Bazterkeria instituzionalaren gorakadaz ohartarazi du SOS Arrazakeriak

Arrazakeriari buruzko 2024ko txostena aurkeztu du elkarteak Iruñean. Nafarroako Gobernuaren arreta zerbitzuetan 267 diskriminazio kasu erregistratu zituzten iaz; gehienak administrazio publikoan izan ziren.

SOS Arrazakeria elkarteko Marta de Castro, Beatriz Villahizan eta Agustin Cuevas, gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
SOS Arrazakeria elkarteko Marta de Castro, Beatriz Villahizan eta Agustin Cuevas, gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko martxoaren 21a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Arrazakeria ez dago soilik gizartean. Erakunde publikoetan ere badago, instituzionalizatuta. Diskriminazioa legedian txertatuta dago, eta horrela betikotzen da». Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak agerraldia egin du gaur Iruñeko Kondestablearen jauregian, Arrazakeriari buruzko urteroko txostena aurkezteko. 2024. urtean erregistratutako kasuak, salaketak eta testigantzak jaso dituzte ikerlan horretan, eta horren ondorioak azaldu dituzte gaur elkarteko kide diren Beatriz Villahizanek, Agustin Cuevasek eta Marta de Castrok. Nabarmendu dute arrazari lotutako bazterketa eta jokabide arrazistak «sistemikoak» direla.

Arazoa erro sakonekoa izateaz gain, areagotzen ari dela uste dute elkarteko arduradunek, urtebetean jasotako datuak oinarri hartuta. Besteak beste, azaldu dute iaz Nafarroako SOS Arrazakeriaren Arreta eta Salaketa bulegoan jasotako salaketen kopurua %37,75 hazi dela aurreko urtearekin alderatuta: 208 kasu artatu dituzte guztira. Gainera, lau kasutatik hirutan —%76—, salaketek lotura zuten administrazio publikoek eragindako eskubide urraketekin. 2023an, kasuen %68 izan ziren horiek. Hortaz, arrazakeria instituzionalaren pisua handitzen ari dela uste dute.

DATUAK

267

Nafarroako Gobernuak erregistratutako diskriminazio kasuak. Diskriminazioari eta gorroto delituei lotutako 267 salaketa erregistratu zituzten Nafarroako Gobernuko arreta zerbitzuek 2024. urtean. Horietatik, %55 inguru administrazio publikoan izan ziren.

%37,75

Zenbat hazi diren arrazakeriarekin lotutako salaketak 2023tik 2024ra. SOS Arrazakeriak emaniko datuen arabera, elkarteak jasotako salaketak %37,75 ugaritu dira urte batetik bestera.

%10,49

Baztertzaileak zenbatean izan diren funtzionario publikoak. Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, 28 kasutan funtzionario publikoak izan ziren jokabide arrazistak edo xenofoboak izan zituztenak. Kasuen %10,5etan, alegia.

Salaketa aurkezten dutenen artean paperik gabe edo legeztatu gabeko egoera administratiboan direnen ehunekoak ere gora egin duela nabarmendu dute: arrazakeria edo diskriminazioa salatu zutenen %41 ziren 2023an, eta %53, berriz, 2024an. «Horrek erakusten du are larriagoak direla orain eskubideak arautzeko bidean jartzen diren traba instituzionalak».

Bazterketa administratiboa, datutan

SOS Arrazakeriaren datuek marrazten duten irudiak bat egiten du Nafarroako Gobernuak emanikoarekin. Izan ere, 2024an jasotako datuak argitaratu ditu gaur Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Arreta Zerbitzuak ere. Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusi Marisol de la Navak azaldu duenez, diskriminazioarekin eta gorroto delituekin lotutako 267 kasu erregistratu zituzten iaz, eta horien artean ere nabarmena da administrazio publikoen esparruan izandakoen kopuru handia. Hala, bazterketa edo arrazakeria kasu gehienak —%55,81— administrazioaren esparruan izan ziren, multzo horren barruan sailkatu baitituzte zerbitzu publikoetarako sarbidean antzemandako diskriminazioak, poliziak eta segurtasun indarrek eragindakoak eta osasungintzaren edo hezkuntzaren esparruan izandakoak.

«Salaketak izozmendiaren tontorra besterik ez dira; salatu gabeko arrazakeria kasu asko daude, biktimei ez zaielako eskaintzen ez aitortzarik ez ordainik»

AGUSTIN CUEVASSOS Arrazakeria elkarteko kidea

Baztertzaileei dagokienez, 98 kasutan —salaketen %36,7tan— administrazio publikoa bera identifikatu zuten diskriminazioaren erantzule zuzen gisa, eta beste 28 kasutan, berriz —%10,49tan—, «funtzionario publikoak» izan ziren jarrera arrazistak, xenofoboak edo diskriminatzaileak izan zituztenak.

SOS Arrazakeriak esplikatu du, dena den, arreta bulegoetan salatutako kasuen kopuruak ez duela islatzen arazoaren benetako tamaina. «Icebergaren tontorra besterik ez da», laburbildu du Agustin Cuevasek: «Salatu gabeko arrazakeria eta xenofobia kasu pila bat daude, bazterketaren biktimei ez zaielako eskaintzen ez aitortzarik ez ordainik, eta horrek guztiak erakundeekiko mesfidantza sortzen duelako». Fenomeno horren oinarrian dagoen errealitatea «are kezkagarriagoa» dela gaineratu du Cuevasek, «salaketarik ezak gizarte egitura arrazisten inpunitatea betikotzen duelako».

«Egiturazko arrazakeriak langile migratzaileei eragiten die batez ere; esplotazio eta prekarizazio sistema batera kateatzen ditu»

BEATRIZ VILLAHIZANSOS Arrazakeria elkarteko kidea

AHTko langileak, egoera prekarioan

Gaurko agerraldian, SOS Arrazakeriak urteroko txostenean jasotako zenbait diskriminazio egoera azaldu dituzte Villahizanek, Cuevasek eta De Castrok. Besteak beste, AHT Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan langile migratzaileek dituzten lan baldintza prekarioak nabarmendu dituzte, eta baldintza duinak bermatzeko beharra azpimarratu. Paperak lortzeko eta errolda tramitatzeko prozeduren zailtasuna ere aipatu dute «bazterketa betikotzen duten egiturazko arazoen» artean.

Elkarteko ordezkarien esanetan, txostenak agerian uzten du «egiturazko arrazakeriak langile migratzaileei eragiten diela oro har, eta esplotazio eta prekarizazio sistema batera kateatzen dituela». Horri aurre egite aldera, «neurri zehatzak» eskatu dizkiete administrazio publikoei; besteak beste, pertsona guztiak «eskubideen subjektu gisa aitortzea», beren egoera administratiboa edozein dela ere; «osasunerako sarbide unibertsala» bermatzea; «soslai etnikoan oinarritutako polizia kontrolak» eta kanporatzea helburu duten «hitzordu tranpak» desagerraraztea; legeak eta planak ontzeko prozesuetan «arrazakeriaren aurkako ikuspegia» txertatzea; eta «ijito herriarentzako egia, justizia eta erreparazio prozesuak» bultzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.