Arrisku bezainbat aukera herri mugimenduentzat

Marina Sagastizabalek eta Ainara Santamariak gizarte mugimenduen erronka berriak aletu dituzte UEUren ikastaroetan. Militantzia aldatu egin da, baina krisi orokorrek herri mugimendu berriak bultzatu dituzte: zaintzari lotuak, esaterako

Marina Sagastizabal soziologoa eta Ainara Santamaria antropologoa, atzo, Usurbilen, UEUren ikastaroan. JON URBE / FOKU.
xabier martin
Usurbil
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Erreleboa egiteko zailtasunak dituzte Euskal Herriko herri mugimenduek. Gazteen presentzia «ahula» da beste garai historiko batzuetakoekin alderatuta, eta bada kezka Euskal Herrian komunitateak ehuntzeko subjektu diren mugimenduetako eragileen artean, konpromisoarekin lotuta doan zama horri dagokionez. Feminismoari atxikitako taldeak dira joera horren salbuespena. Emakumeen ahalduntzeak gazte ugari erakarri ditu taldeetara, nahiz eta gehiago izan diren greba feministen olatuan parte hartu dutenak, luzaro parte hartu dutenak baino. Edonola ere, gizarte mugimenduak bizi-bizirik daude Euskal Herrian, eta «elkartasunean oinarriturik, arauen mugak hautsi eta beste zilegitasun batzuk ezartzeko daude gizartean» egungo krisi handien askotariko arazoei erantzungo bazaie. Azalpen horiek eta beste hainbat eman zituzten atzo Marina Sagastizabal soziologoak eta Ainara Santamaria antropologoak gizarte mugimenduen egungo eta etorkizuneko erronkei buruz, UEUren ikastaroetan.


 

Jakin aldizkariak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, komunitateak ehuntzeko «premiazkotzat» jotzen diren subjektuak jarri ditu gogoetaren ardatzean: herri mugimenduak. Haien jarduna sarri «gatazkatsua» gertatzen dela azaldu zuten adituek, barrura begira —liberatuen harira, adibidez—, eta kanpora begira ere bai, erakundeekin dituzten harremanen ondorioak direla eta. Gaur jarraituko du gogoetak, Usurbilgo Artzabal egoitzan (Gipuzkoa), izenburu honen pean: Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak.

Sagastizabalek eta Santamariak plazaratutako datuek eta hausnarketek herri mugimenduetan dabiltzanen hitza dute oinarri batik bat, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikerketa taldek (Nor, Afit, Ekopol eta Parte Hartuz) 2018tik gizarte mugimenduei eta parte hartze politikoari buruz egindako ikerketak izan baitituzte iturri. Kaleratu dituzten lanen heldulekutik abiatuta osatu dute Jakin jardunaldia, baita ondotik kaleratuko duten Jakin monografikoa ere.

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak esan zuen Euskal Herrian gizarte mugimenduek «akuilu lana» egin izan dutela. EHUko ikerketak gizarte mugimenduak ulertzeko argazki baten gisan aurkeztu zuen, eta horretan ezaugarri jakinak azaltzen dira: gazteen presentzia txikia da, nahiz eta gero gazte mugimenduak badauden; liberatuen presentzia areagotu da, eta, horrek eraginkortasuna ekarri badu ere, kezka bada militantziaren laxatzea eragin ote duen; gizon-emakumeek osatutako mugimenduetan feminismoak rol nabarmena jokatzen du feminismoa haietan ere presente egon dadin; halaber, mugimenduek aliantzen eta elkarlanen aldeko jarrera dute; eta, oro har, Euskal Herriko gizarte mugimenduak indartsuak dira, ehuntze prozesu bat izaten da maiz.

Gobernantza berria

Mari Luz Esteban antropologoaren aipu batekin itxi zuen Agirrek bere txanda, Jakin-ek gai honekin egingo duen zenbaki monografikoan zabalago azalduta agertuko dena: «Euskal Herrian herri mugimendu indartsu bat egon dela onartuta, horrek esaten digu gizarte bat ehuntzeko tresnak badaudela, baina, era berean, esaten digu badatozela desjabetze politiko, kultural eta etniko bat. Orain zein dira erronka berriak?», galdetu zuen Agirrek, auzi zerrenda ez baita makala: nola eragin du pandemiak? Gizarte neoliberalean gero eta zailagoa da militatzea? Inoizko krisi ekologiko eta zaintza krisi handienean zer gertatzen da erakunde publikoen eta gizarte mugimenduen arteko harremanean? Etenak daude?

Adituen erantzunak jaso aurretik, beste galdera sorta bat egin zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak: «Prest al gaude erakundeetan gobernantza berriari ekiteko? Herri mugimenduak eta erakundeak prest al daude botere horiek partekatzeko?». Solaberrietak uste du datozen erronkei aurre egiteko «ezinbestekoa» izango dela elkarlan hori erakundeen eta gizarte mugimenduen artean: «Klima aldaketa, gizarte pluralagoak, zaintza... Arazo horiek konplexuegiak dira, eta administrazioak ezinbestekoa du bestelako eragile pribatu eta komunitarioekin lan egitea». Halaber, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak gogoratu zuen UEU bera ere gizarte mugimendutik sortu zela, duela 51 urte, zenbait pentsalariren kezka eta ekimena tarteko.

Santamaria antropologian doktoreak esplikatu zuen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan loraldia izan zutela gizarte mugimenduek, eredu kapitalistaren aurka jo zutela, eta proposamen demokratikoagoak egin. Orain, teknologia sartu da mugimendu horiek egituratzeko tresna gisa, digitalizazioa, baina «krisi orokorren gizartean», herri mugimenduak berriz aktibatu dira, besteak beste «kolapso ekologikoa, zaintzaren krisia eta arrazakeriaren gorakada» direla eta. Krisi horiek desberdintasuna areagotu dutela azaldu zuen antropologoak, eta jendea «erakundeetatik urrundu» dela. Arroztasun sentipen horrek mugimendu berriak piztu ditu, beraz.

Begien bistakoa da, ordea, erakundeen eta herri mugimenduen artean badela harremana, batzuetan estua, eta zubi horiek «tentsioak» eragiten dituzte. «Liberatuen eta profesionalen presentzia areagotu egin da», eta horrek gizarte mugimenduak baldintzatu ditu. Nola? Batetik, onerako, «proiektuak bideragarriagoak bihurtzen dituelako eta botere harremanak orekatu». Bestetik, ordea, arriskuak dakartza kideen «konpromiso dinamikari» eta mugimenduen «autonomiari» dagokienez. Erakundeekin dauden harremanak ekonomikoak dira sarri, eta diru laguntzetatik harago doaz batzuetan. «Batzuek boluntarioez hitz egiten dute; beste batzuek, militanteez. Horrek ere ematen dio neurria herri mugimendu baten izaerari», osatu zuen Sagastizabal soziologoak.

Feminismoaren ekarpena

Eta nolakoa da gazteen parte hartzea gizarte mugimendu horietan? Oro har, ez da tradizionalki nagusitu den ikuspuntu luzekoa. Parte hartze «ahula» aipatu zuen Santamariak. Baina feminismoarekin lotutako mugimenduak salbuetsi zituen: «Neska gazte asko» inplikatuta daude, inplikazio horrek maila desberdinak dituen arren. Horrez gain, feminismoa «erreferentzia nagusia» bihurtu da gizarte mugimenduen barruko funtzionamenduan, arloa edozein dela ere zaintzari garrantzia berezia ematen baitzaio orain. «Metodologia parte-hartzaileak aplikatzen eskarmentu handia» dauka feminismoak, eta herri mugimenduetan haren ekarpena nabaritzen dela esan zuen Sagastizabalek: «Gizarte taldeek ere kultura maskulinizatuaren barruan egin dituzte harremanak; batik bat arrazoiari eman zaio lehentasuna».

Pandemia da herri mugimenduak baldintzatu dituzten beste aldagaietako bat. «Gogor jo du», Santamariaren arabera, «desaktibazioa» ere eragin du tarte batez, eta, kaleko presentzian eragin duenez, «herri mugimenduen eremu ohikoenean», izan du bere garrantzia, komunikazio molde berriak agertu diren arren. Paradoxa da pandemiak berak gizarte mugimendu berriak bultzatu izana, «elkartasun eta zaintza sareak» josita, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.