Hiru urte iragan dira Patxi Zamora Kontuz elkarteko eledunaren bizimodua goitik behera aldatu zenetik (Iruñea, 1965). 31 urtez hegazkin zerbitzari gisa lan egin zuen Iberian, baina 2017ko azaroaren 22an, hegazkinetan lan egiten dutenek aireportuetan sartzeko beharrezkoa izaten duten txartela ukatu egin zion Guardia Zibilak, beste arrazoirik eman gabe. Handik bi hilabetera Iberiak kaleratu egin zuen. «Iaztik erretiratuta egon behar nukeen, baina langabeziara kondenatu ninduten epairik eta akusaziorik izan gabe. Babesik gabe egon naiz urteotan, izugarria da». Iragan astean, EAJ taldeak Kongresuan egindako galdera bati erantzunez, lehen aldiz onartu du bere ideia politikoengatik hartu zela erabaki hura. Bere larrian, Madrilek azalpen hori eman behar izatea hiru urtetako borrokaren emaitza dela uste du, eta babesa adierazi dioten herritarrei, alderdiei eta sindikatuei esker ona adierazi die.
Iragan astean, Espainiako Gobernuak adierazi zuen txartela ukatu zitzaizula 2007an Eusko Abertzale Ekintzako zerrenda batean aurkeztu zinelako zure herrian, Zizur Nagusian. Nola hartu duzu albistea?
Zur eta lur geratu nintzen. Harritu gaitu ikusteak erantzuna ez dela zuzena, neu aurkeztu nintzen zerrenda legezkoa izan baitzen erabat. Gainera, ordutik hamar urte baino gehiago eman nituen lanean, inolako arazorik gabe. Epe horretan baimena berritu egin zidaten. Ez dute kontuan izan 2015ean Senaturako hauteskundeetan aurkeztu nintzela Aldaketaren zerrendan; hain zuzen ere, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babestutako zerrenda batean.
2007ko udal zerrenda hura legezkoa izan zen, baina, hala izan ez balitz ere, ezarri al zuen epaitegiren batek legez kanporatutako zerrendetan parte hartu zuen inork ezin zuela lan egin?
Auzitegi Konstituzionalak argi utzi zuen EAE-ANV alderdia legez kanporatu zuela, eta ez pertsonak.
Zure egoera berean ba al dira pertsona gehiago?
Bai, egindako ikerketaren ondorioz jakin dugu kanporatutako hiru pertsona gehiago badirela. Zehazki, Bartzelonan, Madrilen eta Kanaria uharteetan. Antzeko egoera izan dute. Kanaria uharteetako emakume gazte bati Guardia Zibilaren informazio zerbitzuen gutun bat heldu zitzaion, eta, niri egin bezala, esan zioten «aire segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen inguruneen gertukoa» zela. Ezer esan nahi ez duten kontzeptu antijuridikoak dira, baina pertsona hura Izquierda Unidako zerrendetan joan zen. Hauteskunde batzuetan aurkezteagatik lanetik bota zaitzakete. Hori onar al daiteke herrialde demokratiko batean?
Espainiako Gobernuak orain eman duen azalpenaren aurrean, uste duzu saiatu direla orain arrazoi bat bilatzen?
Susmatzen genuen hori gerta zitekeela, baina hain agerian egitea ere. Nola da posible? Frankismoko legedian oinarrituta dagoela dirudi. Uler dezaket poliziek ikertzea eta artxiboak edukitzea, baina ezin dezaket ulertu eta legez kanpokoa da horiek erabiltzea aurrekaririk gabeko pertsona bat kaleratua izan dadin.
Otsail hasieran, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleari erantzunez adierazi zuen ezin zirela erabili polizia artxiboak administrazioaren erabakietan.
Hori da giltzarria. Didier Reynders komisarioak irmo adierazi du hori, baina, azkenean, dena Guardia Zibilaren eskuetan geratu da.
Zuri buruzko artxibo bat edukitzeak ere egonezina eragiten dizu?
Justizia komisarioak zehaztu du eska daitekeela jakitea zer artxibo duten zuri buruz. Behin eta berriz egin dugu hori, baina, erantzutera behartuta badaude ere, isiltasuna besterik ez dugu jaso. Gobernuaren adierazpen hori hala balitz ere, froga hori ezkutatu egin digute. Guri eta epaileei. Uste dut oso larria dela. Non bizi gara? Zer sistema politikotan bizi gara? Arrazoi politiko bategatik kanporatu naute, eta poliziak euren kabuz doaz, gainera.
Azkenean norbaitek eman du aurpegirik?
Ez. Hiru urteko bidegurutze judizial bat izan da. Hiru urte hauetan jo beharreko epaitegi guztietara eta erakunde guztietara jo dugu eta ez dago erantzunik. Erabaki administratibo orok justifikatuta egon behar du, arbitrariotasun osoz jokatu dutela eragozteko. Edo gobernuak ofizioz onartzen du akatsa egin duela eta egindakoa konpentsatzen du, edo, bestela, berriro ere urteak iraun dezakeen labirinto judizial batera eraman gaitzake. Gaizki jokatu dutela onartu behar lukete.
Uste duzu Espainiako Gobernuak egoera zuzentzeko aukera baliatu dezakeela orain?
Ate guztiak ireki zaizkio horretarako. Eskandalu demokratiko baten aurrean gaude. Erabakia PPren agintaldian izan zen, eta PSOEren gobernuak aukera du hori zuzentzeko.
Aukera ikusten duzu Europanpresio bide bat irekitzeko?
Europan ere jarraituko dugu eragiten. Zer gertatzen da? Espainiako Gobernuan PPren agintaldian ministro izan ziren bi pertsona Europako Parlamentuan daude egun: Juan Ignacio Zoido Barne ministro ohia eta Dolors Montserrat. Orain arte saiatu dira gure ekinaldi oro oztopatzen.
Bide judiziala ez da amaitu. Espainiako Gobernuaren erantzunak balioa izan dezake auzian?
Gobernuaren adierazpena ez da ebazpen judiziala. Nahiz eta akats batean oinarritu eta salatutakoaren ebidentzia enpirikoa adierazi, ez da erantzun judizial bat. Abokatuek zuhurtzia eskatzen digute, eta lasaitasun osoz aztertu nahi dute egoera. Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain gaude, eta uste dugu aurki helduko dela.
Kontuz-eko eledun gisa, CAN auzian nabarmendu zinen. Horregatik jo dute zure aurka?
Konbentzituta gaude zerikusia izan dezakeela. Beste kontu bat da hori aitortuko ote den. Jende batek aipatzen digu guk salatu egin genuela, azkenean ez zela inor zigortu auzi hartan, eta orain nik berdina sufritu behar izan dudala. Alde handi bat dago, ordea. Kontuz-ek auzitegian eta komunikabideen aurrean egin zuen salaketa eta salatutako pertsonek aukera izan zuten kereila jartzeko. Beste kontu bat da funtzionario talde batek norbaiten bizitza hondoratu nahi izatea erabaki judizialik izan gabe.
Patxi Zamora. Kontuz-eko eleduna
«Arrazoi politiko bategatik kanporatu ninduten»
Patxi Zamoraren arabera, iragan astean Espainiako Gobernuak emandako azalpenak agerian utzi du arbitrariotasunez jokatu zutela bere aurka. «Gaizki jokatu dutela onartu behar lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu