Arratzua-Ubarrundiko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute, ez daudelako ados Solariaren proiektuarekin

Udalerrian eraikiko den Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoa ezin izan dutelako «geldiarazi» erabaki dute dimisioa ematea. Udalerriko etxebizitzetara bidalitako gutun batean eman dute erabakiaren berri.

Eguzki panel batzuk Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eguzki panel batzuk Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2025eko martxoaren 19a
10:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Arratzua-Ubarrundiko (Araba) EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute, argudiatuta ezin izan dutela «geldiarazi» Eusko Jaurlaritzak eta Solaria enpresak bertan egin asmo duen eguzki parkearen proiektua. Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek gutun publiko bat bidali dute udalerriko etxebizitzetara, erabaki hori hartzera eraman dituzten arrazoiak azaltzeko. Hala, gogorarazi dute 2023ko hauteskundeetara aurkeztu zirenean lehentasunen artean jarri zituztela gizarte zerbitzuak «hobetzea», etxebizitza politika, administrazio batzarretan parte hartzea eta, batez ere, trantsizio energetikoaren inguruko «ikuspegi berri» bat ezartzea.

Bide horretan, azpimarratu dutenez, proiektu asko daude udalerriaren inguruan, eta horietako bat da Vitoria Solar 1. Instalazio fotovoltaiko horrek 49,99 megawatteko gehienezko potentzia izango du, eta 90.000 eguzki panel jarriko dituzte; Arabako Foru Aldundiaren oniritziaren zain dago egitasmoa. «EH Bildu ordezkatzen dugu Arratzua-Ubarrundiko Udalean, baina hainbat herri plataformatan ere aktiboki parte hartzen dugu. Eta kalean eta erakundean lan egin dugu gure herriaren etorkizuna baldintzatzen duen proiektu hau geldiarazteko», adierazi dute. Haatik, nabarmendu dute eguzki parkearen makroproiektua ezin izan dutela «geldiarazi», eta horrek eragin dien «frustrazioagatik» erabaki dutela dimisioa ematea.

Azaldu dutenez, «hainbat eta hainbat ekinaldi eta alegazio» aurkeztu dituzte erakundeetan, baina salatu dute «eskuak lotuta» dauzkatela udalaz gaindiko erakundeek sustatutako proiektuei dagokienez, baita Solariak bezala errentagarritasun ekonomikoa baino bilatzen ez duten enpresei dagokienez ere. Eusko Jaurlaritza ere egin dute horren erantzule, proiektuaren parte delako, «epaile» gisa.

Legealdia amaitzeko «indarrik» gabe

Bederatzi zinegotzi dauzka Arratzua-Ubarrundiko Udalak. 2023ko maiatzeko hauteskundeetan, hiruna zinegotzi lortu zituzten EAJk, Goazen-ek eta EH Bilduk. Blanca Antepara da alkatea, EAJkoa, baina hiru alderdiek osatzen dute udal gobernua.

EH Bilduko hiru zinegotziek oharrean adierazi dutenez, egoera horrek «frustraziora» eraman ditu: «Uste dugu Arratzua-Ubarrundiko Udalean proiektu hau geldiarazteko ekarpen gutxi egin dezakegula». Gogorarazi dutenez, Solariak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako Vitoria Solar 1 proiektua ez da udalerrian egin asmo duten bakarra; are, energia berriztagarriekin lotutako beste hamabost proiektu martxan jarri nahi dituztela jakinarazi dute.

Bederatzi zinegotzi dauzka Arratzua-Ubarrundiko Udalak. 2023ko hauteskundeetan, hiruna zinegotzi lortu zituzten EAJk, Goazen-ek eta EH Bilduk.Alkatea EAJkoa da, baina hiru alderdiek osatzen dute udal gobernua

Hori horrela, EH Bilduko zinegotziek azpimarratu dute ez dutela «indar» nahikorik legealdia amaitzeko. «Gauzak ezin dira horrela egin», ohartarazi dute oharrean. Zinegotzi akta uzteko erabakia hartuz, bistan jarri nahi izan dute ezinbestekoa dela erakundeak elkarlanean aritzea, proiektuak «inposatu gabe», eta bizilagunei ere entzunda. Haien iritziz, energiaren «benetako demokratizaziorantz» aurrera egin ahal izateko, «modu parte hartzailea» sustatu behar da, eta kontrol publikoari eutsi.

Hiru zinegotziek gaur bertan aurkeztu dute dimisioa udalean, eta, aurrerantzean, EH Bilduren zerrendetan aurkeztu ziren hurrengo hirurek hartuko dute euren lekua— Andrea Hierro, Jon Agirre eta Belen Perez dira—.

Oionen ere polemika

Arratzua-Ubarrundikoa ez da azkenaldian energia berriztagarrien inguruko proiektuekin izandako polemika bakarra. Urtarrilean, Oiongo Udalak—EH Bildukoa da alkatea— bide eman zion Labrazako parke eolikoari, 2005etik Araban eraikiko den lehenari. «Behartuta» hartu zuen erabakia. Udalak adierazi zuen proiektua babestu ez arren legez zegoela derrigortuta egitasmoa onestera, eraikitzen hasteko behar diren baldintza guztiak betetzen dituelako proiektuak.

Erabaki hark haserrearazi egin zituen herritar batzuk eta Arabako Errioxa Bizirik talde ekologista. Talde horren ustez, «kontraesana» da batetik proiektu horren alde egitea eta bestetik lurraldea eta natur ondarea defendatzea.

«Iparra galtzea» leporatu diote EH Bilduri

Proiektu Honi Ez plataformak komunikatu bat zabaldu du Arratzua-Ubarrundiko EH Bilduren aurka egiteko. «Bulegoko politika egin eta iparra galtzea» egotzi dio taldeak koalizioari. Otsailaren 26an udaleko osoko bilkuran politikarien eta herritarren arteko «dibortzioa» gertatu zela salatu du plataformak: izan ere, egun horretan onartu behar zuten Arabako Foru Aldundiari eskatzea Vitoria-Solar 1 proiektua ez onartzeko, baina bozketa egunean EH Bilduko hiru zinegotziak ez ziren agertu, nahiz eta aurrez mozioa babestuko zutela esan. «Ulertu behar dugu EH Bilduren zuzendaritza politikoak bere zinegotzien sentimenduari eta konpromisoari buruzko bere irizpidea inposatu nahi zuela, eta aurretik batzordean babestu zuten mozioaren alde bozkatzea eragozten saiatu. Egoera kafkarra», adierazi dute.

Plataformaren ustez, klima aldaketaren legean dago arazoaren muina; hain zuzen, EH Bilduk EAJrekin eta PSErekin hitzartu zuen lege hori 2024ko urtarrilean. Kritikatu duenez, ez dago modurik EH Bildu eta EAJ bereizteko; are, koalizio abertzalea jeltzaleen «marka zuria» bihurtzekotan dela salatu du. Herri plataformak ohartarazi du ez dutela «otzan» jokatuko, antolatzen jarraituko duela eta beste plataforma eta herri batzuekin aliantzak sortuko dituela halako proiektuen aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.