Politika

Arraunlariaren polemika «'Ayusismo' politikoa» dela salatu du Otegik

EH Bilduk hauteskundeetan lor ditzakeen emaitzekin lotu du koalizioko koordinatzaile nagusiak Urdaibaiko arraunlari batek euskal presoak etxeratzeko helarazitako nahiaren harirako auzia: «'Txapotek bozka zaitzala' da, baina eusko labelarekin».

Arnaldo Otegi, uztaileko hauteskundeen emaitzak aztertzeko agerraldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2023ko irailaren 13a
20:46
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi igandean abiarazi zuten Urdaibaiko arraunlariari lotutako polemikari buruz aritu da SER katean. Otegik salatu du «eztabaida artifiziala» dela, eta «beti» sortzen dituela modu horretakoak «talde editorial berak». Ukatu egin du biktimak iraintzeko izan zirela Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlariak euskal presoen alde eman zuen mezuaren ostean igorri zizkion eskerrak, «zenbait ordezkari politikok iradoki duten moduan». Gogoratu du, iaz ere, «antzeko mezua» bidali ziola Urdaibaiko arraunlariari, hark Kontxako Bandera irabazi berritan euskal presoekin gogoratu zenean. «Orduan ez zen ezer gertatu».

Ikusi gehiago:Analisia. Xabier Martin: 'Arraunlaria, presoak eta bozak'

Zein da bi urteen arteko desberdintasuna, Otegirentzat? «Ika-mika honek hauteskunde kanpainarekin du lotura, ez etikarekin», esan du. Iaz, biktimen elkarte batzuek bere eskerrak salatu zituztela azaldu du, baina biktimekin ez dela eztabaidan sartzen argitu du. «Ez zen egon eztabaida artifizialik, orain bezala».

«Denak ez du balio»

Gertatu den ika-mika politikoa azaltzeko 2024an egongo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei erreparatu behar zaie, EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez: «Saiatzen ari dira EH Bildu hazi ez dadin, inkestek aurreikusten duten moduan. Hazkunde hori oztopatu nahi dute, baina oso bidegabea da iradokitzea txio hori idatzi nuela biktimak mintzeko».

Kritika politikoa «zilegi» dela uste du Otegik, baina, aldi berean, helarazi du «denak ez» duela balio politikan: «Hau ez da onargarria». Eta gogoratu ondoren aurtengo hauteskunde deialdien itzalean koalizioaren aurkako antzeko polemikak egon direla, oharra eman dio PSOEri; uste du «EH Bilduri egiten ari zaiena, Espainian PSOEri egiten diotenaren parekoa» dela: «Ayusismo politikoa da, trumpismoa. 'Txapotek bozka zaitzala' da, baina eusko labelarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.