Artatu ahal izateko, libre

Asteartean aterako da Roazhongo espetxetik Lorentxa Gimon, larri eri den preso angeluarra.Ez du eskumuturrekorik eraman beharko.Bagoaz-ek dio «garaipen politikoa» dela dei auzitegiaren epaia

Joan den larunbatean manifestazioa egin zuten Roazhonen, Gimon askatzearen alde. M. A. TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Angelu
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Etxean, aske, eta eritasunari aurre egiteko baldintza onetan egoten ahalko da heldu den asteartetik aitzina Lorentxa Gimon. Parisko Dei Auzitegiak eman du epaia: joan den azaroaren 24an Zigorren Ezartzeko Auzitegiak emandako deliberoa berresten duela, hots, baldintzapean aske geldituko dela larriki eri den presoa. Lehenbiziko epai horretatik aldaketa batzuk eginda utziko dute libre, gainera: eskumuturrekoa ez du eraman beharko, erraterako. Horrek eritasunari «errazago» aurre egiten lagunduko dio, Maritxu Paulus Basurko Gimonen abokatuak jakinarazi duenez.

Pozez baina sentimendu «gazi-gozoarekin» hartu zuten atzo erabakia azken aste eta hilabeteotan Gimonen alde mobilizatzen aritu direnek. Halaxe adierazi zuen Emilie Martin Bagoaz-eko bozeramaileak atzo Angelun (Lapurdi), epaiari buruz Sare mugimenduarekin batera egindako agerraldian: «Azkenean presondegitik aterako da Lorentxa [Gimon], bai, baina egoera oso larrian. Haren osasun egoera txartu egin da azken aste eta hilabeteotan, eta hiru aldiz ospitaleratu behar izan dute urgentziaz».

Frantziako Gobernua jo du Bagoaz-ek sufrimendu horren erantzuletzat: «Estatuek euskal presoen kontra duten mendeku politikaren adibide argia da Lorentxa». Parisek «bake prozesuan» eta presoen gaian inolako pausorik eman nahi ez izana salatu du Martinek: «Ez dugu ahanzten».

Paulus Basurko abokatuak Frantziako Justizia sistemaren ardura ere nabarmendu du: «Behar izan dugu itxoin otsailaren 25era arte izateko bigarren erabaki hori: zenbat hilabete galduak, zenbat sufrimendu gehiago gehitua hilabete horietan!». Azken ebazpenean lehenaren baldintzak kendu izanak Gimonen «kalbarioa» agerian uzten duela ohartarazi du abokatuak, bestalde: «Gaur egungo erabakia lehen erabakia baino askoz hobea da, ahalbidetuko duelako bere eritasunari behar bezala aurre egitea. Oso garrantzitsua da: argi uzten du nola dagoen Lorentxa Gimon, eta epaitegiak zer ikuspuntu duen horretaz». Eskumuturreko elektronikorik eraman behar ez izatea da lehen epaitik bigarrenera dagoen alde nagusia.

«Garaipen politikoa»

Epaitegiaren erabakia «legearen aplikazio hutsa» izan arren, «lorpen politikoa» eta «dinamikaren ondorioa» dela uste du Bagoaz kolektiboak. Hori dela eta, eskertu nahi izan dituzte azken hilabeteotan egindako elkarretaratze, manifestazio, itxialdi, ekintza baita espetxe barneko borrokak ere. Gimonek berak ere eskerrak eman dizkie mobilizazioetan parte hartu duten pertsona guziei, abokatuaren ahotik: «Lorentxaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet mobilizatu diren guziei».

Gimonen aldeko «batailatik» «indartsu» eta «beste erronka guziak irabazteko oraino determinatuago» ateratzen direla adierazi du Bagoaz-ek. Martinek gogoratu duenez, hain zuzen, preso ugari dira oraindik baldintzapeko askatasuna eskatu baina halakorik jaso ez dutenak. Frederique Haranburu Xistor, Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parotek espetxean 26 urte beteko dituzte laster, erraterako. Horien aldeko mobilizazioa iragarri dute jada: manifestazioa eginen dute heldu den apirilaren 9an, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Sareko Teresa Todak atzo Angelun gogoratu zuenez, bertzalde, eritasun larriak dituzten hamar preso espetxean dira oraindik: «Ez genituzke horrelako albisteak jaso behar, gaixo dauden presoek etxean beharko luketelako; denek, salbuespenik gabe». Gimon askatzearen erabakia «pozez» hartu arren, hain justu, halakorik berriro ez gertatzeko nahia agertu du Todak: «Ezin da errepikatu». Angeluarraren askatzea adibide hartuta bertze guziak libratzea galdegin du: «Gimonen kasua aurrekaria izatea espero dugu, azkar jorratu beharreko aurrekaria. Instituzio guztiek, justizia eremukoek barne, pausoak eman behar dituzte, inoren zain egon gabe».

Giza eskubideen errespetuan kokatu du afera Todak: «Espetxeetan gaixotasun horiei aurre egitea edozein ikuspuntu humanotik at dago; espetxean eta sakabanatuta, are gutxiago». Eskubide horiek errespetatzeko Sare mugimenduak abiaturiko Hartu Trena dinamika ekarri du gogora, zeinaren bidez larriki eri diren presoak askatzea eskatuko duten, bertzeak bertze. «Espero dugu lehenbailehen preso gaixoen bagoia hartu behar ez izatea, alegia preso gaixo guztiak etxean egotea, larria delako». Konpromisoak «batu eta aktibatzeko» eskatu du helburu hori lortzeko: «Lortu, lortuko dugulako, ziur».

Etxerat elkarteak ere «pozez» hartu du Gimon askatzeari buruzko erabakia, baina berant etorri izana deitoratu du: «Haren egoeragatik onartu den askapen hau hiru hilabetez atzeratu du prokuradoreak, eta bitartean Lorentxaren egoerak okerrera egin du: hiru aldiz izan da ospitaleratua». Gainerako presoak ere izan ditu gogoan: «Beraz gain, gaixo diren eta kalean beharko luketen gainontzeko presoek pairatzen duten atzerapen bat».

Ipar Euskal Herriko CFDT sindikatuak ere eskatu du larriki eri diren bertze presoak eta baldintzapeko askatasuna eskatua dutenak askatzeko. Sakabanaketaren «zigor bikoitza» bukatzea galdegin du, bertzalde: «Espetxe zuzenbideak ezin ditu euskal presoentzako neurri bereziak sortu». Bake prozesuari begira Espainiako Gobernuak daraman «jarrera uzkurretik askatzea» galdegin die CFDTk Frantziako Gobernuari eta epaitegiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.