Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute Nafarroako Parlamentuan

Arrazakeriaren aurkako Kontseilua sortuko dute politika publikoak garatzeko eta administrazioaren jarrera diskriminatzaileak eragozteko

Eduardo Santos kontseilaria eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, Nafarroako Parlamentuan. NAFARROAKO PARLAMENTUA
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 30a
13:43
Entzun

Legealdiko azken osoko bilkuran onartu dute Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Borrokatzeko Foru Legea. Proiektuak aise gainditu du tramite parlamentarioa, Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeez gain —PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu—, EH Bilduk eta Ezkerrak ere baiezkoa eman baitiote. Navarra Sumak, hala ere, kritika oso gogorra egin dio, argudiatuz, besteak beste, «lardaskeria hutsa» dela eta «duen gauza on bakarra izenburua dela». Azkenerako, baina, koalizio espainiazaleak ez du kontrako botorik eman, eta abstentziora jo du.

Lege proiektuaren aurkezpenean, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak nabarmendu du «aitzindaria» izanen dela, eta prebentzio arloan jarriko duela azpimarra, bereziki administrazio publikoan. Adibidez, pertsona arrazializatuei «babes legala eta soziala» emate aldera, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nafar Kontseilua eratuko dute urtebeteko epean. Politika publikoak garatzea eta legea betearaztea izanen du zeregin nagusi, batik bat zainduz sektore publikoak jarrera diskriminatzailerik ez izatea, eta halakoak eragotziz. «Alor publikoa eremu segurua izateko helburua du legeak», esan du Santosek.

Arreta bulego bat ere sortuko dute, arraza edo jatorri etnikoagatik diskriminazioa jasan dutenek «arreta osoa eta doakoa» jaso dezaten. Aholkularitza eta babesa eskaintzeaz gain, zerbitzu publiko horrek bazterketa kasuei buruzko datuak eta informazioa eskuratuko du, etorkizuneko neurriak eta plangintzak diseinatu ahal izateko.

Legean jasotako beste helburuetako batzuk martxan dira jada. Adibidez, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana onartu berri du Justizia eta Migrazio Politiken Departamentuak, eta 2026ra arte izanen da indarrean. Hortik aurrera, bost urtean behin berrituko dute plan hori. Gobernuak, gainera, laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskainiko die udal eta toki entitateei, plan propioak diseinatu eta «diskriminazio adierazpen zehatzagoei aurre egin diezaieten».

Edukiari dagokionez, gizarteko esparru guztietan eragin nahi du legeak: hezkuntzan, osasunean, zerbitzu publikoetan, etxebizitzan, teknologian, hedabideetan, lan munduan, aisialdian, kirolean, segurtasun publikoan, sare sozialetan... Neurri nagusiak administrazio publikoari berari zuzenduak daude, eta ahalegin berezia jarriko da prebentzioaren arloan. Administrazioan aritzen diren langileek, adibidez, prestakuntza jasoko dute, eta kontzientziazio neurriak ere hartuko dira.

Hezkuntzari dagokionez, gobernuak «neurriak hartuko ditu eskola segregazioa eragozteko eta ikasleak era ekitatiboan banatzeko, hezkuntzako maila guztietan». Hedabideen, publizitatearen eta sare sozialen esparruan, «kode deontologikoak eta autoerregulazio hitzarmenak» sinatuko dituzte, «errespetuzko hizkera» sustatzeko. Etxebizitza eskubideari dagokionez ere, gobernuak neurriak hartuko ditu «etxebizitza segregazioari aurre egiteko»: besteak beste, informazioa emanen dute hainbat hizkuntzatan, etxe bila dabiltzanen eskubideak azaltzeko, eskura dituzten baliabideak gogorarazteko eta «diskriminazio praktikak indargabetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.