Hilketaren berri jakin zenean, Poliziak azkar ukatu zuen horren atzean zio politikorik egon zitekeela. Egun gutxira, Italiako eskuin muturreko webgune batean hitz hauekin jaso zuten gertaera: «Sergio Calore salatzailea hil da». Bere etxean, lepoa moztuta aurkitu zuten Calore, iazko urrian. Gertaera ez da oraindik argitu.
Biktima Italiako Justiziaren lekuko babestua zen, segurtasun neurri handiekin eta identitate faltsu batekin bizi zen. 60ko hamarkadan Italia ezegonkortzen saiatu ziren eskuin muturreko taldeekin harreman zuzena izan zuen. Egindakoaz damutu, eta 90eko hamarkadan justiziarekin kolaboratzen hasi zen Calore, eta haren eta beste batzuen deklarazioetan oinarrituta, epaileek hainbat ikerketa abiarazi zituzten. Horietako batek Euskal Herriarekin zeukan lotura, Italiako neofaxistek ETAren errefuxiatuen aurka Ipar Euskal Herrian egindako atentatuekin hain zuzen ere.
Espainiako Justiziak ez zuen arreta berezirik jarri sumario horretan, eta ez zuen Italiako Justiziarekin kolaboratu, harik eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA pm-ko kidea desagertueta 30 urtera ekoitzitako dokumental batek ahazturatik berreskuratu zuenera arte.
2007ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Angel Amigok Deabru guztien urtea. Film hartan azaleratu zen Italiako neofaxistek, Espainiako zerbitzu sekretuekin elkarlanean, Pertur bahitu izan zezaketen hipotesia. Perturren familiak ez zuen begi onez hartu dokumentala —uste baitu ETAk bahitu eta hil zuela Pertur—, baina, hortik abiatuta, hipotesi hori ikertzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta halaxe egin zuen Fernando Andreu epaileak.
Ikerketa hark Italiaraino eraman zuen Andreu, hiru laguni deklarazioa hartzera. Sergio Calore eta mugimendu neofaxistan kide izan zuen Angelo Izzo izan ziren lehenak. Calorek azaldu zuen garai hartan etxe bat zutela Bartzelona inguruetan ETAko kideen bahiketak prestatzeko, bahituak torturatzeko eta desagerrarazteko. Izzok, berriz, epaileari esan zion garai hartan Italiako neofaxisten buruetako batek, Luigi Concutellik, ETAko kide baten bahiketaren berri eman ziola. Hark kontatu zionez, 70eko hamarkadan ETAko kide bat bahitu, narkotizatu eta Espainiako Informazio Zerbitzuen eskuetan utzi zuen. Etakide hura Pertur izan daiteke, 1977ko otsailean Concutelli atxilotu zutenean ordura arte desagertutako ETAko kide bakarra Pertur zelako—1976ko uztailaren 23an desagertu zen—. Izzok emandako haritik tiraka, Concutelliri deklarazioa hartu zion Andreuk. Baina haren deklarazioak ez zuen ezer argitu, ez zela ezertaz gogoratzen esan omen zion.
Epaileak Italian zehar eginiko ibilbideak, baina, utzi du arrastorik. Eta Angel Amigok hipotesi hori dokumentatzen jarraitzen du. Hala, Sergio Caloreren hilketatik abiatuz, beste film bat ekoitzi du —Calore kasua—, Perturren desagertzean eta Italiako neofaxistek 70eko hamarkadan hainbat herrialdetako zerbitzu sekretuekin izaniko harremanean sakonduz. Era berean, Pertur desagertu zenean argitu gabe geratu ziren hainbat gertaera uzten ditu agerian.
Ia 35 urte pasatu dira. Eta Amigok badaki desagertzeak argitzeko aurreneko 24 orduak direla garrantzitsuenak. Orainean, baina,iraganaren arrastoak mantentzen dira. Calore lekuko.
'Pertur auzia'. Eginbide berriak
Arrastoa ez da desagertu
Espainiako zerbitzu sekretuen aginduetara Italiako neofaxistek Pertur bahitu zutela dioen hipotesian sakondu du Angel Amigok film batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu