Osasun arretaren kalitateaz txosten bat egina dute OME Osasunaren Mundu Erakundeak, Munduko Bankuak eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, eta zera ondorioztatu dute: «Tokiko hizkuntzen erabilera eta elkar ulertzea ezinbestekoak dira osasun arreta kalitatezkoa izan dadin». Antzeko ondorioak atera dituzte Kanadan eta Galesen egindako ikerketa batzuek, besteak beste. Osasun gaiei buruz AEB Ameriketako Estatu Batuetako Liburutegi Nazionalak gaiari buruz artxibatuak dituen artikuluak ere ugari dira, eta ondorio berak dituzte; 19.000 artikulu baino gehiago daude.
«Ez da nik asmatutako istorioa», nabarmendu du Felix Zubia sendagileak. «Osasun arreta guztia gizakien arteko elkarrekintza bat da, eta hori hizkuntzaren bidez egiten da. Hau da, ez dago osasungintzarik hizkuntzarik gabe eta pertsonen arteko elkarrekintzarik gabe. Hortaz, derrigorrezko tresna bat da hizkuntza».
Horren jakitun daude munduko toki askotan. Urrutiegi joan gabe, Espainian, Zubiak azaldu duenez: «Espainiako Estatuak gaztelaniako C1 hizkuntza maila eskatzen die BAME azterketara doazen atzerritar denei. Madrilgo Medikuen Elkargoak ohartarazi zuen Ekialdeko Europatik zihoazen mediku askok ez zeukatela behar bezalako gaztelania maila, eta horrek osasun arretaren kalitatea okertzen zuela».
Euskal Herriko osasun sistemak euskalduntzearen alde egindako lana hizkuntza eskubideen ikuspegitik landu izan da bereziki orain arte, baina harago doa kontua, Jon Zarate Farmakologia doktoreak azaldu duenez: «Pazienteak hautatutako hizkuntzan arreta integrala ematea bereziki lotuta dago arreta horren kalitatearekin. Beraz, ezinbestean pazienteak hautatutako hizkuntzan eman behar dugu arreta guztia: lehen mailako arretatik arreta espezializaturaino. Hori egiten ez bada, edukiko dugun arreta soziosanitarioa ez da kalitatezkoa izango».
Horregatik, osasun profesionalek paziente euskaldunak euskaraz artatzea ez da soilik haien hizkuntza eskubideak ez urratzeko modu bat, baizik eta haiek kalitatezko osasun arreta jasotzeko ezinbesteko modua; segurtasun klinikoa bermatzeko modua, alegia.
Bi alderdi, gutxienez
Paziente euskaldunak euskaraz artatzeak osasun arreta hobetzen duela azaltzeko, bi alderdi nabarmentzen dituzte adituek: bata ulermena da, eta bestea, atxikimendua. «Pazientearen eta osasun profesionalaren artean ez badago ulermen eraginkor bat, argi dago diagnostikoa, tratamendua eta horren azalpena okerrak izan daitezkeela», ohartarazi du Zaratek.
Ez dira asko euskaldun elebakarrak —gehienak pediatrarenera joaten dira—, baina, euskaldun elebiduna izanda ere, errazagoa da pazientearentzat erosoen sentiarazten duen hizkuntzan jardutea, eta osasun profesionalei emandako azalpenak ere zehatzagoak izango dira. Batzuetan elkar ulertzea ere ez da erraza izaten osasun profesional euskaldunak euskara ez badu ondo menperatzen. Adibide bat eman du Zubiak: «Neuk ikusitakoa da hau. Ospitalean gizon bat eldarnio batekin zegoen, eta ‘Hotsak!’ esaten zuen. Erizainak euskaraz zekien, baina ulertu zuen gizonak hotza zuela. Mantak jartzen zizkion gainean, eta eldarnio horretan norbaitek estaltzeak onik ez zion egingo».
«Erabiltzaile euskaldun asko poztu egiten dira osasun langileak euskaldunak direnean, eta konfiantza handiagoa adierazten dute»
MIREN MUJIKAErizaina
Bigarren alderdia atxikimendua da, konfiantza, eroso sentitzea. Miren Mujika erizaina da Zumarragako ospitalean (Gipuzkoa), eta ospitaleko errealitatea aztertu du genero eta hizkuntza ikuspegietatik. Bere eskarmentuan oinarrituta ere mintzatu da: «Erabiltzaile euskaldun asko poztu egiten dira osasun langileak euskaldunak direnean, eta konfiantza handiagoa adierazten dute; batzuk harritu ere egiten dira, ez daudelako ohituta osasungintzan euskaraz artatuak izatera».
Zubiak azpimarratu du osasun sistema «leku arrotz bat» dela herritarrentzat, eta pazienteak erosoen sentitzen diren hizkuntzan artatzeak erraztu dezakeela haiek «etxean» sentitzea. Pazientearen eta osasun langilearen arteko konfiantza irabazten den unean hasten da arta, Zubiaren ustez: «Paziente baten eta haren profesionalaren arteko harremanaren oinarria konfiantza da, eta konfiantza lortzeko bide asko daude. Horietako bat hizkuntza da. Hizkuntzarik ez bada, konfiantzarik ez da. Ez da bakarrik elkar ulertzea, askoz gehiago da: elkarrekin bat egitea, eroso sentitzea eta ondo egotea».
Izan ere, pazienteak eta osasun langileak elkar ulertzea ezinbestekoa da diagnostiko eta tratamendu okerrak saihesteko, eta elkarren arteko atxikimendua lortzea oso garrantzitsua da tratamenduaren jarraipenean. Ez horretan bakarrik, baita osasun arretaren esperientzia on bat izatean ere. Gaur egun, osasun arreta neurtzeko gero eta gehiago hartzen dute kontuan pazientearen esperientzia. Kalitatearen estandar hori zuzenean dago lotuta hizkuntzarekin.
«Oso ekintza intimoa»
Esperientzia ona izateko, funtsezkoa da atxikimendua lortzea, Zarateren arabera: «Osasun profesionalak lortu behar du pazientea eroso sentitzea; pazientearen konfiantza lortu behar du. Diagnostiko eta tratamendu egoki bat edukita ere, paziente horrek tratamendu hori hartu behar du, jarraipen bat egin behar zaio, atxikimendu bat erakutsi behar die zuk eman dizkiozun aholkuei. Hori lortzeko, esperientzia ona izan behar da. Osasun profesionalaren eta pazientearen arteko harremana oso ekintza intimoa da. Horregatik, pazientearen ama hizkuntzan bada prozesu guztia, askoz bermatuago dago paziente horren esperientzia ona izatea».
Adibide bat eman du Zubiak, 1998an ikasle zela pediatria saileko zainketa intentsiboetako gunean bizitakoa: «Txoko batean neska bat zegoen beldurtuta, Nerea, 6 urtekoa; gurasorik gabe zegoen. Euskaraz egin nion natural, eta, orduan, aurpegia guztiz aldatu zitzaion, eta zera esan zidan: ‘Ala, zuk nik bezala hitz egiten duzu’. Hori ez da arreta on bat. Neskak meningitis bat izan zuen, sendatuta zegoen, eta egun horretan intentsiboetatik kanpora atera zen, baina kezka, beldurra eta ezinegona ezagutu zituen».
«Pazienteak hautatutako hizkuntzan arreta integrala ematea bereziki lotuta dago arreta horren kalitatearekin»
JON ZARATEFarmakologian doktorea
«Euskarak gaztelaniak besteko prestigiorik ez duen arren, erabiltzaile euskaldunekin euskaraz aritzeak euskara maila gorenera eramaten du; gaztelaniak ematen ez dituen abantailak eskaintzen dituela erakusten du», adierazi du Mujikak, baina ohartarazpen bat egin du: «Geure lan hizkuntza erdara da». Prestigio faltarekin lotutako paradoxa bat kontatu du: «Geure artean eta pazienteekin euskaraz egiten dugu, baina euskarari elkarrizketa arruntak utzi dizkiogu, eta, hizketa teknikoa denean, hitzak gaztelaniazkoak dira».
Hori paziente euskaldunekin ere gertatzen dela ohartarazi du Zubiak: «Hain egoera diglosiko eta menderatuan bizi izan gara, non horrelako gauzak naturaldu egin ditugun. Ezagutzen ditugu pazienteak esaten digutenak hezkuntza guztia gazteleraz jaso dutenez informazioa gazteleraz emateko, nahiz eta euskaraz jardun. Barneratu dugu ez garela gauza hori euskaraz ulertzeko, baina astakeria bat da».
Osasun langileek izaten dituzten ikastaroak, irakurtzen dituzten aldizkari zientifikoak... Horietako asko —ia denak— ez daude eskura euskaraz: «Kulturalki ere sinetsarazi digute osasun gaiez hitz egiteko gazteleraz hobeto moldatuko garela edo euskaraz ezin dugula edo hitzak arrotzak zaizkigula».
«Kulturalki ere sinetsarazi digute osasun gaiez hitz egiteko gazteleraz hobeto moldatuko garela edo euskaraz ezin dugula edo hitzak arrotzak zaizkigula»
FELIX ZUBIAMedikua
Medikuntza, erizaintza, farmazia, fisioterapia eta osasunarekin lotutako beste ikasketa batzuk euskaraz egin dituzten ikasleak badira, baina horiei ere maiz ahuldu egiten zaie euskara gaitasuna. «Unibertsitatean hitzak euskaraz ikasten dituzte, baina lan mundura etortzen direnean, bertan erabiltzen den diskurtsoa barneratzen dute ikasle horiek. Ja hasten dira hizkuntza hori erabiltzen. Orduan, galdu egiten da ikasitako euskara tekniko hori. Azkenean, oso zaila da zu beste izendapen batzuekin aritzea beste guztiek gaztelaniazkoa erabiltzen dutenean», ohartarazi du Mujikak.
Pertzepzioak
EHUko Medikuntza Graduko ikasleek osasun arreta euskaraz jasotzeari buruz dituzten pertzepzioak ikertu ditu Zaratek beste zenbait ikerlarirekin, inkesta baten bidez. Inkesta euskaraz erantzun dutenen eta gazteleraz erantzun dutenen pertzepzioak antagonikoak dira: euskaraz erantzun dutenen %60ren ustez, osasun arreta euskaraz jasotzeak garrantzia du osasunerako, eta gazteleraz erantzun dutenen %51k uste dute hizkuntzak eta kalitateak ez daukatela loturarik.
«Testuinguru ideologiko bat dago atzean, eta horregatik lan egin behar da horri buelta emateko. EHUn gaztelaniaz ikasten ari diren ikasleentzako planifikazio bat beharko genuke, azaltzeko zein den errealitatea, zergatik ari garen hau bultzatzen, eta osasun profesional on baten oinarri-oinarrizko elementua dela pazienteak hitz egiten dion hizkuntzan trebatua egotea», uste du Zaratek.
Zubiak gogorarazi du azken 30 urteetan «aldaketa izugarria» izan dela Osakidetzan —«mundu erabat erdalduna zen»—, baina zehaztu du urrats asko daudela oraindik egiteko. Haren ustez, urrats horien erdigunean pazienteak egon behar du. Bat dator Mujika, eta, haren ustez, kontzientziazio lana egitea da gako bat.