Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua izango da Eusko Jaurlaritzako jarduneko bigarren lehendakariordea gobernu berri bat osatu arte. Arriolak Idoia Mendia alderdikidea ordezkatu du, hark dimisioa aurkeztu baitzuen Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezteko. Mendiaren esku zegoen Lan eta Enplegu Saila, berriz, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak hartu du bere gain.
EAEko buletin ofizialean argitaratuta, gaur egin da ofizial Mendiaren kargugabetzea. Hark aurreko astean jakinarazi zion Iñigo Urkullu lehendakariari kargua uzteko asmoa, PSOEren Europarlamenturako bozetarako zerrendan aurkezteko. Eusko Jaurlaritza jardunean dagoenez, ezin da sailburu berririk izendatu. Hala, bere alderdikideek hartu dituzte Mendiaren lanak. Saileko gainerako kargudunek, ordea, euren lanekin jarraituko dute.
Mendia Urkullurekin bildu da gaur goizean, orain arteko lanaren balantzea egin eta Lan eta Enplegu Sailean egiteko geratu direnen inguruan aritzeko. Orain arte lehendakariorde izan denak adierazi du «baldintza bereziki zailetan» egin diotela aurre «ezohiko legealdi bati», eta pandemiak zein Ukrainako gerrak hartan izandako eraginak gogoratu ditu. Halere, bere sailak egindako lanaren balorazio positiboa egin du, enplegu arloan eskuratutako emaitzak «ikaragarriak» direla argudiatuta: «Milioi bat euskal herritar baino gehiago ari dira gizarte segurantzan kotizatzen». Hala, zehaztu du «harro» itxi duela Eusko Jaurlaritzan egindako etapa.
Mendiak azken urteetako elkarlana eskertu dio Urkulluri, eta lehendakariak ere gauza bera egin du kargugabetzea ofizial egin duen dekretuan, Mendiari «Euskadiren zerbitzura» egindako lana eskertuta.