Ekainaren 10eko giza katea. Elkarrizketa. Angel Oiarbide. Gure Esku Dago-ko bozeramailea

«Arrasto garrantzitsua utziko du mobilizazio honek aurrera begira»

Apustu handia egina du Gure Esku Dago-k igande honetarako, 202 kilometroko giza kate bat antolatu baitu. B aikor dago Angel Oiarbide eleduna. Erabakiaren bidean «bultza» egiteko eskatu die herritarrei. Bideoa albistearen amaieran.

JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Andoain
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gaur bete ditu bost urte Gure Esku Dago herri dinamikak. Hasieratik dago han Angel Oiarbide (Beasain, Gipuzkoa, 1974), eta uste du «une berezia» dela hau. Igandeko giza katean parte hartzera dei egin du.

Giza kate hau beste mobilizazio bat da ala badu berezitik?

Ez da bat gehiago, ez da beste bat. Une berezi batean gaude, eta aro berri bati hasiera emateko mugarria izan daitekeen mobilizazio bat da hau. Herritarrak sintonia horrekin bat egiten ari dira.

Gutxienez ehun mila lagun behar direla diozue; 2014koan 150.000 egon zirela azaldu zenuten. Izan dira antzeko mobilizazio batzuk Euskal Herrian. Proportzioan, Kataluniako prozesukoetatik urrun daude zifrok; 400.000 lagun inguru beharko lirateke.

Hau ez da esprint bat. Katalunian, kopuru horiek lortu aurretik, izan ziren 50.000 laguneko manifestazioak; arrakastatsuak ziren. Gero heldu ziren milioi eta erdi batera, faktoreak faktore. Joan den martxoaren 8an, mobilizazio erraldoi bat izan zen Euskal Herrian; aurretik ez zen halako jendetzarik bildu. Izan ziren mobilizazio txikiagoak, baina ezinbestekoak denak. Guk lehen giza katean ez bagenitu 150.000 lagun bildu, ez ginatekeen gai izango egitasmo batzuk egiteko. Dudarik ez mobilizazio handi honek arrasto garrantzitsua utziko duela aurrera begira.

Donostia-Bilbo-Gasteiz…

...Baina ez da EAEko giza kate baten moduan hartu behar. Euskal Herri mailakoa da.

Aurkezpenean esan zenuten kontuan hartu dituzuela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baldintzak eta testuingurua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estatus politikoaz eztabaida instituzional bat egiten ari dira. Nafarroan ez, eta horrek eragina du mobilizazio handi bat antolatzean. Ipar Euskal Herrian, zer esanik ez. Herrialde bakoitzeko Gure Esku Dago-k erabaki du zer egin eta zer ez. Nafarroan erabaki dute hobe dela fokua orain eztabaida instituzionala izaten ari den lekuan jartzea. Dena dela, nafarrek ekinbide propio bat egin zuten duela hiru aste, eta ekainaren 10erako deialdia zabaldu zuten.

Urkullurekin bilera egin zenuten urtarrilaren 25ean, giza katea aurkeztear zinetela. Ondo?

Orain bost urte, Gure Esku Dago aurkeztu zenean, eragile batzuek errezeloak zituzten. Normaltzat hartzen genuen. Ordura arte, erabakitzeko eskubidearen aldeko lanketa alderdi politikoen mailan egiten zen. Guk uste dugu errezeloena gainditu dela, eragile gehienek ikusi baitute zein den gure jarrera: eraikitzailea. Urkullurekin sortu ginenetik egon gabe geunden; bilera eskatu genion abenduan, eta eman zigun, urtarrilerako. Oso ondo joan zen.

Barkosi eskatu al diozue?

Orain eskatuko diogu.

Etxegarairi?

Eskatzekoak gara.

EAEn, giza kate hau EAJren eta EH Bilduren estrategietan txertatzen al da?

Bai, dudarik ez. Baina duela zortzi bat hilabete hasi ginenean giza kateaz hausnartzen, ez zegoen garbi hori. Gure Esku Dago baldintzak sortzeko eta eragiteko dago. Herritarrok badugu gaitasun hori.

Ondo al doa Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordea?

Aurrez ezarritako egutegia betetzen ari dira, eta, gauza batzuetan, azkartu egin dute. Errespetuz ikusten dugu haren lana, baina begirale gara, interesa dugulako gure instituzioetako eztabaidez.

Zer aterako dela espero duzue?

Euskal gizartean dagoen sintoniaren araberako adostasunetara iritsi beharko lukete. Hemendik 400 kilometrora [Madrilen] izugarrizko zalaparta dago, eta, aurrerapausoak baino gehiago, atzerako pausoak emateko asmo osoa. Herri honetan ziklo bat ixteko baldintzak osatzen ari dira, eta aro berri bat ireki nahi dugu, demokrazian eta balio demokratikoetan oinarritua; hau da, herritarren borondatea aintzat hartuta.

