Guardia Zibilaren Naturaren Babeserako Zerbitzuak (Seprona) txosten bat egin du Artaxoako (Nafarroa) Ecofert Sansoain enpresak jasotako hondakinei buruz, eta nabarmendu du planta horretara hondakinak bidaltzen dituzten 78 entitateetatik lauk lixibiatuak bidali zituztela, ez lohiak. Eldiario.es agerkari digitalak lortu du Sepronako kapitain batek sinatutako txostena; Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiari eman dio txostena, kasuan aurrera egiteko. GuraSosek udazkenean jarritako salaketa bat ikertzen ari da fiskaltza, eta testuinguru horretan egin du Sepronak txosten hori.
Ikusi gehiago
Guardia Zibilaren arabera, lixibiatuak bidaltzen zituzten lau entitate horien hondakinak putzu berean nahasten ziren; hori dela eta, ezin dute jakin zehazki entitate bakoitzak zer motatako hondakinak bidali zituen, baina putzu horretan hartutako laginek «toxikotasun zantzuak» erakutsi dituztela dio Sepronak txostenean. Gainera, jakina da putzu horiek gainezka egin zutela, salaketa anonimo baten ostean ikuskatu egin baitzuten Ecofert Sansoain planta, eta ikusi baitzuten gainezka egin ostean likidoak ondoko antapara batera isuri zituztela; 20.001 euroko isuna jarri zioten horregatik, eta Guardia Zibilak adierazi du uretako organismoentzat «arriskutsuak» direla isuri horiek. Horrez gain, Sepronak dioenez, pentsatzekoa da putzu horren sakoneko hondakinetan metal pisutsuak egongo direla.
Artaxoara lixibiatuak bidali dituzten bi entitate ezagunak dira: Tuterako Oleofat enpresaren planta (Nafarroa) eta Zubietako erraustegia (Gipuzkoa). Lehenak 14.000 tona hondakin bidali ditu Ecofert Sansoainera, nahiz eta enpresak dioen ez direla lixibiatuak, oso likidoak diren lohiak baizik. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko isun bat proposatu du enpresa horren aurka. Bestalde, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik iazko abenduan baieztatu zuenez, Zubietako erraustegian sortutako «hondakin likidoak» ere jaso ditu plantak. Erraustegiaren eta Ecoferten arteko kontratuan zehaztu zuten 200 tona hondakin eramango zituztela Artaxoara, baina 2022 eta 2023 artean 5.523 tona lixibiatu bidali zituzten.
Ikusi gehiago
Atzo El Diario Vasco egunkarian Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua elkarrizketatu zuten, eta bertan azaldu zuen ez dakiela une honetan delituren bat egozten dieten, ezta delitu horiek zeinek egin dituen ere. «Baina delitu horiek existituko balira, esan behar dudana da hondakinen garraioa, kasu honetan hondakin lixibiatuak, plantaren kontzesiodunak egin duela, kudeatzaile baimendutakoen bidez eta beti Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ikuskaturik».
Asensio eta Aierdiren arteko xextra
Artaxoako hondakinak kudeatzeko plantak lohi organikoak bakarrik jaso ditzake, eta kasuaren ardatzean dagoen arazoa da tratatu ezin dituen hondakinak jaso izan dituela, baina garrantzia hartzen ari den eztabaida beste bat da: irregulartasun horien ardura norena den. GuraSosek agerraldia egin zuen martxoan Nafarroako Parlamentuan, eta adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna dela erraustegiak hondakinei ezarritako kodea zuzena dela egiaztatzea. Horri erantzunez, apirilean Nafarroako Gobernuak azaldu zuen ez dela bere ardura jasotzen dituen hondakinen karakterizazioa egitea. Horrez gain, Guardia Zibilak esan duen moduan, Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak adierazi zuen jada ez dela posible Gipuzkoatik Artaxoara bidali ziren hondakinak toxikoak diren edo ez jakitea, iturri ezberdinetako hondakinak nahastu direlako.
Aierdik Gipuzkoari egotzi zion 5.000 tona hondakin lixibiatu baino gehiago Nafarroara bidaltzea, eta Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordean PSNk duen eledunak, Carlos Mesak, hondakin horiek «ekotoxikoak» zirela adierazi zuen. Akusazio horiei erantzun die Asensiok El Diario Vasco-n: «Aierdi kontseilariak Ecoferten gertatzen denaz arduratu beharko du, baina baieztapen batzuk egitean guztiz nahastu zen. Arduratu beharko luke bere lurraldean dagoen enpresa batek egiten duenaz; berak jakin behar du zer gertatzen den hor. Baina Ecoferten kudeaketa arazoek ez dute zerikusirik Gipuzkoako hondakinekin». Gaineratu zuen orain Bizkaiko Sader enpresara bidaltzen ari direla hondakin horiek.