Ainara Villano

Arreta lortzeko lehia

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Azken soziometroaren arabera, biztanleen %27k ez dute oraindik beren boza erabaki. 2016an, data hauetan, %12 ziren, eta 2020an, % 10. Beraz, hastear den hauteskunde kanpaina honetan alderdiak zalantzati kopuru handi horren arreta bereganatzen saiatuko dira beren baliabide guztiak erabiliz. Herritar horien arretari une batez eustea lortzen duenak bere mezua helarazteko aukera izango du, eta hori, arretaren ekonomiaren testuinguruan, garaipena da berez.

Paradigma komunikatiboa izugarri aldatu da denbora gutxian, eta badirudi alderdiek ez dutela denbora nahikorik izan egoera berri honetara egokitzeko. Sakelakoaren bidez, dopaminaz beteriko estimuluak heltzen zaizkigu: lanera bidean, autobusean, kirola egiten dugun bitartean, atseden momentuetan…  Inoiz baino eduki eta informazio gehiago jasotzen dugun arren, gure denborak eta arretak mugatuak diraute. Hortaz, alderdiek nola kokatu ditzakete kanpainako proposamen eta mezu aspergarriak biztanleen pantailetan? Zer egin dezake Otxandianok bere elkarrizketa Iñaki Williams-ena bezain ikusia izan dadin? Hor dago erronka.

2023an Espainiako Estatuan Spotifyn gehien entzun zen podcasta Pedro Sanchezi hauteskunde kanpainan egindako elkarrizketa bat izan zen. La Pija y La Quinqui-n ezohiko galderak egin zituzten. Gustatzen al zaio Espainiako presidenteari Taylor Swift? Zein du pizzarik gogokoena? Hots, entretenimenduaren eremura eraman zuten elkarrizketa. Horrek audientzia erakartzen du, eta, abileziaz, behin arreta lortuta, mezu politikoa kokatu daiteke. Horretan tematu zen Sanchez elkarrizketan zehar.

Euskal alderdiek ahaleginak egiten dituzte beren lekua hartzeko. Gorrotxategik PSE-EEk Jaurlaritzan izandako rola murritza izan dela esan ahal bazuen ere, apustua izan da sareetan ideia hori zabaltzeko memea erabiltzea. Izan ere, gogoragarriagoa da eta arreta handiagoa pizten du, mezua zabaltzen duen bitartean. Ildo beretik, Denis Itxaso PSE-EEk etxebizitzaren inguruan abian jarritako politikak azaltzen ditu sozialisten azken tiktoketan. Bestalde, EH Bilduk ere horrelako bideoak zabaldu ditu etxebizitza egoeraren inguruan duten posizioa azaltzeko, eta EAJko Joseba Diezek, X-erako bideo batean, okupazio eta etxebizitza politiken inguruan hausnartu zuen.

Elkarrizketa edo prentsaurreko batek telebistaren aurrean daudenak bakarrik harrapatzen ditu. Interneten «bidaiatzen» duen eduki batek autobusean, dentistaren itxarongelan edo liburutegian dagoen publiko zabal bat harrapatzen du. Eta hor dago gakoa. Are gehiago, maila kognitiboan eduki «inuzenteago» batek izan dezakeen eragina desberdina da.

Paradigma komunikatibo berri honen ondorioen artean, ukaezina da zer leku duen politikaren banalizatzeak. Alde horretatik, eduki arinen eta proposamen landuen arteko oreka bilatu beharko litzateke. Hauteskunde programak mantendu behar dira, baina agian biztanleei helarazteko formula berriak aztertu beharko lirateke. Gai izango da Otxandiano bere liburua 40 segundoko tiktok batean azaltzeko? Autobusean scroll egiten dutenei bideoa helduko zaie? Arreta jarriko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.