Koronabirusa

Arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua %50 handitu da pandemian

Elikadura jokabidearen nahasmenduak pairatzen dituzten nerabeen kopurua handitu da gehien. Ospitaleratutako nerabe gehienak neskak dira

Hainbat gazte selektibitate garaian, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemian %50 igo da buru osasuneko arazoengatik ospitaleratutako nerabeen kopurua. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txosteneko ikerketa baten arabera, egoera larrienak anorexia, joera suizidak eta antsietatea dira. Arantza Fernandez Rivas Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Haur eta Gazte Psikiatriako Ataleko buruak eta Miguel Angel Gonzalez Torres Psikiatria Zerbitzuko buruak egin dute nerabeen pandemia garaiko osasun mentalari buruzko lan hori.

Lan horretarako, Basurtuko Unibertsitate Ospitalera iritsi diren kasuetan oinarritu dira. Bertan dago nerabeen ospitaleratze psikiatrikoetarako Bizkaiko unitate bakarra. Gainera, bertan dago lurralde osoan kasu gehien hartzen dituen psikiatriako larrialdietarako unitatea ere.

Neskak izan dira azken urtean arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratu behar izan diren nerabe gehienak. «Anorexia nerbiosoa sarriago agertzen da nesken artean, eta mutilak baino gehiago ospitaleratzen dira ideia suizidengatik edota jokabide autolitikoengatik». Arrazoiak bilatze aldera, adituek adierazi dute itxialdiak «etorkizunaren aurreko zalantzak» areagotu zituela nerabeen artean, eta ziurgabetasun horrek «antsietate larria» eragin die nerabe askori.

Bizkaiko datuak deigarriak dira, txostenean jaso dutenez: 2020an aurreko urtean baino %153,33 nerabe gehiago ospitaleratu behar izan dira anorexia nerbiosoaren ondorioz arreta psikiatrikoa jasotzeko. Gainera, ohartarazi dute paziente horien egoera oso txarra izaten ari dela: «Desnutrizio larria izaten dute, eta luzaroan egon behar izaten dute arreta psikiatrikoan».

Aurkezpen prentsaurrekoa

Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen prentsaurrekoan Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak izeneko txostena. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabe agertu ziren prentsaurrekoan. Gazteen egoera aztertzeko bildu ziren bi erakundeetako ordezkariak, eta aipatutako txostena ere aurkeztu zuten.

Horren harira, gazteen konpromisoa eta jarrera «arduratsua» ere azpimarratu zuten; Artolazabalek azaldu zuenez, azken hilabeteetan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat tresna jarri ditu abian pandemiak gazteengan duen eragina ezagutzeko eta aztertzeko.

Esate baterako, atzo aurkeztutako ikerlanaz gain, Gazteen Euskal Behatokiak 13.000 egile ingururen 26.000 aipamen baino gehiago aztertu zituen 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean blogetan, online komunikabideetan eta Twitterren, Euskal gazteria pandemiaren garaian, online monitorizazioa izeneko txostena egiteko.

Olabek eta Artolazabalek «arduratsuak izaten jarraitzera» animatu zituzten herritarrak, eta, ikasturte hasiera dela-eta, txertoa jartzearen garrantzia gogorarazi zuten: «Txertoarekin normaltasunera itzuliko gara. Bidea hori dela ulertzen badugu bakarrik amaituko dugu izurria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.