Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Migratzaile eta pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzeko legean ere ez. Hauteskundeen aurreko azken osoko bilkura parlamentarioan, Navarra Sumak nahiago izan du bere burua oposizio gogorreko indar gisa kokatu, arrazakeriaren auzian gainerako taldeen adostasunera batu baino. Izan ere, atzo onartu zuten Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Borrokatzeko Foru Legea Nafarroako Parlamentuan, eta, proiektuak babes zabala jaso bazuen ere —baiezkoa eman zioten PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak—, koalizio espainiazaleak kritika oso gogorra egin zien bai testuari, bai haren sustatzaileei. Jorge Esparza legebiltzarkidearen esanetan, legea «lardaskeria hutsa» da, eta «izenburua» da duen gauza on bakarra: «Nola ez gara egonen arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka? Baina lege honek ez du ezer lortuko». Azkenerako, abstentziora jo zuen.

Lege proiektuaren aurkezpenean, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak nabarmendu zuen «aitzindaria» izanen dela, eta prebentzio arloan jarriko duela azpimarra, bereziki administrazio publikoan. Adibidez, pertsona arrazializatuei «babes legala eta soziala» emate aldera, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nafar Kontseilua eratuko dute urtebeteko epean. Politika publikoak garatzea eta legea betearaztea izanen du zeregin nagusi, batik bat zainduz sektore publikoak jarrera diskriminatzailerik ez izatea. «Alor publikoa eremu segurua izateko helburua du legeak», esan du Santosek.

Edukiari dagokionez, gizarteko esparru guztietan eragin nahi du legeak: hezkuntzan, osasunean, zerbitzu publikoetan, etxebizitzan, teknologian, hedabideetan, lan munduan, aisialdian, kirolean, segurtasun publikoan, sare sozialetan... Neurri nagusiak administrazio publikoari berari zuzenduak daude, eta ahalegin berezia jarriko da prebentzioaren arloan.

Legean jasotako beste helburuetako batzuk martxan dira jada. Adibidez, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana onartu berri du Justizia eta Migrazio Politiken Departamentuak, eta 2026ra arte izanen da indarrean. Hortik aurrera, bost urtean behin berrituko dute plan hori. Gobernuak, gainera, laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskainiko die udal eta toki entitateei, plan propioak diseinatu eta «diskriminazio adierazpen zehatzagoei aurre egin diezaieten».

Arraza eta «maketoak»

Kontseilariaren ostean, hitza hartu zuten talde parlamentarioetako bozeramaileek. Gobernuari eusten dioten taldeen txandan, PSNko Virginia Magdalenok esan zuen lege berriari esker Nafarroa «aitzindari» izanen dela «giza eskubideen babeserako estandar zorrotzenak ezarrita». Geroa Baiko Blanca Regulezek esan zuen «asmo handiko» legea dela, baina «mugatua» dagoela, «neurri zehatz gutxi» jasotzen dituela, eta datorren legealdian garatu beharko dutela. Ahal Dugu-ko bozeramaile Ainhoa Aznarezek, berriz, «dibertsitatea onartu beharra» azpimarratu zuen, «herritartasun berri bat eraikitzen hasteko».

EH Bilduk «interesgarri» deritzo legeari, baina pena agertu zuen ez zelako testu «ausartagoa» adostu: «Guk zuzenketa bat aurkeztu genuen, zehaztasun eta erabakimen handiagoz jokatzeko, baina PSNk atzera bota zuen. Hala ere, onartutako legeak baditu alde positiboak, eta horregatik eman diogu aldeko botoa».

Lege proposamenaren kontrako txandan hitz egin zuen Navarra Sumako legebiltzarkide eta UPNko kide den Jorge Esparzak. Parlamentuko ikusleen harmailan zeuden «gutxiengo etnikoetako 60-70 pertsonei» erreferentzia eginda, Esparzak azaldu du bere taldearentzat «erosoena» izanen litzatekeela legearen alde agertzea. Horren ordez, baina, abstentziora jo zuen: «Guraso zaretenok badakizue seme-alabei ez zaiela baietz esan behar beti».

Lege proposamenean jasotako kontzeptuetako batzuk, adibidez, «nahasgarriak» direla esan zuen Esparzak: «Pertsona arrazializatua, adibidez. Zer da hori? Zu eta biok pertsona arrazializatuak gara, Santos jauna?», galdetu zion kontseilariari. Azkenik, UPNko kideak txarretsi egin zuen PSNk legea adostu izana Geroa Bairekin eta EH Bildurekin, «nazionalitate bereizi bat sortu nahi eta Espainiako beste lurralde batzuetatik etortzen zirenei maketo esaten zieten horien oinordekoekin, alegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.