Arreta politikoa, kanpainatik urrunduta

Ardanzaren aldeko hiletak ostendu du Eusko Legebiltzarrerako kanpaina. EAJk bertan behera utzi ditu hil kaperaren eta hiletaren egunean egitekoak zituen ekitaldiak. Gainerako alderdiek kanpainari eutsi diote.

Elkarrekin Podemoseko hautagai Soto eta Etxebeste (ezkerrean eta erdian), atzo, Elgoibarrren. EP
Elkarrekin Podemoseko hautagai Soto eta Etxebeste (ezkerrean eta erdian), atzo, Elgoibarrren. EP
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Hauteskunde kanpainak sei egun bete ditu gaur. Tarte horretan, baina, arreta politikoa hautetsontzietatik urrundu da, arrazoi bat edo bertzea medio; atzokoan, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren aldeko hileta izan zen mintzagai nagusia. Goizean Ajurienean jarri zuten hil kapera, eta, arratsaldean, Elorrion (Bizkaia) egin zuten hileta. Alderdietako ordezkari guztiek parte hartu zuten ekitaldietan. EAJk bertan behera utzi zituen kanpainako bere ekitaldiak. Gainerako alderdiek agendari eutsi zioten, eta zenbait agerraldi egin zituzten.

Etenaldia baino lehen jeltzaleek egindako azkeneko ekitaldia bezperan –herenegun– Espainiako telebista publikoan egindako eztabaida izan zen. Bilboko Azkuna zentroan egindako saioak bazuen alde berezirik: bi hautagai faboritoek ez zuten parte hartu. Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburua izan zen EAJren ordezkari, eta EH Bilduk Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburua hautatu zuen. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaia ere ez zen saioan izan, eta Juantxo Lopez de Uralde Arabako zerrendaburuak hartu zuen haren lekua. Alba Garcia –Sumar– , Javier de Andres –PP– eta Amaia Martinez –Vox– hautagaiek parte hartu zuten. Kortajarenak eta Garciak asmatu zuten tonuan, tenplean eta mezuen zehaztasunean. Bien bitartean, jeltzaleek eta sozialistek elkarri gauza bera egotzi zioten, EH Bildurekiko ituna hizpide hartuta.

Lehenbiziko saioa Bilboko hura izan zen arren, ETB1 katerako gorde ziren Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia eta Pello Otxandiano EH Bildukoa. Jendeak lehen aldiz ikusi ahal izan zituen aurrez aurre ideiak kontrastatzen. Saioa egin baino lehen iragarri zen CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako azken zundaketen arabera hauteskundeak EH Bilduk irabaziko dituela: botoen %34,2 eta %35,1 artean eskuratuko ditu, haren arabera. Eta gertutik jarraituko dio EAJk, botoen %32,6-33,5 eskuratuta.

Ardanzaren heriotzak eta hauteskundeei buruzko eztabaidak kanpaina ostendu bazuten ere, baziren goizetik ekitaldiak antolatu zituztenak. Aurreko egunetan ez bezala, atzokoan alderdiek ez zuten bat egin mintzagaietan, eta bakoitzak beretik jo zuen. EH Bilduk, erraterako, Gernikan (Bizkaia) egin zuen goizeko saioa, eta Sestaon (Bizkaia) arratsaldekoa. Goizean, Gipuzkoako hautagai Arkaitz Rodriguezek erran zuen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak burujabetzan «jauzi bat» egin behar dutela: «Komunitate nazional gisa eta herri gisa ditugun erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko». Nola iritsi pauso hori ematera? Bada, Rodriguezek proposatu zuen autogobernuaren inguruan Eusko Legebiltzarrean 2018an landutako oinarri eta printzipioen akordioa berreskuratzea. Hitzeman zuen legebiltzarra abian jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan berriz ere martxan jarriko dutela Autogobernu Batzordea, eta beren xedea izanen dela urte bateko epean testu hori ixtea.

Arratsaldeko ekitaldian, berriz, Rodriguezek galdetu zuen ea «nork jarriko duen zutik Osakidetza orain»; «urte askoan pribatizatu eta ahuldu dutenek?», gaineratu zuen. Hautagaiaren batera, bertan izan zen Laura Vilagra Kataluniako Generalitateko presidenteordea. Euskaraz hasi zuen aurkezpena, eta koalizioaren barnean «ilusioa eta indarra» ikusten dituela erran. «Eskuinak bere interesak mahai gainean jartzen dituen bitartean, zuek pertsonak jartzen dituzue», erran zuen, EH Bilduko kideen txalo zaparrada artean. Azken legealdietan eratu diren Eusko Jaurlaritzen «eredua agortua» dagoela uste du, eta EH Bilduren garaia dela sinetsita dago.

Garraio publikoa ezbaian

PSE-EEeko lehendakarigai Eneko Anduezak, berriz, garraio publiko «irisgarri, eraginkor eta integrala» defendatu zuen. Trenbidearen 4. linearen proposamena azaldu zuen, erranez beren aukerak hamazazpi milioi bidaiariri emanen liekeela zerbitzua, eta EAJrenak bost milioiri. Zehazki, sozialistek proposatzen dute Bilboko Matiko eta Zorrotza auzoak lotuko lituzkeen sarea sortzea, beste zenbait auzotatik igaroz, eta Basurtun lotura eginen luke Balmasedaraino doan trenbidearekin: «Horrek aukera emango luke bidaiari batek trena Balmasedan hartu eta Hendaiaraino iristeko, trenetik jaitsi gabe. Hori da lurraldea egituratzea».

Bertze hainbat proposamen ere egin zituzten sozialistek: Zorrotzatik igarotzen den trena lurperatzeko lan egitea, Karrantza eta Aranguren (Bizkaia) lotzeko aldirietako trenbidea sortzea, beste horrenbeste egitea Miranda de Ebro (Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) konektatzeko, eta abar.

Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua egon zen arratsaldeko ekitaldian, eta erran zuen sozialistak direla «ezker baliagarria»: «Hurrengo Eusko Jaurlaritzan politika progresistak eta ezkerrekoak nahi baditugu, boto aukera bakarra euskal sozialistena da».

Teknologiaz, zientziaz, eta eraldaketa digitalaz mintzatu zen Elkarrekin Podemos Elgoibarren (Gipuzkoa). David Soto eta Miren Etxebeste koalizioko hautagaiek «Euskadik behar duen eraldaketa digitalari ekiteko» hauteskunde programaren ildo nagusiak azaldu zituzten. Horrez gain, Sotok «talka plan» bati buruz hitz egin zuen esparru zientifikorako, talentuaren ihesa gerarazteko.

«Industriako roboten eta automatizazioaren erabilera arautzea» ezinbertzekoa da koalizoarendako. Hortaz, zerga tasa berri bat sortu nahi du Elkarrekin Podemosek, «automatizazio eta robotizazio mekanismoen erabilera zergapetzeko»; sektore batzuetako enplegu galera zerga berri horiekin «konpentsatzea» proposatzen du.

Carmen Muñoz Sumarren Bizkaiko hautagaiak iragarri zuen koalizioak «berdintasunerako eta politika feministetarako Sail espezifiko bat» sortuko duela, eta «Berdintasun sailburu gisa» emakume bat ariko dela. Bide horretatik, «berdintasun politiketara bideratutako aurrekontua handitzeko» konpromisoa dutela erran zuen. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak «genero ikuspegiarekin eta ikuspegi feminista eta intersekzionalarekin» eginen dituztela. Koalizioarendako, feminismoa «indar eraldatzailea» da, eta agenda politikoaren «erdigunean» egon beharko luke.

Gainera, «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko», Sumarrek indarkeria matxisten eremuan esku hartzen duten eragileen arteko koordinazio mekanismoak eta protokoloak bultzatuko ditu, eta bertze hainbat sektore inplikatuko ditu, hala nola hezkuntza, osasuna eta kazetaritza. «Aitorpena, ordaina eta bermea ziurtatzea» da neurri horien guztien helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.