Nola neurtu borondate hori?

Hauteskundeak dira mekanismo bat. EAEko azkenekoetan, lehen hiru indarrek erabakitzeko eskubidea defenditzen dute, eta legebiltzarraren %75a osatzen. Bestetik, azken bost urte hauetan ikusi da erabakitzeko eskubideak metaketa handia eragiten duela.

Galdeketekin bai? 2014an egin zen aurrena. Luzatzen ari al da?

Kulturalki gertatzen zaigu emaitzak segituan nahi ditugula. Antsietatea dago. Herri honek zerbait egin nahi badu, edo berreskuratzen du luzerako perspektiba, edo epe motzeko labirintoetan sartuko da. 2014an, Gure Esku Dago-n sei hilabeteko hausnarketa prozesu bat abiatu genuen, mahai gainean paper zuri bat jarrita. Hiru fase atera ziren handik : ehuntzea, adostea eta erabakitzea. Eskema horri jarraituz, 203 udalerritan egin dira herri galdeketak, eta bakoitzak bere prozesua du: lantaldea sortu Katalunian ez bezala, protokoloa… Denbora eskatzen du, beraz.

Eta gustura emaitzarekin?

Bai. Euskal Herriaren biztanleriaren ia heren batera heldu dira galdeketak, eta batez besteko parte hartzea %23,8koa da.

Gai hau ez da oraingoa. Erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta, Ibarretxek Eusko Legebiltzarrean 2002an aipatu zuen aurreneko aldiz «itun berria» egin behar zela Espainiarekin.

Joan gaitezke duela 800 urtera, 500 urtera… Katebegi bat da. Hau ez zen Ibarretxeren planarekin sortu, edo Gure Esku Dago-rekin. Segituko du, eta herritarroi dagokigu bultza egitea. Horretarako garaia da. Hurrena noiz egin bultza? Igandean, eta bereziki.

Madrilek atea jartzen du.

Kontua da zenbateko indarra metatzen dugun atea gainditzeko.

Ba al dago horretarako gaia?

Gaitasuna badago. Pausoak eman behar dira norabide horretan. Katalunian jabetu ziren. Hau maratoi bat da, baina batzuetan esprinta jo behar da, eta giza kate honekin jo beharra dugu, adibidez.

Hiriburuetan eragiteko apustutzat har al daiteke igandekoa?

Hiru hiriburu harrapatzen dituela da mobilizazio honen beste balio bat. 2014koak bat harrapatu zuen [Iruñea], eta kilometro asko mendietan eta lautadatan ziren, jende gutxi bizi den lekuetan. Orain, jende gehien bizi den lekuetara eraman dugu giza katea. Bilbo aldean 900.000 lagun bizi dira, euskal herritarron ia heren bat. Hiriburuetan eragin egin behar dugu, eta seguruenik haietan fruituak emango dituzten prozesu batzuk hasiko dira hilaren 10etik aurrera.

Zergatik eta zertarako erabaki saioak beste pauso bat izan dira?

Herritarron Itunarekin beste dimentsio bat eman diogu honi. Printzipio demokratikoa da erabakitzeko eskubidea, baina erabakitzeko arrazoiak ere azaldu dira. Ongizatean, kulturan, herritartasunean eta lurrean bildutako arrazoiak Euskal Herriko hiru instituzioetara eramateko asmoa dugu.

Herri Ituna ere egin nahi duzue.

Egiten ari gara. Baina seguruenik ez da izango argazki bat, ordezkari pila bat mahai baten inguruan. Fokuak Euskal Herria jarri behar dira. Erantzunak eta irtenbideak ez zaizkigu kanpotik etorriko.

Iragarria duzue Gure Esku Dago-k ziklo bat amaituko duela aurten. Gero, zer?

Ziklo hau amaitzeak ez du esan nahi Gure Esku Dago-ren ibilbidea amaituko denik. Bukatu egingo da maratoi luze honetako lehen zikloa, bost urteko ziklo naturala. 2019an Hegoaldean hauteskundeak datozenez, etxeko lanak eginda izan behar ditugu lehenago.

Dinamikak noiz emango luke bukatutzat ibilbidea?

Euskal herritarrek euren etorkizun politikoa libreki erabakitzeko baldintzak eta oinarriak sortzea da Gure Esku Dago-ren funtzioa.

[youtube]https://youtu.be/nGcl0tFWgLw[/youtube]

Zapia, eskuetatik lepora

BERRIAk luze eta zabal emango du igandeko giza katearen berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.