Arrazakeria zirrikitu guztietan

Administrazioan, feminismoan eta gizartean, oro har, andre ijitoek eta musulmanek diskriminaziorik sentitzen dutela azaldu dute Amuge eta IMME elkarteetako buruek. Haien irudiko, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik badago bereizkeriarik.

Tamara Claveria eta Djamila Zereiby, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Tamara Claveria eta Djamila Zereiby, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
Bilbo
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

«Ez digute zertan esan zer den askatasuna gure herriarentzat. Guk badakigu nola egin aurre gure komunitateetan jasaten dugun matxismoari; gizartean dagoen arrazismoari aurre egiteko, baina, erremintak falta zaizkigu». Zorrotz mintzo da Tamara Claveria, Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko arduraduna, emakume ijitoek eta musulmanek jasaten duten arrazakeriaz. Azaldu du «erronka etengabea» dela errealitate horri aurre egitea, eta, munduko bertze hainbat lekutan bezala, Euskal Herriko gizartean ere badela zer hobetu. Djamila Zereiby IMME Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteko sortzaileak bat egin du ideia horrekin: «Aliantzak egin behar ditugu, bi aldeek elkarrekin egin beharreko bidea delako».

Amuge eta IMME elkarteek jaso dute Emakunderen Berdintasunerako saria; iazko abenduan, zehazki. Zereibyk nabarmendu du bere herriko arduradun publikoen artean inork ez dituela zoriondu.

Amugek Bilbon du egoitza nagusia, eta 2003an hasi zuten ibilbidea. Claveriak azaldu duenez, hogei urte horietan «emakume ijitoen berdintasunaren, ahalduntzearen eta eskubideen alde» egin dute lan. Hainbat eta hainbat proiektu sustatu dituzte azken urteotan, helburu nagusi batekin: «Kulturartekotasuna indartu nahi dugu, eta herri ijitoak euskal gizartean duen parte hartzea sustatu. Estereotipoei aurre egin nahi diegu, eta errespetuan eta dibertsitatean oinarritutako elkarbizitza sustatu».

«Euskal gizartea, administrazioa, gizarte eragileak eta mugimendu feminista oraindik bizirik dirauten estereotipo eta aurreiritzien isla dira»

TAMARA CLAVERIAAmugeko arduraduna

Bertzelakoa izan zen IMME taldearen sorrera, Zereibyk azaldu duenez: emakume musulmanen hezkuntzarako eskubidea bermatzea izan zen hasierako helburua. «Arrasatera [Gipuzkoa] iritsi nintzenean, bertan bizi ziren zenbait emakume arabiar ezagutu nituen, eta konturatu nintzen haietako bakar bat ere ez zela Helduen Hezkuntzara joaten; ez zuten horretarako aukerarik, baina nahi zuten. Eskolarekin eta udalarekin hitz egin eta gero, lortu nuen proba pilotu bat abian jartzea. Ni hasi nintzen eskolak ematen, modu informalean, udalak berak emandako lokal batean. Azkenean, 2013an elkartea osatzea erabaki nuen».

Erakundea sortu zenetik, taldera jotzen duten «emakumeak ahalduntzea» da IMMEren helburua, Zereibyk erran duenez. «Bide horretan argi izan behar dugu ezin ditugula emakumeak ahaldundu, askatasun ekonomikoa dutela bermatzen ez badugu; emakume horiek hezi behar ditugu, eta beren jakintzaz baliatu». Elkartean hori bermatzen ahalegindu dira: denda ttipi bat zabaldu dute Arrasaten, gozoki arabiarrak eta euskaldunak saltzeko.

