Arrueta-Sarrikotako gizon bat zigortu dute, hainbat adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Baionako auzitegi batek bost urteko espetxe zigorra ezarri dio, baina horietatik bi baino ez dira irmoak. 76 urte ditu, eta ez da espetxera itzuliko.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat, Larresoron (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat, Larresoron (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 11
20:15
Entzun

Baionako auzitegi batek bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Arrueta-Sarrikotako (Nafarroa Beherea) 76 urteko gizon bati, hainbat adingaberi sexu abusuak egin izana egotzita. Gizona harrera familia gisa aritzen zen, «zailtasunak dituzten gazteak aterpetzen», eta, epaiaren arabera, horretaz baliatzen zen sexu abusuak egiteko. Ezarritako bost urte horietatik bi baino ez dira irmoak; gizonak ez du espetxera itzuli beharko, behin-behinean egindako espetxealdiak, 2021eko martxotik 2023ko uztailera egindakoak, denbora hori gainditu baitzuen.

Gizonak 2012tik ziharduen langintza horretan. Atxilotu zuten arte, 149 adingabe igaro ziren haren aterpetxetik. 2021eko martxoaren 31n atxilotu zuten, eta orduan plazaratutako informazioetan adierazi zuten 80 inguru izan zitezkeela erasoak pairatutako gaztetxoak. Horietako askok, baina, ez dute salaketarik aurkeztu nahi izan, eta epaiketan bostek baino ez zuten lekukotza eman.

Epaiketan, akusatuak ukatu egin zuen abusuak egin izana, eta haren abokatuak protesta egin zuen auziaren luzamenduak direla eta. Fiskalak, berriz, nabarmendu zuen elkar ezagutzen ez zuten zenbait umek garai desberdinetan eman zituztela testigantzak eta, hala ere, guztiek bat egiten zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.