Patxi Arratibel, Iker Moreno eta Miguel Angel Llamas euskal presoak baldintzapean aske geratu ziren atzo. 2011 urtarrilean atxilotu zituzten hirurak, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Ekinen aurkako polizia operazio zabal batean. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Nafarroan egindako operazio horretan beste zazpi lagun atxilotu zituzten, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Hamar atxilotuetatik sei espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Atzo aske geratutako hiru lagunei batu behar zaie operazio berean atxilotutako Gorka Mayo. Mayo asteartean irten zen espetxetik.
Atxilotuta eta polizien esku inkomunikatuta egon ziren egunetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zioten guztiekGrande-Marlaskari. Patxi Arratibelek, adibidez, adierazi zuen atxiloaldian poliziek eginarazi zioten deklarazio batean bere izenaren ondoren aztnugal idatzi zuela: laguntza alderantziz. Epaileari azaldu zion babesik gabeko egoera izugarri horretan laguntza behar zuela adierazteko egin zuela hori.
Polizia operazio berean atxilotuzuten Gorka Mayo, eta salatu zuen inkomunikazio aldian presio psikologikoak, mehatxuak eta galdeketa luzeak jasan zituela. Galdeketak politikoak izan zirela adierazi zuen; besteak beste, egoera politikoaren ingurukoak eta ezker abertzalearen apustuaren ingurukoak. Atxilotua izan aurretik, Txelui Morenorekin batera lan egin zuen Mayok, Nafarroan hauteskundeei begira ezkerreko indar abertzaleen arteko akordio bat lortzeko, eta hainbat bilera eta agerraldi publikotan partehartu zuen.
Iker Moreno, berriz, Ekineko kide izatea leporatuta espetxeratu zuten. Txelui Morenoren semea da Iker Moreno.
Era berean, sarekada horren ostean, Apurtu.org webgunea itxi zuen Espainiako Poliziak, eta atxilotuetako lau laguni webgune hori kudeatzea leporatu zien epaileak. Hiru, aske utzi zituzten, baina akusazio horrengatik urte eta erdi egin behar izan du espetxean Llamasek.
Herenegun, berriz, Ekinekin lotuta 2010eko irailean atxilotutako zortzi lagun aske utzi zituzten baldintzapean: Egoitz Garmendia, Urko Aierbe, Aniaiz Ariznabarreta, Joxe Aldasoro, Rosa Iriarte, Eneko Compains, Erika Bilbao eta Ugaitz Elizaran. Javier Gomez Bermudez epaileak hartu du zortziak aske uzteko erabakia. Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako buru izendatu zutenetik, hark darama Grande-Marlaskak duela bi urte hasitako instrukzioa.
Arratibel, Moreno eta Llamas aske utzi dituzte
Grande-Marlaskak iaz AAM eta Ekinen aurka agintatutako polizia operazio batean atxilotu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu