradu artean igoko dira tenperatura handienak. Klima aldaketak ekar ditzakeen balizko hondamendiak saihesteko, aditu batzuek uste dute segurtasun mugak 1,5 gradukoa izan behar duela.

Eragina sektore askotan

Greenpeaceren ikerketaren arabera, bestalde, klima aldaketak arriskuan jar ditzake sektore ekonomiko asko. Turismoak, adibidez, mende amaieran ondorioak pairatuko lituzke udako klimaren egonkortasuna aldatuz gero. Elurretako turismoak ere ondorioak jasango lituzke.

Ardogintza izan daiteke beste kaltetuetako bat. Ardo ona lortzeko, lur eta klima baldintza bereziak behar dira. Iaz Conservation International erakundeak ohartarazi zuenez, mahasti asko eta asko dauden lurrak ez dira baliagarriak izango 2050. urterako. Klima aldaketak arriskuan jar ditzake Europako hainbat lekutako ardoak.

Kostaldean dauden eraikuntzak eta etxebizitzak, halaber, arriskuan egon daitezke datozen urteetan. Itsasoaren maila igotzeak eta denborale ziklonikoek XXI. mendearen bigarren zatian kostaldean bizitzearen arriskuak handituko ditu. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi du Espainiak, Galiziak, Kataluniak eta Euskal Herriak kostako defentsak indartu beharko dituztela.

Klima aldaketak ekar dezakeen beste ondorio bat eltxoen eta gaixotasun infekziosoen zabalkuntza da. Tenperaturak igo eta hezetasuna handitzearekin batera, Euskal Herrian eta aldameneko lurraldeetan orain arte egon ez diren eltxo batzuk ugaritu daitezke. Ebro ibaiaren inguruan, adibidez, anofele eltxoa bizi da, eta baldintza ekologiko eta klimatiko berezietan malaria kutsa dezake.

Testuinguru hori guztia aintzat hartuz, Greenpeacek eskatu du Goi Artikoa babesleku izendatzeko, «ekosistema bakar eta ahul hori babesteko». Petrolio prospekzioak eta arrantza debekatzea funtsezkotzat jo du talde ekologistak. Espainiako Gobernuari eskatu dio babesleku izendatzearen alde egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.