Arrotxapeko gaztetxeko kideek karrikara eramanen dituzte ostegunean bizitakoak salatzeko aldarriak, argi baitute oihukatu beharrekoa: Polizia era «itogarrian» jazarri zaiela Arrotxapeko gaztetxea hustearen kontra protesta egindako gazteei. Gaztetxeko kideek agerraldia egin zuten atzo, eraikina hustu izana eta Poliziaren indarkeria salatzeko. Orduan iragarri zuten protestarako deialdia: hilaren 11n, gaur zortzi, manifestazioa eginen dute auzoan. Maiteminduen parketik abiatuko dute mobilizazioa, 18:00etan. Antolatzerik ez espaziorik gabe izanen dute leloa.
Espainiako Poliziak herenegun hustu zuen gaztetxea, epailearen aginduz eta foruzainen eta udaltzainen laguntzarekin. Goiz-goizetik, hainbat gazte bertaratu ziren eraikinaren parera, «gaztetxea defendatzeko», eta poliziak gogor oldartu zitzaizkien gazteei, pilotakadaka eta borrekin. Gazteek zehaztu dutenez, agenteek 50 lagun baino gehiago zauritu zituzten horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten.
Kausa judiziala irekita
Poliziak 150 pertsona inguru identifikatu zituen ostegunean, eta sei manifestari eraman zituzten atxilo. Atzemandakoek polizia etxean igaro zuten gaua; atzo goizean askatu zituzten. Iruñeko guardiako epaileak hala erabakita, behin-behinean utzi dituzte libre, eta ez diete kautelazko neurririk ezarri. Kausa judiziala irekia dute, ordea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, desordena publikoak eta lesioak eragitea eta poliziei eraso egitea leporatuta ikertuko dituzte.
[YouTube]https://youtu.be/0ivgxHF7w_0[/YouTube]
Espainiako Poliziak ostegunean izandako jokabideak ikusirik, askotariko iritziak ailegatu dira azken egunotan, errenkadan. Besteak beste, Poliziaren jarduteko modua kritikatu du Iruñeko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Joseba Asironek. Operazioan poliziek izandako jarrera «oso zalantzazkoa» eta «gehiegizkoa» izan zela adierazi du.
Arrotxapeko gaztetxeak atzo beteko zituen bost urte okupaturik. 2016ko irailaren 3an hartu zuten eraikina, gune autogestionatua sortzeko. Eraikina hutsik dago orain, eta jadanik hasiak dira hura eraisteko lanetan. Etxebizitzak eraikiko dituzte bertan. Gaztetxekoek salatu dutenez, «aberasteko interesa beste ezeren gainetik jarri dute».
Arrotxapeko gaztetxekoek manifestaziora deitu dute datorren larunbaterako
Poliziaren indarkeria salatuko dute, eta gazteak antolatzeko espazioen premia aldarrikatu. Aske dira ostegunean atxilo eramaniko sei gazteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu