Arrazakeriaren biktimak artatzeko gune bat irekiko du Nafarroako Gobernuak

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana onartuko dute gaur. Gorroto diskurtsoen goraldiaz ohartarazi du Santos kontseilariak

Ezker-eskuin: Patricia Ruiz de Irizar zuzendaria, Eduardo Santos kontseilaria eta Laura Oso ikerlaria, atzo. BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Espazio neutro bat, espazio bat libre hitz egiteko, laguntza eskatzeko edo salaketa bat egiteko». Arrazakeriaren edo xenofobiaren biktima izan direnei arreta emateko bulego publiko bat sortuko du Nafarroako Gobernuak, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Planaren barruan. Gaurko gobernu kontseiluan onartuko dute txostena, Eduardo Santos Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak azaldu duenez.

Bulegoa «datozen hilabeteetan» zabalduko dutela gaineratu du Santosek, eta erabiltzaileek bertan topatuko dituzte hainbat baliabide: «Arrazakeriari eta xenofobiari lotutako gorroto delituak eta bazterketa intersekzionala artatzeko eta prebenitzeko beharrezkoak diren eragile guztiak izanen dira bertan». Txostenean irakur daitekeenez, bulegoak laguntza «integrala» emanen die arrazakeria edo xenofobia sufritu dutenei: «Segurtasun juridikoa eta administratiboa eskainiko du, eta enpatiazko harremana sortuko du biktimekin, laguntza eta justizia errestauratiborako mekanismoak ezartzeaz gain».

Kontseilariak ohartarazi du gorroto diskurtso eta jokabide arrazistek gora egin dutela nabarmen azken urteetan, eta horiei aurre egiteko neurrietako bat izanen dela bulego berria: «Oso kezkagarria da joera, eta funtsezkotzat jotzen dugu halako jokabideak prebenitzeko, detektatzeko eta aurre egiteko edozein egitasmo».

Xede horrekin ondu dute Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana, eta, kontseilariaren esanetan, lege bat ere onartu nahi dute parlamentuan, helburu berarekin: «Bide luzeago baten lehen harria da plana, eta bide hori parlamentuan bukatuko da, Arrazakeriaren Aurkako Legea aurkezten dugunean». Gobernua lanean da jada, helburua baita legea «agintaldi honetan bertan» onartzea.

200 lagun prozesuan

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana diseinatzeko garaian eragile sozialek jokatu duten rola «ezinbestekoa» dela esan du Patricia Ruiz de Irizarrek, Migrazio Politiken Departamentuko zuzendari nagusiak. «Gizarte zibileko, hirugarren sektoreko, administrazioko eta erakunde pribatuetako ia 200 ordezkarik parte hartu dute». Ruiz de Irizarrek gaineratu duenez, eragile, eztabaida talde eta bestelako horiei esker ondu dute egitasmoa. Departamentuko buruaren hitzetan, plan berria «mugarri bat» izanen da Nafarroan, «arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lanean diharduen gizarte zibilarentzat, batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.