Minduta mintzatu ziren atzo eguerdian, Onkologikoaren parean, Donostian, bertan igaro urteotan minbiziaren kontrako tratamendua jaso duten bi emakume, Olatz Mercader eta Sandra Barkaiztegi. Zentroko pazienteek eta erabiltzaileek beren gertukoekin batera berriki eratu duten elkartearen izenean mintzatu ziren, eta adierazi zuten zentroko auditoriumean egin nahi zutela agerraldia, baina ez zietela horretarako biderik eman Onkologikoko buruek. Argudiatu zieten ez zutela «dibulgazioa» egiteko asmorik, ez direla Onkologikoaren «parte», eta era horretan ukatu zieten baimena. Horiek horrela, kalean bertan mahai bat jarri, eta han hartu zuten hitza. Kezkatuta, salatu zuten Onkologikoak «erreferentzialtasuna» galdu duela.
Ikusi gehiago: 45 minututik bost ordura
Nabarmendu zuten garai batean pazientea modu «koordinatuan eta integralean» artatzen zutela zentroan, eta minbizian ardaztutako izaera «monografikoa» zuela. Baina uste dute orain ez dela halako arta bermatzen. «Oso kezkatuta gaude pazientearen arretan izan duen bilakaeraz», azaldu zuten. Biek nabarmendu zuten langileek eman dieten artari begira esker ona besterik ezin dutela erakutsi, baina zentroko arta eredua ez dela lehen bezalakoa. Uste dute garai batean «punta-puntakoa» zela zentroa, eta hori galdu egin dela orain; itxaroteko epeak oso laburrak izaten ziren, eta gaixoenganako «gertuko tratuan» ardazten zuten arta osoa. Orain, hutsuneak ikusi dituzte.
Arta guztia Onkologikoan bertan jaso beharrean, «hainbat zentrotara» joan behar dute askotan gaixoek. Zenbait proba, esaterako, ez dizkiete han bertan egiten, eta, horiez gain, «itxaronaldi» luzeak egin behar izaten dituzte usu Onkologikoan bertan tratamendua jasotzeko.Gaiaren garrantzia nabarmentze aldera, nabarmendu zuten Gipuzkoan minbiziak eragindako «heriotzen tasa» estatuko batezbestekoa baino handiagoa dela, eta, «gaixotasunaren gogortasuna» ondo ezagutzen dutenez, «kezka» besterik ezin dutela erakutsi horren inguruan.
Aldarri bateratua
Ez da kexa berria. Onkologikoko langileak ere aspaldi ari dira protestan zentroak bere izaera galdu duelako. Izaera horri eutsita, Osakidetzan guztiz «integratzeko» eskeak ere askotan ozendu dituzte. Pazienteen elkarteko ordezkariek ere uste dute langileen «ziurgabetasun egoerak» ez duela batere laguntzen. Horiek horrela, bat egin dute langileen aldarriarekin, eta Onkologikoaren «integrazio osoa» eskatu dute: «Egiturazkoa zein organikoa». Egoeran eragiteko asmoz, manifestazio baterako deia egin dute hilaren 15erako, langile batzordearekin batera. Donostian bertan izango da; Bulebarretik aterako da, 12:00etan, eta Zuloaga plazan amaituko dute. Onkologikoa monografikoa eta bizirik aldarriak batuta aterako dira.
Langileen kexen artean dago Onkologikoa «gutxiegi» erabiltzen dela gaur egun, eta hori bera deitoratu dute atzo pazienteek egin zuten agerraldian zabaldutako oharrean ere. Horren ondorioen larriaz ohartarazi dute, eta esan dute itxaron zerrendak, adibidez, %20 luzatu direla urteotan. Salatu dutenez, datuak horiek izanda ere, Onkologikoan ia ez dute jarduera kirurgikorik egiten, eta erietxeko oheen %10-15 erabiltzen dira. «Baliabideen erabilera hori lotsagarria da itxaron zerrenda onartezinak dituen osasun egoera batean».
Kutxa fundazioarena zen lehen Onkologikoa, eta, itun baten bidez, Osasun Sailarekin ari da orain «lotura prozesu» batean. Bi erakundeei eskatu diete «definitzeko» behingoz zentroaren «arreta eredua», langileen jarraipena bermatzeko, eta Osakidetzaren egitura barruan sartzeko, betiere zentroaren «estilo monografikoa» bermatuta.