Arrats elkartea saritu du Eusko Jaurlaritzak, «zigortuen bizi baldintzak duintzen saiatzeagatik». Gomez Elosegui saria jaso du elkarteak, Jaurlaritzak antolatutako lehenbiziko Nelson Mandela Egunean. Kartzelan dauden pertsonei eta haien familiei laguntzeaz arduratzen dira elkarteko kideak. Ia 25 urte daramatzate lanean, eta, bidea bakarrik hasi bazuten ere, Eusko Jaurlaritzarekin sarea osatu dute orain.
Jose Mari Larrañaga elkarteko lehendakaria da, eta saria «pozez» jaso dutela onartu du, beren «lanaren aitortza» delako. Erran du kartzelara joaten diren askok nahiz haien familiek ez dakitela zerekin egiten duten topo, eta prozesu horretan laguntza eskaintzea dela beren lana. Funtsean, Larrañagak dio «bazterketa egoeran» daudenekin egiten dutela lan: «Prebentzio lana egiten dugu pertsona batzuk kartzelan ez sartzeko, eta inklusio lanak ere egiten ditugu, kartzela barrutik irteerak prestatzeko».
Irteera horiek eta gero datorrena prestatzea da, bada, Arratsen zeregin nagusietako bat. «Kartzelatik ateratzea kolpe gogorra izaten da batzuentzat: ez dakite zer egin, kale gorrian daude. Kolpe hori otzanagoa izatea da gure elkartearen lana», erran du Larrañagak. Izan ere, askok ez dute familiarik, edo, bertzerik gabe, kanpora irteten direnean laguntzen ahal dien inor. Horregatik, arazoak dituzte edozein tramite egiteko, laguntzak eskatzeko edo informazioa lortzeko. «Horiek denak egiteko haien alboan gaude, kanpokoa ez bada barrutik ondo lotzen arazoak egongo direlako», dio Larrañagak. Azaldu du behar horiek dituzten profil desberdinetako jendearekin egiten duten lana: «Kale gorrian dagoen jendearekin, etorkinekin, etxetik bota behar dituzten pertsonekin...».
Kartzelatik irten eta gero datorrena zer den ongi daki Larrañagak, berak bizi zuelako. Gogoan du atera zenean hainbat pertsonak eta elkartek bere bizitza «bideratzen» lagundu ziotela. Esperientzia hura izan zen elkartearen sorrera definitu zuten gertaeretako bat: Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) hainbat preso ohiek sortu zuten elkartea. Beharrezkoa ikusten zutelako kartzelatik irteten ziren horiek laguntzea.
Eredu berria
Hasierako proiektu hura Gipuzkoan hasi bazen ere, poliki-poliki zabaldu zen. Gaur egun Euskal Herriko bertze hainbat elkarterekin batera egiten dute lan —Gipuzkoako hainbat pertsona bertze espetxe batzuetan daudelako—. Horrez gain, Espainiako erakundeekin ere elkarlanean aritzen dira, ROSEP sarearen baitan. Espetxe ingurunean lan egiten duten 50 elkarte baino gehiago biltzen ditu sare horrek.
Lankidetza zehatzagoei dagokienean, Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari da Arrats, espetxe eredu berria aurrera eramateko. Larrañagak aitortu du proiektua abiatu zutenetik gaur egunera bitarte egoera aldatu dela, baina, hala ere, «jendea inorena ez den lurrean» gelditzen dela. Hortaz, gizarteratzean oinarritutako eredu berria «lehenbailehen» martxan jar dadila nahi dute.
Hori gertatu dadin, elkarteak Jaurlaritza lagundu behar du prozesu osoan. Dena den, beren lanaren zati bat Jaurlaritzaren proposamenei eta erabakiei kritika egitea ere badela gogoratu du Larrañagak. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxe ereduan konpondu daitezkeen zenbait alderdi azpimarratu ditu: «Ikusten dugu jende askok ez lukeela barruan egon behar, kondena txikiak dituztelako. Horiek kanpotik bideratu ahal izatea eskatzen dugu. Horrez gain, buru osasuneko arazoak edo droga menpekotasuna dutenek beren kondenak beste era batera betetzeko aukera izan beharko lukete».
Mandela Eguna
Saria banatzeko ekitaldia atzo izan zen, Mandelaren Egunaren ospakizunaren barruan. Berrehun lagun inguru bildu ziren Donostiako Tabakaleran. Berez, Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna uztailaren 18an da, hala izendatu baitzuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 2015ean. Hala, Jaurlaritzak joan den uztailaren 18rako antolatu zuen Mandela Egunaren lehenbiziko aldia, baina, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak zirela medio, urriaren 2ra aldatu zuten. Egun hori hautatu zuten Mandelaren Egunak bat egin zezan espetxeetako kudeaketaren transferentziaren bigarren urteurrenarekin —Jaurlaritzak espetxe politika 2021eko urriaren 1ean hartu zuen bere gain; beraz, urteurrena herenegun izan zen—.
Gomez Elosegui saria banatu zuten kartzelan dauden pertsonekin lan egiten dutenak omentzeko. Kriminologiaren Euskal Institutuak orain dela hiru urtetik banatzen duen saria da, baina, hemendik aurrera, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak hartuko du ardura hori.
Hala ere, sari banaketa eguneko helburuetako bat bertzerik ez zen, espetxeetan lan egiten duten funtzionarioen lana aitortzeko ere baliatu baitzuten saioa. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpenak egin zituzten, eta biek «ETAren jazarpena jasan zuten espetxeetako funtzionarioen» lana nabarmendu zuten. Horrez gain, Melgosak langile horiei eskerrak eman zizkien: «Eskerrik asko zuen lanagatik eta eusteagatik, nahiz eta bizi izandako egoerak egokiak ez izan».
Arrats elkartea saritu dute, presoekin egindako lanagatik
Nelson Mandela Eguna ospatu du Jaurlaritzak Donostiako Tabakaleran. Espetxeetako kudeaketaren transferentziaren bigarren urteurrenarekin bat egin du ekitaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu