Arrazakeria eskolatik erauzteko eta euskara etorkin familiengana hurbiltzeko kanpaina abiatu dute Nafarroan

Sortzenek, SOS Arrazakeriak eta D ereduko zenbait ikastetxek sustatu dute egitasmoa, 'Denon eskola, guztiondako euskara!' lelopean. Egun osoko festa eginen dute heldu den larunbatean, Iruñeko Piparrikan.

Bi haur, D ereduko ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Bi haur, D ereduko ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko otsailaren 5a
12:15
Entzun

Egungo hezkuntza sistemak areagotu egiten du ikasleen arteko segregazioa eta ikastetxe batzuetako «ghettizazioa». Horren ondorioetako bat zera da, gehienetan, familia migratzaileetako seme-alabei ez zaiela aukerarik ematen euskaraz ikasteko. «Gutxinaka-gutxinaka, pareta bat altxatu dute euskararen eta jatorri migrantea duten pertsonen artean». Horri konponbidea emate aldera, Denon eskola, guztiondako euskara! kanpaina abiatu dute Sortzenek, SOS Arrazakeriak eta Iruñerriko D ereduko zenbait ikastetxek. Azaldu dutenez, hau xedea da: batetik, eskola publiko euskaldunean «ikuspegi antirrazista txertatzea», eta, bestetik, euskaraz ikasteko aukera «herritar guztiei» zabaltzea. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Iruñean.

Kanpainaren sustatzaileen arabera, diru publikoaz finantzatutako bi sare izateak —publikoa eta itunpekoa— handitu egiten du segregazioa, «urteroko matrikulazio datuek adierazten dutenez». Dena den, sare publikoaren barruan ere, segregazioa «agerikoa» dela uste dute Sortzenek eta SOS Arrazakeriak: «Gizartean dauden desorekak erreproduzitzen ditu hezkuntza sistema honek: alde batetik, batzuen etorkizuna jatorriaren arabera baldintzatzen du, eta bestetik, diglosia egoera honetan, euskara are gehiago zokoratu». Horiek horrela, «ikuspegi antirrazista» txertatu nahi dute elkarteok eskola publiko euskaldunean: «Irmoki sinisten dugu dibertsitatea hezkuntzaren erdigunean jarriko duen D eredu publikoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan. Denontzako lekua duen D eredu publikoan sinisten dugu».

Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute hezkuntza ereduei buruzko informazioa «denontzat irisgarria» izatea: «Hori ez da egiten aurrematrikulazio kanpainen bidez soilik; pauso gehiago eman behar dira, egiturazko aldaketa eta benetako konpromisoak exijitzen baititu». Egitasmoaren arduradunek kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak euskarazko eredu publikoen aldeko kanpaina espezifikorik ez egitea: «Argi dago ez direla kontziente eskola irekiago bat sortzeak duen berebiziko garrantziaz». Eragileek uste dute jokabide horrek eta beste faktore askok etorkin familietako haurren etorkizuna baldintzatu egiten dutela, ukatu egiten baitzaie euskara ikasteko aukera.

Ikastetxe sarea eta festa larunbatean

Hori ikusita, «gogoeta kontzientea» egiteko eta eskoletan «esku hartzeko» deia egin dute Sortzenek eta SOS Arrazakeriak. «Eskola komunitatean eragiteko helburua dugu, auzoz auzo, hainbat eragilerekin elkarlanean», azaldu dute. Besteak beste, eskolarteko sare bat eratuko dute, «elkarrekin gogoeta egiteko, eta ikastetxeei baliabideak emateko arrazakeriari aurre egin diezaioten».

Egitasmoari hasiera emateko, egun osoko festa prestatu dute Denon eskola, guztiondako euskara! kanpainaren antolatzaileek. Iruñeko Alde Zaharrean eginen dute, Piparrika baratze komunitarioaren plazan. 11:30ean hasita, haurrentzako jokoak, kontzertuak, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.