Arropa, izarak, mantak, oinetakoak... Denetik dago, eta tonaka, Ziordiko N-1 errepide zaharreko 392. kilometroan dagoen pabiloian. Baina ez da outlet bat. Norbaitek hilabeteak daramatza jantziak kamioikadaka botatzen pabiloi abandonatuan. Eta nor den misterio bat da oraindik, Nafarroako foruzainak egiten ari diren ikerketaren emaitzen zain.
Gurelur natura babesteko Nafarroako funtsak salaketa bat plazaratu zuen aste hasieran. Haien arabera, berriz erabiltzeko kanpainetan jasotakoa da arropa, herritarrek fede onez emanikoa, Gipuzkoan edo, beharbada, Hego Euskal Herri osoan. «Herritarrek berriz erabiltzeko ematen duten arropa modu lotsagarri eta legez kanpokoan botatzen ari da Gipuzkoako enpresa bat», adierazi dute. Toño Munilla Gurelurreko idazkariak BERRIAri esan dionez, «milaka pertsonaren kontzientzia zapaltzen ari dira».
Ziordiko Udalak bilkura berezi bat egin zuen herenegun eguerdian, eta agiri bat zabaldu zuen ondoren. Horren arabera, hainbat herritarrek udazkenean jakinarazi zioten pabiloian arropa botatzen ari zirela. Irail bukaeran, udala Foruzaingoarekin jarri zen harremanetan, auzia iker zezan.
Kamioiaren atzetik
Gurelurreko boluntario batek abisatu zion udalari, ekologisten arabera, kamioi bat heldua zela arropa botatzera. «Hari jarraitzea erabaki genuen», esan du Munillak. Kamioiaren matrikula hartu zuten ekologistek, eta argazkiak egin zizkioten. Adierazi dutenez, garraioak Astigarragako (Gipuzkoa) Ekotrade enpresan zuen jatorria.
Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak kudeatzen ditu enpresak, eta baita «arriskutsuak ez diren hondakin asko» ere, haien webgunearen arabera. Moyua eraikuntza enpresa da Ekotraderen akziodun nagusia.
Enpresak ekologisten salaketaren inguruko ohar bat plazaratu zuen astearte gauean. Horren arabera, Ziordian jazotakoa«gertaera puntual» bat izan zen, eta nabarmendu zuten enpresarekin lotura zuzena ez duten profesionalek egiten dituztela garraio lanak.
«Ekotradek ez du garraiorako ibilgailu propiorik. Garraio zerbitzuak enpresatik kanpoko profesionalei kontratatzen zaizkie, eta haiek garraiatzen dituzte hondakinak», idatzi zuten enpresako arduradunek. Adierazi zuten ez dutela loturarik Ziordian gertatutakoarekin, «ez zuzena, ez zeharkakoa», eta ez dutela zerikusirik pabiloiarekin. Salaketa eragin duen gertaera «erabat puntuala» izan dela gaineratu dute, eta hori «dagokien agintariekin konpontzeko bidean dagoela».
BERRIAk Moyua enpresako arduradunekin hitz egin du, eta baieztatu egin diote euren arropa sorta bat Ziordiko pabiloian bota zutela. Edonola ere, hara eraman izana «hutsegite» baten ondorioa izan zela adierazi dute. Normalean Vianako (Nafarroa) zabortegira eramaten dute arropa, hura jasotzen duten elkarteek «gehiago erabiltzerik ez daukatenean». Kamioilaria nahastu zela ikusi zutenean, gertatutakoaren berri eman zioten Nafarroako Gobernuari, azaldu dutenez. Ziordian kamioikada bat arropa baino gehiago dagoela aipatuta, Moyuakoek adierazi dute eurek ez dutela zerikusirik horrekin, eta «sorta bakarra» izan zela berretsi dute.
Narbitzeko eskaera
«Udalak egoera honi buelta emateko behar besteko kudeaketak egin ditu, eta egiten jarraituko du, baina, zoritxarrez, gaur-gaurkoz egoera ez da aldatu», gaineratu du Olatz Irizar Martinez buru duen korporazioak. Udalak eskatu dio Nafarroako Gobernuari pabiloian dauden hondakin zaharrak kentzeko, eta «ikerketa sakon bat egiteko arropa hori nondik datorren eta orain zergatik dagoen hemen argitze aldera». Enpresari, berriz, arropa ahalik eta azkarren eramateko eskatu diote.
Pabiloi horretan zohikatza edo konposta egiten zuen Aralurrek 2013. urtera arte, baina orain likidazioan dago, eta administratzaile baten esku, Jose Urrestarazu arduradun ohiak BERRIAri azaldu dionez. Nafarroako Gobernuak itxi egin zuen enpresa, Gipuzkoako zabor organikoa han jasotzen zutelako, konpostatzeko, «baldintza desegokietan», gobernuaren arabera. Urrestarazuk salatu duenez, pabiloiaren ateak zabalik daude egun, eta inguruko jende asko ari da zaborra botatzen hara. «Baina, arropa lehorrean dagoenez, eta hormigoiaren gainean, ezin da isuri gisa salatu». Urrestarazuk kontatu duenez, «beharrean» dagoen jende asko dabil handik janztekoak hartzen.
Pabiloian atzo egon ziren Euskadi Irratiko kazetariek beste egoera bat ikusi zuten. Teilatua kaltetuta dagoenez, arropa bustita dago, eta lokatz artean.
«Legez kanpoko kudeaketa horrekin, enpresa etekin handia lortzen ari da, kobratzen ari baita herritarrek ematen duten arropa berriz erabiltzen ariko balitz bezala». Italiako hainbat jokabiderekin parekatu dute: «Portaera mafioso hauek Italian gertatzen ari dira, zaborraren kudeaketarengatik ordaintzen ari direlako, jende guztiak dakien arren hondakin horiek Ziordian botatzen dituztenak bezala bukatzen dutela».
Egoerak herriari eragin dion kaltea nabarmendu dute ekologistek. «Nafarroako gunerik kutsatuenetako bat da, paisaia aldetik behintzat». Ohartarazi dute dozenaka kamioi beharko dituztela pilatutako zaborra kentzeko.
Baina nabarmendu dute ez soilik ziordiarrei, baizik eta herritar guztiei egin diela kalte: «Gertatzen ari denak arrazoia ematen die zenbait herritarri, aspaldi zalantza dutenei ea benetan birziklatzen ote diren horren kontu handiz banatzen ditugun hondakinak».
Ekologistak harremanetan jarri dira Ekotraderen arduradunekin, Munillak azaldu dutenez. Haiek Astigarragako egoitza bisitatzera gonbidatu ditu, nola lan egiten duten azaltzeko.
Ekologistek baietz erantzun diete, baina «konprometitzen badira arropa guztia erretiratzera, tratatzera eta benetan birziklatzera». Munillak esan du ikusi dutela «arazoa konpontzeko jarrera bat badagoela enpresaren aldetik». Ekologisten arabera, konponbidea ez da zaila: arropa jasotzea. Horrekin eurak pozik geratuko liratekeela adierazi du, eta udalak ere antzeko jarrera agertu duela nabarmendu du. Astelehenerako geratu dira, Astigarragan, «hau konpontzeko».