Emakumeak «beren eraldaketarako protagonista» izatearekin ados dago Claveria, baina andre ijitoak edo musulmanak ere «aldaketarako agente» izan daitezkeela erran du. «Gizarte zuzenago bat eraikitzeko gakoa izan gaitezke, non gure borrokek bat egin dezaketen borroka kolektiboekin». Izan ere, emakume ijitoek eta migratzaileek Euskal Herrian egin duten bidean «traba andana» egon dela azaldu du. «Euskal gizartea, administrazioa, gizarte eragileak eta mugimendu feminista oraindik bizirik dirauten estereotipo eta aurreiritzien isla dira, eta estereotipo horiek zaildu egiten dute gure eskaerak auzi partekatu gisa aitortzea».

Ahotsak entzun

Bada, estereotipo eta aurreiritzi horiei aurre egitea da Amuge erakundearen erronka nagusietako bat. Emakume ijitoen kontrako arrazakeria «betikotzen» duten «traba estrukturalei» aurre egin behar dietela azaldu du Claveriak, eta egunero jasan behar dituztela horrelako jarrerak. Ilobarekin izandako elkarrizketa bat ekarri du gogora: «Ilobak behin bere amari [Claveriaren ahizpari] galdetu zion ea zer zen ijito izatea, eskolan ijitoa zela esaten ziotelako. Amak azalpenak eman zizkion, norbere identitatearekin eta odolarekin zerikusia duen zerbait dela esanez. Orduan ilobak zera erantzun zion: ijito izatea odolean badaramat, odol transfusio bat nahi dut».

Pasartea kontatu eta gero gelan isiltasuna nagusitu dela ikusita, Claveriak azaldu du horrelakoa dela jasaten duten arrazakeria: «Gordina». 

«Ulertu behar dute gu gidatu ahal gaituztela, bidelagun izan, baina inoiz ez gure tokia hartu»

DJAMILA ZEREIBYIMMEeren sortzailea

Arrazakeria adibide «sotilagoak» ere izaten direla erran du Zereibyk. Adibidez, gogoan du elkartearen ibilbidearen hasmentan bi kide zirela, eta bere lankide zuriarekin solastatzen zirela bilkura guztietan, eta berari «ez ikusiarena» egin.

Ildo horretatik, emazteki ijitoen eta migratzaileen ahotsak entzunak izatea da bi taldeen bertze erronketako bat. Claveria: «Mugimendu feministan gure ahotsak aitortuak izan daitezela nahi dugu. Askotan, emakume ijitoen borrokak eta perspektibak bigarren mailakoak bihurtzen dira, eta horrek indartu egiten ditu gure eskaerak feminismo hegemonikoan txertatzeko zailtasunak». Ados dago Zereiby: «Emakume atzerritarrokiko paternalismoa oso errotuta dago, eta hori aski arriskutsua da guretzat. Herri feminista bat emakume guztiokin garatuko da, guztiak baikara ezinbesteko elementuak. Beraz, ulertu behar dute gu gidatu ahal gaituztela, bidelagun izan, baina inoiz ez gure tokia hartu».

Kanpoan ez ezik, beren komunitateetan ere izan dute erronkarik; ibilbidearen hasieran, «beldurrak» eraginda, Zereibyk erran duenez. Azaldu du lanean hasi zenean komunitate musulmanean uste zutela beloa kentzearen aldeko mugimendu bat sortuko zuela, edo ideia horretatik bideratu nahi zuela andreen ahalduntzea. Kontrara, taldearen mesedetan «emakume guztien identitatea» babestearen aldekoa dela erran du: «Nik ez dut belorik eramaten, baina horrek ez du esan nahi nik beste emakumeei beloa kentzeko esanen diedanik. Nik bakoitzaren identitatea babestu dut hasieratik, ezin diogu inori ezer inposatu, eta ezin diegu horiei kontra egin». Orain egoera bertzelakoa dela dio, lortu dutela emakumeendako «toki seguru» bat eraikitzea, eta komunitatean ez dutela beren lana zalantzan jartzen.

