Orain dela 28 urte egin zen lehen aldiz, urteroko deialdia bihurtu da ordutik, eta berriz egingo dute aurten Trintxerpe (Pasaia, Gipuzkoa) eta Donostia artean egiten den arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa. Igandean izango da: Trintxerpeko azokatik abiatuko da, 11:30ean. SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak antolatzen dute, eta beste 49 taldek ere atxikimendua eman diote aurtengo deialdiari. Gaur goizean aurkeztu dute, eta hautatutako leloaren berri eman dute: Seguru? Auzo seguruen alde.
Nabarmendu dute hainbat tokitan «beldurra eta segurtasun falta» hedatu direla «delinkuentzia txikiarekin» lotutako albisteen ondorioz-eta, eta martxaren lehen lerrora eraman nahi dutela horren gaineko kezka. Bide horretan, guztientzat «bizigarriak, adiskidetsuak eta babesgarriak» diren auzoen alde egin behar dela aldarrikatuko dute. «Horren oinarrian pertsona guztien eskubideak errespetatzea dago».
«Segurtasuna» aintzakotzat hartu behar dela gogoratu dute, baina ohartarazpena ere egin behar dela: segurtasunean oinarrituta zabaltzen diren zenbait mezu baztertu egin behar dira. Izan ere, zenbaitetan «mezu pozoituak» eta «gorrotoz beterikoak» zabaltzen dira migratzaileen kontra. Hedabideen bidez ere hauspotzen dira sarritan halakoak: «Benetako kazetaritza informazioarekin batera, gorrotoa eta kriminalizazioa sustatzen dituzten programa batzuk ikusten ditugu».
Aurreratu dute sortu diren hainbat egoera zail «konpondu» daitezkeela: «Seguru gaude». Insitituzioek «bitartekoetan eta konponbideetan» aparteko ahalegina egin beharko dutela esan dute, baina, oro har, gizarteko eragile askoren esku hartzea beharko dela, eta igandean martxa jendetsu bat egitea abiaburu egokia izan daitekeela bide horretan aurrera egiteko.