Arrate Illarok irabazi du Txillardegi-Hausnartu saria

Euskararen normalizazioan diharduten langileen motibazioaren gaineko lan batengatik emango diote saria; bigarren saria Eider Gurrutxagari emango diote, eta hirugarrena, berriz, Oihane Alabari.

Arrate Illaro. BERRIA
Arrate Illaro. BERRIA
arantxa iraola
2024ko azaroaren 26a
16:30
Entzun

Euskal soziolinguistikaren plaza izaten da Txillardegi-Hausnartu saria, Soziolinguistika Klusterrearen urteko jardunbideetako bat, eta jakinarazi dute aurten nork irabazi duen: Arrate Illaro Etxebarriak jasoko du lehen saria, euskararen normalizazioan diharduten langileen «motibazioaren» gainean egin duen lan batengatik. Sari banaketa abenduaren 10ean izango da, Bilbon, Bizkaia aretoan. Bigarren saria Eider Gurrutxagak jasoko du, eta hirugarrena, berriz, Oihane Alabak.

Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentua atxikitzea eta pertsonen motibazioari eustea (faktoreak, indarguneak eta erronkak). Horixe du izen osoa Illaroen lan sarituak. Zer helbururekin egindakoa den jakinarazi dute Klusterreko kideek. «Euskararen normalizazioaren alde sektore publikoan zein sozialean ari diren langileen motibazioari eta talentu atxikimenduari erreparatzen die lan horrek, langileen zaintzaren beharra azpimarratu eta motibazioan eragiten duten aldeko eta kontrako faktoreak argitara ateratzeko».

Ikerketaren arabera, arlo horretan ari diren langile gehienek «bokazioa eta lotura afektiboa» dituzte beren jardunbideari dagokionez. Hala ere, beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, zaintasunak daude «langile kualifikatuei» eusteko, eta ikertzaileak horregatik erreparatu nahi izan dio propio motibazioaren gaiari. Sektorean bertan dauden aldeei ere begiratu die, Klusterrekoek zabaldu duten laburpenean argi agertzen den bezala, aldeak badirelako: «Mugimendu sozialaren eta erakunde publikoen artean zenbait desberdintasun atzematen dira».

Eider Gurrutxaga Larrañagaren lanak hau du izenburua: Partaidetzazko lankidetzak hizkuntza politiken eremuan: 2014-2023 artean Gipuzkoako kasua aztergai. Demokrazia eta gobernantza terminoak usu erabiltzen dira gaur egun, eta, hainbat autorek lankidetzazko gobernantza ebaluatzeko erabilitako neurgailuak oinarri hartuta, ikertzaileak aztergai izan ditu Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoan eragitea helburu duten hiru egitasmo, helburutzat hartuta horien «indarguneak eta erronkak» identifikatzea.

Durangaldeko 16-18 urte bitarteko gazteen euskararen erabilera arau sozialen zokoan. Oihane Alaba Bernaolak egin du lan hori, eta Durangaldeko nerabeen «hizkuntza praktikei» erreparatzen ahalegindu da hartan. Bi ikastetxetan ari diren ikasleak hartu, eta aurrena euskararen «erabilera aitortuaren» berri izaten saiatu da; ondoren, «behaketa etnografikoa» eginda, hiztunek hizkuntza noiz erabiltzen duten identifikatzea izan da helburua.  Lau eztabaida talde ere osatu ditu gazteekin.

2008tik

Soziolinguistika Klusterrak 2008an banatu zituen lehen aldiz Txillardegi-Hausnartu sariak. Aurten berriro nabarmendu dute lehiaketa horren helburu nagusia dela euskal soziolinguistika «teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza» sustatzea. Euskararen soziolinguistikari lotutako ikerketa eta hausnarketa lanak aurkez daitezke.

Sari horien bidez, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoratu eta goraipatu nahi izaten dute, soziolinguistikan —beste hainbat arlotan bezala— ekarpen handia egin zuelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.