Usteak

Pasarte hori entzunda, Claveria argi mintzatu da: «Garrantzitsua da gogoratzea matxismoa ez dela komunitate jakin batean gertatzen den zerbait». Izan ere, ijitoak edo bertzelako gutxiengoak maiz seinalatuak izaten dira esparru horiek Euskal Herriko bertze edozein baino matxistagoak edo bortitzagoak direla errateko. Jarrera horiek «bereizkeria betikotzen» dutela dio Claveriak: «Arreta besteratu egiten dute patriarkatuaren sustraietatik, zeinek gizarte guztiari eragiten baitiote». Gainera, komunitate horien lana gutxiesten duela ere azaldu du: «Horrelako aurreiritziek ikusezin bihurtzen dituzte gure komunitateetako emakume askok aurrera eramaten dituzten barne borrokak, eta gure errealitateen ikuspegi erredukzionista bat betikotzen dute».

«Aurreiritziek ikusezin bihurtzen dituzte gure komunitateetako emakume askok aurrera eramaten dituzten barne borrokak»

TAMARA CLAVERIAAmugeko arduraduna

Aurreiritzi horiek lengoaian bertan hauteman daitezkeela azaldu du Zereibyk, eta horrelakoak entzuteak «min handia» egiten diela. Are, kaleko jende arruntak ez ezik, arlo publikoan edo administrazioetan lan egiten duten pertsona anitzek ere horrelakoak erreproduzitzen dituztela dio, eta lengoaiarekin horrela jarraituz gero nekez aldatuko direla ekintzak. «Ezin dut jasan emakume atzerritarrekin lan egiten duen profesional batek lengoaia edo ekintza arrazistak izatea. Ez dute inolako konturik: ulertu behar dute emakume bakoitzak errealitate propioa duela, eta indarkeria matxistako kasu bat ez dela hori bakarrik, testuinguruak hamaika izan baitaitezke».

«Zuriek begirada zabaldu behar dute», erran du irmo Claveriak.

Ikuspegia

Claveriaren irudiko, emakume ijitoen eta musulmanen ikuspegia diskurtso feministan txertatzea «ezinbestekoa» da mugimendu «inklusibo eta eraldatzaile bat» eraiki nahi bada. «Feminismoa ezin da izan baldin eta ijitoak edo musulmanak bezalako emakume arrazializatuen borroka zehatzak alde batera uzten baditu. Izan ere, horien guztien errealitatean hainbat eta hainbat zapalkuntza daude, eta arrazakeriari eta genero desberdintasunei aurre egin behar izateak ikuspegi intersekzionala ematen digu». Gizartean eta administrazioetan ez ezik, mugimendu feministan ere erabakiguneetan egon behar dutela dio; «bazterkeria sozial eta ekonomikoari» aurre egiteko.

Finean, «ezein erabakigunetan parte hartzeko esparruak» behar dituzte. «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, baizik eta besteek dituzten aukera berberak izatea, eta gu ere aldaketarako agente izan gaitezkeela onartzea», borobildu du.

«Elkarrekin lan egin dezakegula ulertarazi nahi diogu gizarteari: berdin du zein den bakoitzaren jatorria edo erlijioa»

DJAMILA ZEREIBYIMMEren sortzailea

Buruarekin baietz egiten duen bitartean, bat datorrela adierazi du Zereibyk: «Elkarrekin lan egin dezakegula ulertarazi nahi diogu gizarteari: berdin du zein den bakoitzaren jatorria edo erlijioa». Esaldia osatu dio Claveriak: «Ez dugu nahi gure borrokak, emakume ijito eta musulmanenak, besterenak bezala ikustea, baizik eta eraldaketarako parte bezala, gizarte bidezkoago baterako bidean».

Bide luzea izanen dela badakite, esperientziak hala erakutsi die eta. Baikor da Zereiby: «Guk aldaketa honetan sinesten dugu, borroka honetan sinesten dugu, eta egiten dugun honetan sinesten dugu. Horregatik gaude hemen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.