Migratzaileei nortasun agiria galdegiten ari dira Flixbus autobus konpainiako gidariak. Beltzei bakarrik eskatzen dizkiete. «Beltzak direlako», Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaren esanetan. Salatu du «arraza diskriminazioko ekintza larriak» direla. Eta ez da bakarra. Etorkinen aldeko Diakite elkartearentzat ere, eguneroko borroka bihurtua da migratzaileek bidaiatzeko duten eskubidea errespetaraztea. Iheslarien igarobide bihurtua da Baiona azken hilabeteotan; bereziki, Frantziako hiriburu nagusietara merke bidaiatzeko aukera duten autobus geltokia. Salatutako konpainiaz gain, badira beste batzuk ere Baionan, baina haiekin ez dute halako arazorik izan.
Giza eskubideen Frantziako defendatzailearen esku uztekoa dute gaia aurki, Laurence Hardouin abokatuak berretsi duenez. Azaldu du froga bat baino gehiago dutela. Giza eskubideen defendatzaileak esplikazioak galdegiten ahalko dizkio konpainiari, aginduak eman, txosten bat idatzi.
Flixbus konpainiako bozeramaile Raphael Danielek azaldu du ez dutela inolako agindurik eman nortasun agiriak bidaiari batzuei soilik eskatzeko: ez du ukatzen diskriminaziorik izan daitekeenik, baina frogak eskatzen ditu. Ohartarazi du gidari diskriminatzailerik bada ez dutela harekin lan egingo. Argudio bat eman du, hala ere: jendarme batek ahoz gidari bati eginiko oharra. Haren arabera, gidariari erran zioten atzerritar baten egonaldi irregularra laguntzeaz akusatu zezaketela: bost urteko presondegi zigorra eta 30.000 euroko isuna izan dezake horrek.
Hardouinek ihardetsi du ez dagoela jendarme horren erranen frogarik, eta, aldiz, badirela frogak erakusten dutenak zuzendaritzak manuak bidaltzen dituela nortasunak baieztatzeko. Hots, ez dela gidari baten kontua. Poliziaren presioa handitzen ari dela diote elkarteek, eta atxiloketak areagotzen ari direla. Hori salatzeko, ostiralean 12:30ean suprefetura aitzinean biltzera deitu du Etorkinekin plataformak.
«Arraza diskriminazio larria» salatu du Baionako auzapezak
Flixbus konpainia migratzaileei nortasun agiriak eskatzen ari dela azaldu du Etxegaraik. Giza eskubideen defendatzailearengana jotzekoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu